Albistea entzun

Soinu trantze goxoa Kaiola festibalean

Joan den astean egin zuten Kaiola musika esperimentalaren jaialdia Galdakaon. Proposamen iradokitzaileak izan ziren han: Maria W Horn, Mette Rassmussen, Hackedepicciotto, Sarah Davachi eta Attila Csihar.
Maria W Horn musikaria, Kaiola festibalean.
Maria W Horn musikaria, Kaiola festibalean. ELISE ARANGUREN Tamaina handiagoan ikusi

Antton Iturbe -

2023ko ekainak 10 - Galdakao

Kaiola festibalaren aldi berri bat, zazpigarrena dagoeneko, nazioarteko artista aukeraketa gaindiezina oraingoan ere, eta, ohiko moduan, entzuleria murritza, edo ez behintzat bertaratu ziren artisten maila ikusita espero zitekeena. Parisen, Londresen, Bartzelonan eta Berlinen ehunka entzule erakarriko lituzkeen kartel batek eragiten duen oihartzun eskasaren zergatia aztertzeak eztabaida luze eta sakon baterako aukera emango luke, baina ez da hau horretarako lekurik aproposena. Joan den larunbatean Galdakaon (Bizkaia) jazotakoaren berri ematea baita artikulu honen helburua, eta hori, musika edukiaren aldetik eta ezbairik gabe, sormen erakustaldi izugarria izan zela aitortu beharra dago.

Aurtengo kartelean, Alemaniatik, Suediatik, Danimarkatik, Kanadatik eta Hungariatik ekarritako free-jazz, elektronika, garaikide, post-rock eta black metal kutsuko doinu eta artistak izan genituen. Aurrekontuak parekatu ahal izateko, Europan biran ari diren artisten artean Galdakaon egonaldi bat egiteko aukerak ohiko fintasunez eta abileziaz aurkitu ditu oraingoan ere Aritza Landaluze festibaleko koordinatzaile nagusiak. Ez da meritu makala.

Egun bakar eta sutsu batera murriztuta, Maria W Hornek abiatu zuen festibala, sintetizadorez eraikitako ehundura erakusketa aberats eta kaleidoskopiko bat eskainiz; baretasun baltsamikotik ekaitz zaratatsu izugarrietara salto eginez, aulkietara itsatsita mantendu zituen entzuleak saio magnetiko eder batean. Festibalaren izaeraren adierazgarri eta atari ezin hobea, beraz.

Mette Rassmussenek, ordea, eskakizun handiagoko saioa proposatu zuen. Saxofoiaz eta tarteka bere oihuen laguntza soilez baliatuta, inprobisazio askeko soinu bilduma zorrotz, zirikagarri eta ipurterrea ekarri zuen. Maisutasun txundigarriz joaz, modu atonalean, instrumentuaren soinu espektroa muga harrigarrietara eraman zuen, entzuleen begi eta belarrien aurrean. Batzuentzat, erabat miragarria eta menderatzailea; beste batzuentzat, agian gehiegizkoa. Guztiz menderaezina eta egokia, edozein eratara. Aurkikuntzaren, ezustearen eta deserosotasunaren bidez kuriostasuna eragitea; hori da, azkenean, Kaiolaren helburua.

Alexander Hacke eta De Picciotto bikote beteranoa gerturatu zen gehien abesti egitura konbentzionalera. Hala ere, oholtza gainean zabaldu zuten rock, noise, erritmo tribal eta psikodeliko ilunen arteko nahasketari etiketarik jartzea ezinezko ariketa da; emaitza guztiz hipnotikoa suertatu zela baino ez dago esaterik. Ederki erakutsi zuten sasoi onean daudela oraindik ere.

Agian Sarah Davachiren emanaldia izan zen sinpleena itxuran, eta ederrena, handiena emaitzan. Antzinako organo txiki baten aurrean, eszenatokiaren izkina batean eserita, presentzia lotsati bat baino ez zirudien. Lehen notak jotzen hasi orduko, drone moduko soinu maiztasun geldo batez, etengabeko geruzen mantra zerutar zoragarri batez bete zuen espazio osoa, eta entzuleak trantze moduko isiltasun sakon eta errespetagarrian murgilarazi.

Ixteko, ezin aproposago, Attila Csihar black metal legendaren erritual satanikoaren testigu eta partaide izan ginen bertaratutako guztiak. Bere ahots guturalaren inflexio poliedrikoen loop nahasketa txundigarria eraikitzen eta etengabe deuseztatzen aritu zen ia ordubetez, eta, behin baino gehiagotan autoparodian erortzeko zorian izan zen arren, erabat irabazle atera zen azkenean, eta guztion txalo beroa jaso. Festibal bikain horren aurtengo aldiak ondo merezitako txaloak, azken batean. Ez dadila azkena izan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

1 ©JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Hogei urtez galdutzat jotako Artozkiko artelan batzuk 'solidarioen' eskuetan dira

Ainhoa Sarasola

Herria Itoizko urtegitik defendatzeko, erakusketa bat egin zuten 2003an, baina etxeak suntsitzeaz bat galdu zen obren arrastoa. «Modu anonimoan» helarazi dizkiete orain haietako batzuk. Bihar emango dituzte azalpen gehiago, Iruñean

Jaione Camborda zinemagileak Claire Denis epaimahaiko buruaren eskuetatik jaso zuen Urrezko Maskorra. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jaione Cambordaren 'O corno'-k irabazi du 71. Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Emakumeak protagonista dituen lanarekin, Donostiako 71. Zinemaldiaren sari nagusia eskuratu du zinemagile donostiarrak. Isabella Eklof suediarraren 'Kalak'-ek Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du
Carolina Markowiczen <em>Pedágio</em> filmaren irudi bat. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...