Euskal taldeak, liga hasierari begira. Athletic. Oscar De Marcos. Athleticeko jokalaria

«Garbi dugu indartsu hastea dela sufrimendua eragozteko modua»

De Marcosek ez ditu ahaztu iragan denboraldi hasierako komeriak, eta halakorik berriz ez gertatzea du lehentasuntzat. Bide horretan, denboraldi-aurre onak konfiantza eman dio. Hamargarren urtea du taldean, eta beteranoen multzoan sartu du bere burua.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko abuztuak 16
Solas atseginekoa da Oscar De Marcos (Guardia, Araba, 1989). Edukazio onekoa, umoretsua... eta apal mintzo da, hots, jende askok futbolariei buruz duen estereotipotik aldentzen da. Elkarrizketa euskaraz egitea proposatuta, barkamena eskatu du. «Nik B ereduan ikasi nuen, eta arazorik gabe ulertzen dut euskara. Telebista eta irratia, esaterako, ulertzen ditut, baina hitz egitea kosta egiten zait».

Liga hastear dago. Ba al duzu tximeletarik urdailean?

Beti daude hor. Oso zaila da liga hastera zoazenean tximeletak ez izatea. Hogei urte eginda ere hor egongo dira, eta ona da, tentsioan zaudela esan nahi du. Errusiar mendian ibiltzea bezala da, badakizu zerbait badatorrela, eta kilimak sumatzen dituzu.

Duela gutxira arte ez zenekiten noiz jokatuko zenuten lehen partida. Badirudi Ligak seriotasun txikia izan duela.

Munduko ligarik onena dela dioten horretan, astebete lehenagora arte ez jakitea partidak noiz jokatuko diren... Normala da jendeak irudi hori izatea buruan. Adar jotze itxura izan du.

Astelehenetako partidak kendu dituzte, eta zaleek gustura hartu dute. Zu, gainera, zaleen talde bateko buruaren semea zara. Zein iritzi duzu zuk?

Ulertzen dut zaleen poza. Halako gaietan, zaleari ilusioa egiten dionak guri ere ilusioa egiten digu. Gu, azken finean, hotel batean sartzen gara, eta asteburuan ez dakigu zein egunetan bizi garen, ezin dugulako gozatu. Baina nabaritzen dugu estadiora joaten garenean, nabaritzen dugu beteta dagoen ala ez, festa giroa dagoen ala ez... Eta astelehenetan, normala denez, gutxiago dago. Zaleak lanera joan behar du hurrengo egunean, edo lanetik dator. Zale batzuk urrundik datoz, eta astelehenean bidaiatzea deserosoa da.

Zer moduz joan da denboraldi-aurrea?

Ondo; ondo sentitu gara. Azken bi asteetan partida asko jokatu ditugu, emaitzak onak izan dira, eta neurketa garrantzitsuetan sendo aritu gara, lehiakor.

Gogorrak al dira denboraldi-aurreak?

Tira, zerekin alderatzen duzun, horren arabera dira gogorrak.

Guardian mahats biltzen ari den bati galdetuta?

Hilabete barru hasiko dira, eta, argi dago harekin, edo edozein nekazari lanekin, alderatzen badugu, gurea ez dela batere gogorra. Baina bakoitzak berea bizi du, eta, guretzat, denboraldiko zatirik gogorrena da.

Mahatsa biltzen ibilitakoa zara?

Bai, noski! Osabak upategia du, baita lursail propioa ere. Aitak ere mahastia zuen. Ni jaio nintzen inguruan jaio eta inoiz mahats biltzen ibili ez denak zorte handia izan du. Zuk mahastirik ez baduzu, ez da arraroa zure inguruko norbaitek izatea, eta mahatsa bildu izana oso ohikoa da. Nik ez dut bildu nire lagunek adina; hori badiot haiek esango dute: «begira lotsagabe hau!», baina urte pare batean egokitu zait mahatsa biltzea.

Mahatsa bildu duen futbolari bat. Orain ez zaituzte deituko.

Nik esango nuke Gurpegik ere badakiela zer den mahatsa biltzen ibiltzea. Dena den, gaur egun, oso arautua dago, laguntzera lehen graduko familiakoak joan daitezke bakarrik. Harrapatzen bazaituzte arazoak izan ditzakezu.

Sorotik irten eta zelaira itzulita, nola dago taldea?

Ondo. Garbi dugu indartsu hastea dela sufrimendua eragozteko bidea. Iragan sasoian, asko sufritu genuen. Gero, ahaztu egin zen, bukatu genuen moduagatik, baina abendura arte egoera oso zailean egon ginen, jaitsiera postuetan.

Zer ikasi zenuten?

Arriskuan egotea zer den. Zaildu egiten zaituzte horrelakoek. Ni beteranoetako naiz orain, baina egoera hori bizi izan duen jende gaztea edukitzea eta irteten asmatu izana ikasketa prozesu ona da. Esperientzia bat da berriz ere egoera berean egotea saihesteko.

Nola gogoratzen duzu? Taldean beldurra sumatu al zenuen?

Nik, pertsonalki, beldurra izan nuen. Dinamika txarra zen, gauzak beti azken unean okertzen ziren, eta beti zirudien okertuko zirela. Ezkortasun gurpil bat zen, eta bazirudien zaila izango zela buelta ematea. Guztiok sufritu genuen hemen, beteranook agian gehiago. Orduan taldean gaztetasuna izateak mesede egin zigun; haiek, oharkabean agian, beste modu batera ikusten zuten egoera, eta haiei esker eman genion buelta.

Bilbon, behintzat, nabaria zen.

Normala da, aurretik urte on asko izan genituen. Horrelakoak ahaztuak genituen. Hori nabaritu zen Granadaren aurkako penaltian, azken minutuan. Nire inguruko zenbaitzuek, zelaian zeudenek, ez zuten penaltia ikusi. Ezin zuten begiratu ere egin, eskuak aurpegian, buelta emanda... Noiz ez duzu penalti bat ikusi nahi? Gauza handi bat irabazteko aukera duzunean edo galtzeko asko duzunean. Gauzak lasai badaude, beti ikusiko duzu penaltia. Eta Adurizek sartu zuenean, tamaina horretakoa izan zen ospakizuna, liberazio moduko bat.

Gero etorri zen presidente aldaketa. Gorabehera askoko denboraldia izan zen.

Bai. Entrenatzaile aldaketa ere hor egon zen, aspaldian gertatu gabeko gauza bat. Baina entrenatzailea aldatu genuen, eta mesede egin zigula uste dut. Ez diot Berizzok lan egin ez zuelako, hark eta haren laguntzaileek inork baino lan gehiago egin zuten, baina ez genuen lortu zelaian islatzea haiek eman zigutena. Garitanok berehala asmatu zuen teklarekin, bere modua gure egin genuen, eta goraka hasi ginen.

Zer moduz taldearen barne egitura berriarekin? Presidentea, kirol zuzendaria...

Gu hemen sartuta gaude, eta gutxien ohartzen garenak gara. Gurea gutxi aldatu da. Guk lanaren gure zatia egiten dugu, klubaren barruan, eta beste guztirako daude presidentea eta zuzendaritza.

Zer jartzen du Garitanoren eskuliburuan?

Zelai gaineko ordena oso gustuko du. Gu beti ondo kokatuta egotea nahi du, eta, gero, baloia lapurtzen duzunean, kokapen horrek eraso egiten laguntzen dizu. Garitanok duen futbol ikuskera, esaterako, Berizzok zuenaren ezberdina da. Asko lantzen dugu hori. Partidetan ikusi da ondo estutzen dugula, tokia galdu gabe, bat eginda. Berak ideiak oso garbi ditu, eta, galdetuz gero, ez du zalantzarik.

Zuri non dagokizu jokatzea sasoi honetan?

Denboraldi-aurrean atzeko lerroko eskuin hegalean jokatu dut, besteak beste, Lekuek min hartu duenez, Capa eta biok geundelako bakarrik. Pare bat aldiz probatu nau erdiko lerroan, uste dut hor ere nahi duela... Tira, garrantzitsuena tokia izatea da.

Lehia duzu Caparekin?

Bai, lehia gogorra. Capa oso ondo dago, erakutsi zuen iragan denboraldian. Garitano etorri zen, konfiantza eman zion, eta Capak ondo erantzun zuen. Sasoi bikaina egin zuen. Lehia polita dugu, osasuntsua. Nik harreman oso ona dut berarekin.

Hamar urte daramatzazu taldean. Beterano dei zaitzakete?

Bai, zergatik ez? Gazteen mentalitatea dut, baina errealitatea beste bat da. Adinari dagokionez, beteranoen multzoan nago.

Gazteagoek galderak egiten al dizkizute?

Harreman ona dugu talde barruan. Galdetzen dute, guk beraiei galdetzen diegun bezala. Nik uste dut egungo gazteria ezberdina dela guk 18-20 urte genituenekoarekin alderatuta. Besterik gabe gizartea aldatu delako. Nik 18 urteko arreba bat dut, eta nabaritzen dut belaunaldi jauzia. Nik beste jokaera bat izaten nuen, ez hobea ez okerragoa, ezberdina, besterik ez. Sare sozialak, aisia aukerak, bideo jokoak... ezberdina da. Williams dut logelakidea, eta batek bestea eguneratzen du.

Zure garaian, aldagelan sartu, izkina batean eseri, eta isil-isilik egoten zineten?

Ezberdina zen. Lehen, lotsatiago sartzen zinen. Baina hori ere ona da futbolean, zelaian ausartago izaten laguntzen die.

Lehen esan duzu iragan sasoian mesede egin zizuela horrek?

Bai, hala da, niri, Iñaki Williamsek lagundu egin zidan maila pertsonalean. Ni beharko nukeen baino ezkorrago nengoelako. Bera, aldiz, beti baikorra da.

Beteranoei buruz ari garenez, Adurizek iragarri du erretiroa hartuko duela. Sinetsi egin beharko zaio.

Esan duenerako, garbi ikusten duelako da. Noizbait hartu beharreko erabakia zen, gezurra dirudi, baina bizilegea da. Berak uste du bere garaia iritsi dela, eta guk erabakia errespetatuko dugu.

Zer moduz ikusi duzu udan?

Ondo. Ez du arazo fisikorik izan. Bera da bere burua hobekien ezagutzen duena; badaki noiz gelditu behar duen, noiz estutu.

Susaetak eta Iturraspek taldea utzi dute. Nabaritzen al duzu haien hutsunea?

Bai, lagunak dira. Hamar urteak egin ditut biekin, nire belaunaldikoak dira. Une asko bizi izan ditut eurekin. Hutsunea nabaritzen dut egunerokoan. Baina futbola horrelakoa da, erabaki pertsonalak dira, eta elkar ikusten jarraituko dugu.

Gaur, Bartzelona dator.

Oso talde ona du, eta, gainera, indartu egin da: Griezmann, De Jong... Jokalari oso onak dira, baina 11k bakarrik jokatzen dute, eta guk indartsu izan nahi dugu San Mamesen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna