Bide bat argi-ilunez betea

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak berrogei urte bete berri ditu. Hastapenetatik gorabehera handiak izan ditu, baina borroka eta ahalegin askori esker joan da bidea eginez. Irakasleen ustez, erronka franko ditu oraindik aurretik; tartean, «gizartearen beharrizanei» erantzuteko gai izatea. Koronabirusak lausotu du urtemuga.

BERRIA.
Edurne Begiristain.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Berrogei urte bete berri ditu Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU). Bide luze bat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate publikoaren izenari eta izanari hasiera eman zitzaienetik. Lau hamarkadako bidean, makina bat liskar eta gatazka ezagutu behar izan ditu EHUk, baina baita lorpen eta garaipen garrantzitsuak ere. Eta horiek eskuratzeko, gainera, pertsona askoren ahaleginak, izerdiak eta buruhausteak behar izan dira.

Sortu, duela 40 urte sortu zen ofizialkigaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriko Unibertsitatea, baina EAEko unibertsitate publikoaren historia lehenago hasi zen. 1968. urtean jarri zen lehen hazia, Francoren gobernuak Bilboko Unibertsitate Autonomoa sortzeko dekretua kaleratu zuenean. Bilboko Unibertsitatea osatu zuten jada eratuak zeuden hiru fakultatek: Ekonomiakoak, Medikuntzakoak eta Zientzietakoak. Lan handia egin zen hasierako egitasmoa handituz joateko, harik eta 1972. urtean Leioako campusa zabaldu zuten arte. 1977an, dekretu baten bidez, euskal unibertsitate barrutia sortu zen, eta Gipuzkoako eta Arabako ikastetxeak integratu egin ziren Bilboko unibertsitatean. Urte gatazkatsuak ziren haiek, eta bazegoen mugimendu indartsu bat Euskal Herrirako unibertsitate barruti propioa aldarrikatzen zuena. Egoera politiko korapilatsua izanik, kostata gorpuztuz joan zen EHU izango zena.

Garai politiko gatazkatsu hartan, euskarazko irakaskuntza lortzeko egitasmoak loratu ziren unibertsitate eremuan. Ordura arte, euskara eta unibertsitatea guztiz aldenduta zeuden, baina aintzindari batzuek jorratu gabeko bide bat egin zuten: unibertsitatea euskaldundu nahi zuten irakasle batzuen ekimenez, Unibertsitatean Euskal Kultur Taldeak (EKT) jarri ziren martxan.

Bilboko Unibertsitatean, Zientzia Fakultatekoa izan zen lehenetariko talde bat, Z-EKT izenekoa. 1973tik kultur jarduerak eta euskara ikasteko eskolak antolatzen zebilen, eta han ibili zen Laura Mintegi (Lizarra, Nafarroa, 1955). EHU sortu zenean, EKTkoek bertara eraman zituzten euren aldarrikapenak: «Hura izan zen euskal adarren hastapena. Behetik gorako mugimendua izan zen, irakasle euskaldunok sortu nahi genuelako unibertsitate euskaldun bat».40 urte igaro dira ordutik, eta Mintegik argi du EHUkgaur egun dituen «egitura, izaera eta filosofia» EKT talde horien lanari esker lortu direla.

1977an, artean Bilboko Unibertsitatea zenean, euskara unibertsitate eremura eramateko lan nekeza egin zuenetako bat izan zen Juan Luis Goikoetxea (Mungia, Bizkaia, 1947).EHUko irakasle ohiak gogoratu duenez, garai hartan Euskarako Klaseetako Koordinatzaile izendatu zituzten bera eta Patxi Uribarren irakaslea. «Izenak dioenetik harago, gu eragile, talde-sortzaile, antolatzaile eta militante ere izan ginen, giroak eta geroak hala eskatzen zuelako», gogoratu du Goikoetxeak. Talde horietako irakasleak «akuilu eta uztarri» izan ziren unibertsitateko ikasleentzat, dioenez. Hurrengo urratsa euskara ofizial izateko bidea urratzea izan zen, eta lan horretan ere buru-belarri aritu zen Goikoetxea: «Donostiako eskolako euskal irakasleekin batera, Euskal Filologiarako plana prestatu genuen».

Goikoetxea 1978an sartu zen Bilboko Unibertsitatean, eta, orduko hartan euskarak bizi zuen egoera larriaz kezkaturik, Euskaltzaindiak berak hartu zuen euskararen eta euskal kulturaren gidaritza unibertsitatean. Goikoetxeak gogoratu du nola aintzindariak izan ziren unibertsitatean ikasleak euskalduntzen: «Ikasle zirenak irakasle bilakatu behar genituen, eta erdaldun ziren neska-mutilak euskarara ekarri, hala kurtsoan zehar nola udan».

Frankismo osteko garaiak izaki, giroa ez zela samurra oroitu du Goikoetxeak. Irakasleen lan baldintza eskasak eta ikasleen askotariko aldarrikapenak gatazka iturri ziren. «Urte haietan klaustro gatazkatsu franko ezagutu genuen, dela irakasleen kontratuengatik, dela ikasleek aginte organoetan zituzten ordezkaritzagatik, dela praktikengatik edo eraiki ziren barrakoiengatik».

Hastapen korapilatsuak

Ezinegon politikoa baretu gabe zegoen EHU ofizialki jaio zenean. 1980ko otsailean, orduan zegoen unibertsitate publikoari izena aldatu, eta Euskal Herriko Unibertsitatea jarri zioten. «Dena egiteko zegoen», gogoratu du Mintegik. Historian lizentziaduna eta Psikologian doktore da Mintegi, eta 40 urte daramatza EHUn irakasle lanetan, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean. Berak ongi oroitzen ditu EHUren lehen urratsak, eta baita haren sorreraren inguruan sortutako aldarrikapenak ere: «EHUren izena ez zetorren bat izaerarekin. Euskal Herriko Unibertsitatea zuen izena, baina ez zen Euskal Herrikoa, hiru probintzietakoa baizik, eta euskalduna ere ez zen. Guk genioen baskongadetako unibertsitate espainiarra zela».

Gregorio Monrealek hartu zuen EHUko lehen errektore kargua, 1981ean, eta berak eratu zuen unibertsitateko lehen Euskara Batzordea. Monreal ez zen euskalduna, baina euskararekiko «miresmena eta zaletasuna» zuela gogoratu du Mintegik. Euskara Batzordean aritu zirenek, Mintegik tarteko, EHU euskalduntzeko plan bat landu zuten: «Gure helburua zen hogei urtean unibertsitatea euskalduntzea. Pasatu dira 40 urte, eta esan daiteke neurri batean ia posible dela titulazio guztiak euskaraz egitea, baina ez denak».

Are, euskalduntze prozesuan atzerapausoak ere eman direla adierazi du, batez ere titulazioak «dibertsifikatu» egin zirenean, hainbat espezialitatetan irakasle euskaldunak bermatzeko gai ez zelako izan unibertsitatea. Arazo hori kezka iturri izan zen irakasle askorentzat, Mintegik gogora ekarri duenez: «Horma handi batekin topo egin genuen, unibertsitatean ez baikenuen modurik ikastoletatik eta eskola publikoetatik zetozen ikasle euskaldunen eskaerari erantzuteko».

Eskaera eta eskaintzaren arteko desoreka izan da EHUk urteetan izan duen gaitzik nagusiena. Hala baieztatu du Lurdes Auzmendi irakasleak (Ataun, Gipuzkoa, 1956). Auzmendik ia bizitza osoa darama EHUri lotuta: 2002an hasi zen irakasle lanetan, Itzulpengintzako lizentziaturan, eta aurtengo azaroan da erretiroa hartzekoa. Gogoratu du duela hogei urte unibertsitatean irakasle gisa lanean hasi zenean garai zailak izan zirela bere departamentuan, unibertsitateak ez zuelako eskaintzen euskal itzulpenerako titulaziorik: «Ikasle askok kanpora joan behar izaten zuten ikastera, Bartzelonara, Vigora eta Soriara batez ere, han zeudelako itzulpenerako titulazioak». EHUk lizentziatura hori eskaini zezan Itzultzaileen Elkarteak urteetan egindako borrokari esker, Gasteizko Letren Fakultatean hasi ziren ikasketa horiek eskaintzen.

Azken hogei urteko bideari erreparatuta, berriz, «etsita» mintzo da Auzmendi, hasieran zituen aurreikuspenak ez direlako bete. Itzulpengintza sailean lanean hasi ziren irakasleek ez zuten samurra izan bidea: «Guk imajinatzen genuen unibertsitatea izango zela gauzarik zoragarriena eta itzultzaile bikainak prestatuko genituela. Pentsatzen genuen gaur egun den baino toki hobea izango zela». Etsipen horren oinarrian EHUren egiturazko arazo bat dagoela iritzi dio Auzmendik: «Unibertsitatea ez da gai kanpoko aldaketetara egokitzeko». Hasierako urteetan arazo hori nagusi izan zela gogoratu du, itzulpengintza ikasketak hainbat sailen artean «barreaituta» zeudelako eta irakasleek «toki batetik bestera» ibili behar zutelako: «Itzulpengintzako irakasleak beti egon gara hainbat departamentutan sakabanatuta, eta horrela oso zaila zen itzulpegintzako irakasleak gure artean koordinatzea».

Gizartetik aldenduta

Auzmendi ez da baikorrago mintzo gaur egungo egoeraz. Irakasleen antolaketa hobetu bada ere, irakasten den edukietan hutsuneak badaudela nabarmendu du. «Itzulpengintzan gauzak izugarri aldatzen ari dira, baina EHUko gradua aldatzeko itxura txikienik ere ez dago». Arazoa bikoitza dela azpimarratu du. Batetik, unibertsitateak «izua» dielako aldaketei: «Burokrazia izugarria du, eta pieza bat mugitzeko ahalegin erraldoia egin behar du». Bestetik, «ikuspegi falta» egotzi dio EHUri, kostata moldatzen delako inguruko errealitatera eta gizartean dauden aldaketetara. «Horrek etsipena eragiten du irakasleengan, eta ondorioak ditu ikasleengan». Hausnarketa horrekin bat dator Mintegi ere. Haren irudiko, unibertsitate guztien «berezko gaitza» da lau hormaren artean gotortuta geratzea, gizartearen nahietatik aldenduta. EHU ez da salbuespen bat: «Unibertsitatea bere munduan bakartuta bizi da, eta ez da gizartearen beharrizanen benetako isla».

40 urte pasatu dira, eta Euskal Herriko Unibertsitatea ez da askok amestutakoa. Gizartean uztartuta dagoen instituzioa dela esaten da sarritan, baina lelo horrek gutxi du egiatik, Auzmendik eta Mintegik nabarmendu dutenez. «Unibertsitate pribatuek izugarrizko erraztasunak dituzte urte batetik bestera aldaketetaraegokitzeko, baina gurean ezin da. Bologna plana indarrean sartu zenetik 12 urte pasatu dira, eta oraindik gradu batzuk trabatuta daude», dio Auzmendik. «Gizartearen aldaketetara moldatzeko gaitasun handiagoa izan beharko luke, unibertsitatea entzungor baitzaie gizartean dauden beharrizanei », gehitu du Mintegik.

Arazo ekonomikoak ere beti egon dira EHUren gaitzen artean, eta sarritan egotzi zaio Eusko Jaurlaritzari finantzaketa handitzeko apustu sendorik ez egitea. Kritika horri batu zaio Mintegi: «EHUren arazorik larriena Eusko Jaurlaritza bera izan da. Utzikeria politikoa eta ekonomikoa izan du unibertsitatarekin». Oroitu du garai batzuetan «itolarri oso gogorrak» jasan behar izan dituztela, nahiz eta aitortu duen krisi latzenetan ere EHUk «filosofia egokia» izan duela eta murrizketarik ez duela egin langileen artean. Gaur egun, baina, oso bestelakoa da egoera, Mintegik salatu duenez: «Paradoxikoki, gaur da eguna, unibertsitatea itolarrian denean, langileen artean murrizketak izan direla». EHUko irakasleen lan baldintzekin asaldatuta mintzo da Mintegi, eta argi du soluzioa aurrekontu saila handitzearekin lotuta egon behar dela. «Beste gauza batzuetarako badago dirua; kontua da lehentasunak non jartzen diren», gehitu du Auzmendik. Harentzat ere oso kezkagarriak dira irakasle batzuen lan baldintzak, «kontratu zaborrak» eta soldata «kaskarrak».

Bi irakasleek azpimarratu dutenez, gaur egungo arazoak dira EHUren etorkizuneko erronkak. «Gizartearen eskaerei erantzuten jakin behar dugu», dio Auzmendik. Alderantziz ere izan behar duela erantsi du Mintegik: «Gizarteak gehiago sinetsi behar du bere unibertsitatean, askotan ez baitugu ongi tratatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.