Jacques Chirac

Frantziako eskuinaren berpiztailea

Mitterrand sozialdemokrataren hamalau urteko agintea bukatu zuen Chiracek, eta hamabi urtez eutsi zion presidentetzari. Auzitegi batek zigortu zuen Frantziako lehenbiziko estatuburu ohia izan zen.

mikel rodriguez
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Jacques Chiracen sendiaren zati batek Frantzia erdialdeko Sainte-Fereole herrian zuen jatorria. Hango zinegotzi aukeratu zuten Chirac, 1965ean. «Aukeratu nindutenean, 32 urte nituen, eta berehala egin nintzen gobernuko kide», kontatu zion Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroari, biak haien herrialdeetako agintari zirenean elkarrekin egin zuten bilera batean. «Ordutik, betirako gelditu naiz. Gobernuak aldatu egin dira, baina ni betirako gelditu naiz, altzariak bezala». Bigarren Mundu Gerraren ondoren boterean urte gehien egin zituen presidente eskuindarra izan zen Chirac, eta haren aitzinetik luzeena izan zen aldia, François Mitterrand sozialistarena, bukatu zuena. Hamabi urte egin zituen agintean, eta eskuinak bertze bortzez eutsi zion botereari. Nazioartean Frantziaren eragina nabarmendu nahi izan zuen, EB Europako Batasunaren erreforma prozesuan lidergoa aldarrikatuta eta Irakeko gerraren aurka posizionatuta. Ustelkeria auzien itzalpean igaro zituen bizitzako azken urteak. Atzo zendu zen, 86 urte zituela.

Chirac 1932an jaio zen, Parisen. Ez zuen anai-arrebarik. Gaztetan, Aljeriaren independentziaren aurka zegoen, eta armadarekin boluntario joan zen borrokara, 1956an —zauritu egin zuten aurpegian—. Itzultzean, ENA Administrazioko Eskola Nazionalean ikasi zuen, Frantziako politikari eta funtzionario anitz hartzen dituen eliteko eskolan. 1995eko hauteskundeak irabazita lortu zuen presidentetza, hirugarren ahaleginean. Estatuko buruzagitza izan aitzinetik ere kargu garrantzitsuak edukitakoa zen; bertzeak bertze, birritan lehen ministro izan zen (1974-1976 eta 1986-1988), eta Parisko alkate (1977-1995).

Chiracen garaipena Europako sozialdemokraziaren lehenbiziko galera handia izan zen Gerra Hotzaren ondorenean, Italian urtebete lehenago Silvio Berlusconirenak eman zuen abisuaren ondotik. Chirac hamabi urtez egon zen boterean. «Gizarte haustura» eragozteko mezuari esker lortu zuen presidentetza, Mitterranden agintaldi bukaeran sozialdemokraten politika ekonomikoak herritarren artean sortu zuen haserrea zela eta. Langabezia tasa jaistea lortu zuen, baina lana prekarizatzearen truke. 1997an, legebiltzarra desegitea erabaki zuen, baina haren alderdiak porrot egin zuen bozetan. Lionel Jospin sozialista izendatu zuten lehen ministro, eta Chiracek berak Mitterrandekin 1986-1988 artean eratu zuen aginte mistoaren antzeko bat sortu zen.

Sozialdemokraziaren krisi eta Chiracen ospe galera horren ondorioa izan zen Jean-Marie Le Pen FN Fronte Nazionaleko liderra 2002ko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulira pasatzea. Hortaz, eskuin muturraren hazkundean ere aitzindari izan zen Frantzia. Chiracek, baina, nagusitasun osoz irabazi zuen aukeraketa horretan (botoen %82). Horrek eta 2003an Irakeko gerraren aitzinean erakutsitako jarrerak sendotu egin zuten haren lidergoa.

Irakeko inbasioak gaitzespen handia sortu zuen mundu osoan, eta Chiracek uko egin zion Azoreetako Hirukoa babesteari —George W. Bush AEBetako presidentea, Blair Erresuma Batuko lehen ministroa eta Jose Maria Aznar Espainiako presidentea—. «Gerrara bakarrik joan zaitezke, baina bakea ezin duzu bakarrik sortu», erran zien 2003ko G8an Bushi eta Blairri.

2005ean, bihotzeko arazoak izan zituen, eta, 2007an, agintaldia bukatzean, berriz ez aurkeztea erabaki zuen. Nicolas Sarkozy Barne ministro izandakoak hartu zuen ondorengotza. Erran liteke Chiracen arazo handienak orduan hasi zirela, ustelkeria auziak argitara ateratzen hasi baitziren. Kasu batean zigortu zuten, 2011n. Parisko alkate zenean fikziozko enpleguak sortuz diru publikoa desbideratzea egotzi zioten. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez zuten kartzelan sartu. Frantziako presidente ohi bat zigortu zuten lehenbiziko aldia izan zen. 2014an, haren abokatuak jakinarazi zuen Chiracek ez zuela gehiago jendaurreko ekitaldietan parte hartuko.

Euskal departamenduari, ez

Chirac agintera heldu zenean, Ipar Euskal Herrian azkar zegoen aldarrikapen bat zen soilik hiru lurraldeek osatuko luketen departamendu bat sortzea, Pirinio Atlantikoetakotik bereizita. Euskal Herriari aparteko ezagutza onartzearen aurka agertu zen Frantziako presidentea. Adierazi zuen departamendu hura eratzea Euskal Herriaren «interes ekonomikoen aurka» zihoala. Haren iritziz, ez zen «euskal kulturaren ezagutzarako biderik hoberena». Beldur zen Hegoaldeko eta Iparraldeko lurraldeak batuko lituzkeen «euroeskualderako eta independentziarako urrats gisa» erabiliko zutela abertzaleek.

Chiracek presidentetza hartu zuenean, gatazka armatu betean zen Euskal Herria. Lehendik esku hartu zuen gatazkan, lehen ministro izan zenean ezarri baitzuen Frantziako Gobernuak HegoEuskal Herriko errefuxiatuak kanporatzeko politika. Hurrengo hamarkadan, Chirac Eliseora ailegatu eta urtebetera, Aznar Moncloara ailegatu zen. Azoreetako argazkiarekin ez bezala, Euskal Herriarekiko politikan erabateko sintonia erakutsi zuten bi agintariek. Chiracek ETAren kontra jarduteko elkarlana indartu zuen Espainiarekin, eta, 2003ko azaroan, Carcassonneko batzarrean, elkarlan polizial eta judizialerako akordioa sinatu zuten bi herrialdeek. Harekin, estatu bateko zein bertzeko poliziei albokoan jarduteko aukera aitortzen zitzaien.

Chiracek ez zuen konponbide negoziaturik defendatu euskal gatazkari irtenbidea emateko. Bake prozesu bat abian jarri ordez, ezinbertzekotzat jo zuen «zapalkuntzan eta prebentzioan aitzinamenduak egitea». Presidente izan zen artean, Espainiak ezarritako irizpideak defendatu zituen ETAren kontra aritzeko, baita euskal presoen aferan ere. Muga bat ez zuen gainditu: ez zituen legez kanporatu Aznarrek Hego Euskal Herrian debekatu zituen erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.