Irabazteko moduko partida dauka gaur Realak Logroñoren aurka, etxean

Txuri-urdinek aukera dute geldialdiaren aurretik Valentzian lorturiko garaipenari segida emateko. Bost puntu gutxiago ditu aurkariak

Aitor Manterola -

2019ko urtarrilak 5
Realak ilusioz ekingo dio Ligako bigarren itzuliari gaur, Zubietan, Logroñoren aurka (12:00), horretarako aukera eman baitio Valentzian oporren aurretik lortutako garaipen handiak (0-4). Balioko dio lehen itzuliaren hasiera bikaina gogoratzeak ere, goi-goian ibili baitzen Gonzalo Arkonadaren taldea. Orduan egin bazuen, zergatik ez orain berriz? Hasiera on horrek, ordea, ez zuen segidarik izan gero, eta, emaitza bolada kaskarra kateatu izanaren ondorioz, sailkapenaren erdialderaino jaitsi zen taldea. Zortzigarren da egun, eta ez gora eta ez behera dago. Lehiaketaren ibiliak zehaztuko du gora azaltzeko gai den, edota, atzealdean murgilduta estutasunetan murgilduko den.

Gora gerturatzeko edo gorago kokatzeko balio diezaioke gaurko partidak, Logroñok ez baitu ematen lehiaketako talderik onena. Realak baino bost puntu gutxiago dauzka, eta hiru partida baino ez ditu irabazi. Hala ere, lehen itzulian, 2-2 berdindu zuten. Hango lana hobetu beharko dute ezinbestean txuri-urdinek, eta eskulan ona izango du Arkonadak, Ramajo soilik baitauka jokatu ezinda, lesioagatik. Alde horretatik behintzat, aitzakirik ez dauka taldeak gaurko.

Bi taldeen zenbakiak aztertzen badira, oso agerikoa da non daukan gabeziarik handiena Logroñok: atzealdean. 31 gol sartu dizkiote orain arte jokaturiko hamabost jardunaldietan, eta, batezbestekoa eginda, partidako bi dira. Aurrealdean, zenbaki hobexeagoa du, partidako gol bat sartzeko gai izan baita. Reala golegileago dabil, 23 sartu baititu, baina jaso ere dezente jaso ditu: 24. Zenbaki saltsa horren ondorioa garbia da etxekoentzat: gaur golik ez hartzeko gai badira, aukera izango dute hiru puntuak eskuratzeko zaleen aurrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria