Igor Rakocevic. Saskibaloi jokalari ohia

«Nire bizitzako azken egunera arte gogoratuko dut Baskonian bizitakoa»

Baskoniak inoiz izan duen eskoltarik onena da, zaleen ustez. 192 partida jokatu zituen, eta 3.173 puntu sartu hiru denboralditan. Bost titulu irabazi zituen Gasteizko taldearekin. Zaleek bera bezainbat maite du Rakocevicek Baskonia.

Igor Rakocevic, Baskoniak abenduan egin zion omenaldian. ADRIAN RUIZ DE HIERRO /EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Konfinamenduan dira Serbian ere, eta ezohiko egoera hori «ondo» baliatzen ari dela dio Igor Rakocevicek (Belgrad, 1978), aukera baitauka seme-alabekin egoteko. Serbiako Saskibaloi Federazioko presidenteordea da orain Baskoniako jokalari ohia, eta borroka kirol batzuetan ere aritzen da, denbora-pasa. Txapelketa batzuk irabazten ere ari da.

Nola daramazu koronabirusaren krisi hau, kontuan izanda emaztea medikua duzula?

Nahiko ondo, eta normaltasunez. Emazteak erietxe batean egiten du lan, eta, etxera itzultzen denean, hartu beharreko neurriak hartzen ditugu. Bestelakoan, niretzat aukera ona ari da izaten seme-alabekin etxean lasai egoteko. Ikasketetan laguntzen saiatzen ari naiz.

Mundua aldatuko du krisi honek?

Ez zait iruditzen. Hau pasatzen denean, hasieran gauzak beste modu batera egiten hasiko gara agian, baina uste dut denborarekin lehengora itzuliko garela. Kapitalismoan sartuta jarraituko dugula iruditzen zait.

Europako saskibaloiari eragingo dio honek guztiak?

Ez zait iruditzen. Aldaketa txiki bat eragin dezake, baina ez dut uste handia izango denik.

Baina klubek diru gutxiago izango dute, ezta?

Ez dut uste. Antzera segituko dutela iruditzen zait.

Zure ibilbidea aztertzen hasita, etxeko taldean ekin zenion: Izar Gorrian.

Bai. Bere garaian, aitak jokatu zuen han, eta gure taldea da. Lehen taldera heldu nintzenean, agintariei hitzeman nien kanpora jokatzera joaten banintzen nire ibilbidearen amaiera etxean egingo nuela. Izar Gorria ondo dago orain; talde ona dauka, eta sasoi honetan ere Euroligan ari da.

Oso gazterik joan zinen NBAra, nahiz eta denboraldi bakarra egin zenuen han, Minnesota Timberwolves taldean. Ezin zenuen aukera hori pasatzen utzi.

Oso garbi izan nuen beti NBAn jokatu nahi nuela, eta, aukera iristean, heldu egin nion. Orduan, orain baino zailagoa zen liga handi horretan sartzea, eta zer esanik ez jokalari txikientzat, ni bezalakoentzat, eskoltentzat. Ez nuen asko jokatu, egia esan: partidako bost bat minutu, batez beste, baina beti esaten dut asko ikasi nuela Ameriketako Estatu Batuetan, eta, pauso hura eman izan ez banu, ziurrenik ez nintzen iritsiko gero iritsi naizen lekuraino.

Etxera itzuli zinen, Izar Gorrira, baina denboraldi bakarra bete zenuen, 2004-05 sasoian Valentziara joan baitzinen, ACB ligako abenturari hasiera ematera. Urtebetez han jokatu eta gero, Real Madrilen beste bat egin, eta Baskoniak fitxatu zintuen 2006ko udan. Nola gauzatu zen fitxaketa?

Erraza izan zen. Ezagutzen nuen Baskoniaren filosofia, eta banekien Balkanetako ezaugarriak zituela taldeak; besteak beste, Dusko Ivanovic egona zelako entrenatzaile. Ni fitxatu nindutenean, Velimir Perasovic zen entrenatzailea, eta horrek guztiak bultzatu ninduen Baskoniaren eskaintza onartzera. Bete-betean asmatu nuen, nire ibilbideko urterik onenak bertan egin bainituen.

Hasieratik harrapatu omen zintuen Baskoniaren inguruko guztiak: izaerak, zaleak...

Iritsi orduko jabetu nintzen hura zela nire lekua. Maitemindu egin nintzen klubaz eta inguruko guztiaz. Orduan, Baskoniak garaipen asko lortzen zituen, eta hori ere gauza handia zen.

Garaipenenak bost dituzu Baskoniarekin: hiru aldiz Espainiako Superkopa, eta behin Kopa eta ACB liga. Horietako zein duzu gustukoena?

Garbi dago ACBren barruan liga dela garrantzitsuena, baina niretzat Kopakoa oso berezia izan zen. 2009ko final hura ez zait sekula ahaztuko. Ez dakit nola jokatu nuen ere, sabeleko min handiarekin ibili nintzelako. Ia-ia ezin nuen ibili ere egin, baina, ez dakit nondik indarrak atera, eta jokatu egin nuen. Luzapenean irabazi genuen, ozta-ozta. Talde hobea ginen Unicaja baino, eta horregatik irabazi genien finalean.

Gasteizko ospakizunak ere ez dituzu ahazteko izango.

Ez. Izugarriak izaten ziren, eta betirako geratuko zaizkit bihotzean Baskonian bizitako gauza guztiak. Nire bizitzako azken egunera arte gogoratuko ditut han bizi izandakoak.

Zaleen kuttuna ere bazara, berriki izendatu baitzaituzte Baskoniaren historiako eskoltarik onena, eta horrek esan nahi du klubean inoiz izan diren bost jokalari onenen artean zauzkatela.

Gauza handia da hori, kontuan izanda nire postuan jokatu dutela Baskonian Perasovicek eta Macijauskasek, besteak beste.

Iazko abenduan omendu egin zintuen klubak, Sergi Vidalekin batera, eta, Buesa Arenako kantxaren erdian, kaleko arroparen azpian zeneraman Baskoniaren kamiseta atera zenuen.

Aurretik pentsatutako zerbait izan zen. Une berezi hori indar handiz bizi izan nahi nuen, eta, nola minutu bakarra genuen uneaz gozatzeko, esan nion Sergi Vidali [beste omenduari] berak hamabost segundo bakarrik izango zituela zaleei hitz egiteko, eta gainontzeko 45 segundoak nik beharko nituela, kamiseta erakusteko [barrezka]. Oso momentu polita izan zen.

Sarri samar etortzen zara Gasteizera, ezta?

Bai. Lagunak dauzkat, eta etxe bat ere badugu. Oso pozik joaten naiz.

Semea, Ivan, euskal herritarra duzue, gainera, gasteiztarra.

Txagorritxuko ospitalean jaio zen, abenduaren 24 batean. Saskibaloian jokatzen du, eta polita izango litzateke hark noizbait Baskonian jokatzea [barrezka].

Zuk bezala egiten ditu jaurtiketa libreak.

Egun batean bideo bat grabatu genuen, eta mundu guztian zabaldu dela uste dut. Esan nion nik 58 jaurtiketa libre segidan sartu nituela Baskoniarekin, eta ez nintzela eredu txarra teknika eta mekanika kopiatzeko [barrezka].

Serbiako Federazioko presidenteorde zara, eta jokalari gazteekin ari zara lanean. Zehazki, zertan?

Programak eskaintzen dizkiegu, saskibaloian jokatzeko aukera ahalik eta osatuena izan dadin: materiala, arropa, ordutegiak... Helburua da gero, lan horrekin, aukera gehiago izatea talde profesionaletako ateak irekitzeko. Ondo ari gara, baina diru eskasia da gure arazoa.

Jokalari gazteak nahikoa ditu berezko dohainak elitera iristeko?

Ez. Lan asko egin behar da, eta, hala ere, gehienak ez dira iristen, batez beste %1 besterik ez baita heltzen profesionaletara.

Horregatik da garrantzitsua ikasketei garrantzia ematea.

Horixe esaten diet jokalari gazteei, ikasi egin behar dutela, hori dela garrantzitsuena eta bizitzan aurrera egiteko biderik ziurrena. Kirolarena oso zaila da, eta, gainera, ez du edozeinek balio, azkenean presio eta neke handia eragiten baitu eliteko kirolak.

Zer aldatu da saskibaloian zuk jokatzen zenuenetik?

Lehen, jokalari askoz hobeak ziren oraingoen aldean. Talentu handiagoa zegoen. Orain, indarra eta fisikoa dira nagusi. Aldatu den bestea da taldeetan azkar kentzen eta jartzen dituztela jokalariak denboraldi batetik bestera. Atzerritarrak ere mordoa dira orain, eta horrek guztiak zaildu egiten du taldeek egitasmo luzeak eta egonkorrak eratzea. Badakit hori ez dela erraza, garaipenak lortzeko premia handia baita.

Baskoniak ere asko aldatzen du taldea denboralditik denboraldira.

Bai, hala da, baina ez da erraza kontrakoa egitea. Denek nahi dute ahalik eta ondoen ibili, eta horrek presa betean sartuta dauzka ia talde guztiak. Baskonian, hala ere, ni iritsi nintzenerako, bazen jokalari argentinarren arrasto luzea, eta, atzerrikoak baziren ere, horrek izaera berezia ematen zion taldeari.

Baskoniak galdu egin du izaera hori?

Ez da erraza beti talde eta jokalari antzekoak izatea. Gauzak aldatu egin dira. Jokalariak erakutsi egin behar du baduela izaera berezi hori Baskoniara heltzean. Baskoniara datorren denek dakite zer den kluba, eta horretara egokitu behar dute. Beti izan da horrela, baita gure garaian ere.

Nolakoa da gaur egungo Baskonia?

Emaitzei dagokienez, ez zen ondo ari denboraldian zehar, baina, Ivanovicekin, gauzak askoz hobeto egiten ari zen taldea. Denbora behar da gauzak bere onera ekartzeko, eta horretan ari zen Dusko [Ivanovic] krisi hau dena lehertu zenean.

Ivanovic klubean dela, jokalariek orain badute zeini jarraitu Baskoniaren izaera hori barneratzeko?

Nik uste dut baietz. Baina jokalariak azkarra eta saiatua izan behar du. Jakin egin behar du Ivanovici jarraitzen badio bide onetik joango dela. Lehen guk bagenekien hori dena.

Orain, ordea, entrenatzaileen indarra ez al da apaldu eta jokalariena indartu aldagela barruan?

Baietz esango nuke. Lehen beste modu batekoak ziren gauza hauek, eta entrenatzailea zen nagusia aldagelan. Orain, NBAren tankera hartuta dabil Europako saskibaloia, eta entrenatzailea ez da hain garrantzitsua jokalarientzat. Ez zait gustatzen oraingo hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.