begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Gaur ez da atzo, atzo ez da bihar

2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Egun, gutxiengo guztiek (eta garaietan zehar birrinduriko hainbat gehiengok ere bai) mehe-mehea dute larruazala, sentibera oso bihotza eta seko zaurgarria arima. Defentsa armatuan eta eraso bikainetan ibili ordez, aieneka eta kexati ematen dituzte orduak, egunak eta... zinema emanaldiak.

Sare sozialetako kirats-jariotik libratu nahian, bai ekoizleek, bai gidoigileek, bai zuzendariek, neurriak hartzen dituzte. Neurri zorrotzak eta erabaki aldrebestu samarrak, mundu osoa kontent uzteko, gutxiengoen onarpena lortzeko zazpi ahaleginetan, eta krudelki jipoitutako gehiengoen txalo zaparradaren oihartzuna entzun ahal izateko. Ahaztu barik, txartel-leihatilan eta ikusleen zein entzuleen kopuru-indizeetan ahalik eta zifra politenak eskuratzea dela (ia beti) helburu nagusia.

Eta onarpen hori, zifra eder horiek, indize guztiak euren alde izateko... eta zuzentasun politikoaren aldeko lobbyen besarkadaren esperoan, irauli baino gehiago, hankaz gora jartzen dituzte Historia eta istorioak, usadioak, garaietako moduak, tokiko eta urrutiko tradizioak, mitologiak eta ipuinak. Estutu egiten dituzte kontakizun ororen ertzak. Horren estu estutu, ezen sinesgarritasun osoa galtzen den. Maizegi, sarriegi. Sinesgarritasuna galdu, inkluso zinema kontuetan. Eta jakin, ederki dakigu denok, areto batean sartu orduko, sinesgarritasuna kanpoan utzi behar duzula, edo akabo (hasi aurretik) gozamena.

Baina sinesgarritasuna eta barne logika ez dira kontu bera. Filmik fantastikoenetan ere, egileek beraiek sorturiko logikari eutsi behar diote. Edo pikutara. Berdin dio banpiroak izatea edo estralurtarrak, baskoak eta komantxeak. Akelarreetan edo gizateriak eragin eta pairatu dituen gerretan, logika ezinbestekoa da. Nahiz eta irudikatu Bigarren Gerraostean Danimarkako lur elurtsuetan izoztu ziren naziak berpizten direla eta zonbi armada osatu...

Bilboko Enrique Urbizu zinema artisau eta artistak eta Michel Gaztanbide gidoigile itzelak egin duten Libertad lana idatzitako horren guztiaren adibide gardena da.

Izugarria dugu itxuraz eta maneretan. Lau ataletako telebista saila eta bi orduko film luze ikusgarria, espektakularra. Unax Mendia gasteiztarrak Espainiako Andaluzian ibili ziren bidelapur mitikoen erretratu aparta honetarako argia aurkitu egin du. Eta ez bakarrik emakumezko eta gizonezko siluetak pantailaratzeko, baizik eta hautsez, sasiz, milaka urteko zurbeltzez, olibondoz eta abandonuz beteriko lautada eta harkaitz horiei zerien dir-dir zakarra ikusleen begietara jaurtitzeko.

Sekulako ekoizpena da, espageti eta gazpatxo western horiek egiten ziren lur bertsuetan XIX. mendean kokaturiko western bene-benetakoa.

Bene-benetakoa? Bai eta ez. Ez eta bai. Kontua, idatzitakoa: inor mindu ez dadin esfortzu ikaragarriaz zamaturiko gidoia dugula. Eta egun bor-bor egiten duten giza borroka/kezka/ardura/desira guztien alde agertu nahia eta beharra. Txalogarria anbizioa, bai. Pentsamendu aldetik, bai. Zinema kontuetan, berriz, ez hainbeste.

Garaiak aldatu egin dira. Bai horixe. Joandakoetan, munstro batekin topo egin orduko garrasika hasten ginen emakumeok, salbatu behar gintuen arrari deika, desesperoan. Garrasika hasi, edo korrika. Baina ederki dakizue nolakoak ziren janzten genituen arropak eta zapatak. King Kong edo dinosauroak zure atzetik badabiltza, ez zara oso urruti iritsiko orratz-takoiz. Lehen baino berandu erortzen ginen, orkatila bihurritu eta hor geratzen ginen, zotinka, heroiaren zain.

Terminator-en agertu zen Linda Hamilton hark erakutsi zigun korrika egiten zineman. Gero, gerokoa. Bagara gerlariak, bagara sorginak, ezpatadun erreginak eta Pan Bendito bezalako auzo harroetako zaindari beldurgabeak. Baina egun, pantailetan, derrepentean, neskok badakigu zaldiz, badakigu tiroka, badakigu labanaz. Derrepentean trebezia guztien jabe gara. Gaur bai, gaur, kapazak gara ezpataz zein ordenagailuz eta espazio-ontziz. Baina XIX. mendearen hasieran?

Kontu bera homosexualitatearekin. Badakit gizakumeok bezain zaharrak direla sexu identitate guztiak, baina ziur naiz ez zirela berdin bizitzen duela 200 urte. Ez zirela berdin bizitzen erromatarren Erroman eta Andaluziako parajeetan. Ez zela berdin bizitzen Alejandro Handiaren edo amazonen inguruetan eta Espainiako hegoaldeko bidelapurren kuadrilletan.

Hala bada, eta ez banago horretan oker, testosteronaz blai diren manduler horien buruzagiak hilik den amorantearen buruari ematen dion musuak ez du logika handirik. Ez Historian. Ez pantailan. Eta gauza bera ideologiari lotuta. Badakit mendira jo zuten horiek ez zituztela kateak maite, baina beste modu batean ondratzen zuten libertatea. Erraietan egiten zioten gur, ez burmuinean.

Nik uste. Gaur ez baita atzo. Atzo ez baita bihar. Nekosoa izan da bidea. Eta luzea izango dugu borroka. Betor zinema gure ondoan. Baina ez dadin gu baino azkarrago joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.