Johnson: «Ikerketaren ondorioak jakin arte itxaron behar dugu»

Erresuma Batuko lehen ministroa oposizioaren kritikak saihesten saiatu da Downing Streeteko festen aferan. Zenbait diputatu tory hasiak dira babesak biltzen gobernuburua kargutik botatzeko

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Komunen Ganberara bidean. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Komunen Ganberan oposizioaren kritikei erantzutean, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak gutxienez hamar aldiz esan du itxaron hitza. Pazientzia eskatu du, edo, beste modu batera esanda, denbora irabazi nahi izan du, jakitun baitago pandemia garaian Downing Streeteko 10.ean eginiko festek eta horietan parte hartu izanak kolokan jarri dutela bere etorkizun politikoa. «Festen ikerketaren ondorioak jakin arte itxaron behar dugu», errepikatu die behin eta berriz parean izan dituen diputatuei.

Johnsonek ez du amore eman oraindik, eta sentipen hori helarazi zuen atzoko saioan. Itxuraz behintzat, konfiantzaz beteta agertu zen, eta herritarrei eskerrak eman zizkien pandemian harturiko erabakiak errespetatzeagatik. «Horregatik gara azkarren hazten ari den ekonomia. Eskerrak ematen dizkiet egindako sakrifizioengatik. Guk [Alderdi Kontserbadoreak] hori egiten dugu: ekonomia mugitu, eta lanpostuak sortu», esan zuen lehen ministroak. Ingalaterran neurri murriztaile batzuk bertan behera geratuko direla baieztatzeko ere baliatu zuen tartea; agian, haren inguruko harrabotsa aldentzeko helburuz.

Keir Starmer Alderdi Laboristaren buruzagi eta oposizioburuak, ordea, ez zion jarraitu bide horri, eta behin eta berriz egin zien erreferentzia Johnsonek festez esandakoei eta hark emandako barkamenei. Gustura zegoen: «[Lehen ministroa] Ez da gai herrialdeak merezi duen lidergoa eskaintzeko. Alderdi Laborista aldatu egin da, baita kontserbadorea ere».

Saioak irudi esanguratsu bat utzi zuen: ministroak ahalik eta soinu handiena egiten saiatu dira Johnsonek adierazpen bat egiten zuen bakoitzean, baina atzean zituzten diputatuak, gobernuan kargurik ez dutenak, nahiko isilik egon ziren. Horietako batek,brexit-erako ministro izandako David Davisek (2016-2018), egin zuen adierazpenik entzutetsuena: «Jainkoaren izenean, joan zaitez».

Johnsonek iragan asteazkenean aitortu zuen berak ere parte hartu zuela lehen konfinamenduaren garaian Downing Streeteko 10.ean eginiko festa batean, 2020ko maiatzean; hori bai, argudiatu zuenez, «nahasketa baten» ondorio izan zen, uste baitzuen«lan kontu bat» zela. Hau da, orduan ez zekiela —bere gobernuak finkaturiko— arauak urratzen ari zela; esan zuen «bihotzez» sentitzen zuela gertaturikoa.

SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren Komunen Ganberako buruzagi Ian Blackfordek ere hizpide izan zuen gertakari hori atzo: haren hitzetan, «inork» ez du sinisten lehen ministroak ez zekiela «zertan» ari zen. «Uste du arauen gainetik dagoela», kritikatu zuen Blackfordek.

Iaz ere bai

Festen auzia handituz joan da asteotan, Erresuma Batuko hedabideek gerora jakinarazi baitzuten ohikoak izan zirela 2020ko maiatzetik hona; tartean, Elisabeth II.a Erresuma Batuko erreginaren senarraren hiletaren bezperan, iazko apirilean, eginiko bi. Johnsonek barkamena eskatu behar izan dio hari ere.

Horrek guztiak, ordea, ez dio askorako balio izan gobernuburuari, haserrea gero eta handiagoa baita herritarren eta diputatuen artean; inkestei begiratzea besterik ez dago, gehienek uste baitute agintariak dimisioa eman behar duela.

Ordezkari politikoetako asko, gainera, beldur dira 2019an lorturiko aulkiak galduko ote dituzten—batez ere Ingalaterra iparraldeko horma gorria barruti multzokoak—, eta horregatik nahi dute buruzagi torya eta gobernuburua berehala aldatzea.

Oraindik ez dago argi zenbat diputatu kontserbadorek aurkeztu dituzten konfiantza mozio bat sustatzeko gutunak, baina gutxiengo 54etatik gertu leudeke, eta, kopuru horretara iristean, Johnsonen etorkizunaz erabakitzeko barne prozesu bat hasiko lukete. Gauza bera gertatu zen 2019an Theresa Mayrekin: bozketa irabazi zuen arren, gerora dimisioa eman zuen, ez zuelako lortu brexit-ean aurrerapausoak ematea.

Zenbait ordezkari Johnsonek aipaturiko ikerketaren ondorioen zain daude gutun horiez erabakia hartzeko; Sue Gray funtzionarioa COVID-19aren pandemian Downing Streeteko 10.ean izandako festak ikertzen ari da, eta horri buruzko ondorioen berri goiz jota etzi emango du, eta beranduenez datorren astean. Bestalde, Christian Wakeford diputatuak atzo jakinarazi zuen Alderdi Kontserbadorea utzi eta Alderdi Laboristara pasatu zela —toryek gehiengo osoa dute oraindik—.

Johnsonek ez badu dimisioa ematen edo alderdikideek ez badute kargutik botatzen, maiatzean etor liteke hurrengo krisi politikoa. Izan ere, tokiko hauteskundeak egingo dituzte hilabete horretan, eta baliteke asteotako eztabaidak eragina izatea emaitzetan, eta kontserbadoreek kargu publiko asko galtzea. Inkestak hori iradokitzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.