Josean Fernandez 'Matxin'. UAE Emirates taldeko zuzendaria

«Gailurrera iritsi gara, baina aurretik duguna are hobea izango da»

«Gogobeteta» dago Josean Fernandez 'Matxin' UAEren sasoiarekin. «Esperientzia gozagarria» eduki zuen Pogacarrekin Tourrean, eta anbizioz dakusa geroa: «Ate batek beste batzuk zabal ditzake».

UAE EMIRATES.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Orain dela hilabete eskas bukatu zen txirrindularitza denboraldia, baina galtza bete lan jarraitzen du Josean Fernandez Matxin-ek (Basauri, Bizkaia, 1970). Ez da kexu, ordea, ziklismoa pasioz bizi baitu. «Bestela, ez nintzen ibiliko goizeko ordubiak arte egutegiari forma ematen eta lasterketak aztertzen, atzo egon nintzen bezala». Helburu handi bat jarri du jomugan: «Munduko talderik onena izan nahi dugu».

Zer lan egin behar izaten da bulegoan garai honetan?

Honi lan ikusezina deritzo: orduak eta orduak ematen dituzu beharrean, eta inork ez du ikusten. Baina, gero, islatu egiten da errepidean. Egutegia, arropak, babesleak, kontratuak... Gauza asko lotu behar dira. Oraintxe izaten dugu lan gehien, gezurra dirudien arren. Aurten ez dut atseden apur bat hartzeko ere betarik izan, oso berandu bukatu baita denboraldia.

Kanpotik begiratuta, ziklismoak aise gainditu du pandemiaren suzko proba. Hala al da?

Nire ustez, txirrindularitza eredu izan da irtenbideak bilatzeko orduan. Batzuetan, zatiketak izaten dira ziklismoaren munduan, baina, kasu honetan, denok batera egin dugu aurrera. Antolatzaileek esfortzu handia egin dute lasterketarik garrantzitsuenak jokatu zitezen. Denek ez dute lortu, baina gehienek bai. Eta taldeak eta txirrindulariak primeran egokitu dira baldintza berrietara.

UAE-Emirates da egoerari neurria hobekien hartu diotenetakoa. Zure ibilbidean zehar, gozatu al duzu sekula denboraldi honetan bezainbeste?

Frantziako Tourra irabaztea gailurrera iristea da, kirol helburuei dagokienez. Ikaragarria izan da. Hori bai, baikorra naiz beti, eta uste dut aurretik duguna are hobea izango dela. Ate batek beste batzuk zabal ditzake. Ez zait gustatzen iraganean lortutako garaipenetan iltzatuta gelditzea. Momentuak bizi egin behar dira, noski, baina ez da iraganetik bizi behar.

Ez al doa dena azkarregi?

Gauzak horrela dira goi mailako kirolean, eta nik beti egin izan ditut modu horretan. Esan diezazuket jada txirrindulariak fitxatu ditudala 2022rako. Hau da, nire begirada datorren sasoitik harago doa. Jarduteko modu arrunta da etorkizunean arrakasta izan nahi duen ororentzat, denbora oso azkar igarotzen delako, eta geroa berehala bihurtzen delako orainaldi.

Sasoi honetan, 34 garaipen lortu dituzue, eta Frantziako Tourra dago tartean. Zein izan da arrakastaren gakoa?

Garaipen kopurua oso ona da, batez ere kontuan izanik bertan behera gelditu direla zenbait lasterketa. Gogobeteta gaude. Oso ongi altu bat jarriko nioke denboraldiari. Bikaintasuna, gehiago irabazten dugunean eta munduko talderik onena garenean lortuko dugu. Hirugarren postuan bukatu dugu sailkapenean, eta oso ondo dago, baina gehiago egin dezakegu. Eta ez da gehiegizko anbizioa edo harropuzkeria, ardura baizik. Konfiantza osoa dut gure ziklistengan.

Pogacarrek Tourra irabaztea ba al zegoen zuen aurreikuspenen barruan?

Gure plana garaipenaren lehian aritzea zen. Konfiantza bagenuen, baina, era berean, aintzat hartzen genituen errepidean gerta daitezkeen ezbeharrak. Ez dakizu sekula nolako zortea izango duzun 21 egunetan. Hau ez da matematika, eta, hainbeste aldagai egonik, zuhurra izan beharra dago.

Galde diezaiotela, bestela, Roglici. Garaipena eskuetan zuela zirudien, baina azken erlojupekoan miraria egin zuen Pogacarrek. Nola oroitzen duzu?

Esperientzia benetan gozagarria izan zen. Ziurgabetasun eta tentsio handia izan genuen erlojupekoaren aurretik. Bagenekien Tourra irabazteko aukera genuela, baina, horretarako, Tadejek oso egun ona izan behar zuen, eta txarra Roglicek. Halako baldintzak ez dira betetzen batzuetan, baina beste batzuetan bai, eta, zorionez, hala izan zen egun hartan.

Sekula izan duzu Pogacarren talentua duen beste ziklistarik?

Esfortzuetatik osatzeko gaitasunari dagokionez, ez. Inoiz ez dut halakorik ezagutu. Hobera egiten du egunetik egunera. Gainera, ez du presiorik nabaritzen, ez dio beldurrik porrotari. Eta gauzak ondo ateratzen zaizkionean, berriz, ez da erotzen. Emozioak erakusten ditu, baina modu orekatu batean, muturretara iritsi gabe. Oso arrazionala da, alegia.

Pogacar prest ikusten duzu arrasto luzea uzteko?

Hori da kirolean egon daitekeen erronkarik handiena, garbi dago. Orain dela urtebete, mundu guztiak hitz egiten zuen Egan Bernalez hurrengo bost Tourretako txapelduna bezala, baina aurten ezin izan du iazko mailarik eman, eta Tadejek hartu dio lekukoa. Zuhurtzia izan behar dugu, oso zaila baita zenbait urtez jarraian aurkarien mailaren gainetik izatea. Gauza asko daude kontrolatu ezin ditzakezunak: erorikoak, lesioak, matxurak...

Txirrindulari osoa da Pogacar. Zertan hobetu dezake?

Ona den horretan ona izaten jarraitzea da erronka, eta, horrekin batera, kalte egin dezaketen alderdiak perfekzionatzea. Gazteek xehetasun guztien gaineko informazioa dute orain, eta hori funtsezkoa da ziklisten belaunaldi berriaren arrakasta ulertzeko. Lehen, jakintza esperientziak ematen zizun, baina orain dena online dago, eta informazio horrek orekatu egiten du eskarmentu falta. Tadejek baliatu egin dezake egoera batzuetan erantzun hobea emateko, haize babesetan adibidez. Eta garbi gera dadila Tourrekoa ez zela akats bat izan; zulatu batetik zetorren.

Pogacarrek erakutsi du ez dela behar Tourra hasi eta buka kontrolatzea lasterketa irabazteko. Hori mugarria izan daiteke etorkizunera begira?

Hala uste dut nik. Talde oso indartsua baduzu, eta zure asmoa bada lasterketa une oro kontrolatzea, gerta daiteke lana beste batzuei ere egitea. Ziklismoaren munduaren babesa sentitu dut Tadejen garaipenarekin, eta ez talde edo ziklista batek ez duelako irabazi, baizik eta berriz ere erasoko txirrindularitza ikusi delako. Nik mentalitate hori izan dut beti. Beti da hobe anbizioa izan, eta arriskatuz galtzea.

Nola aurkitzen dira Pogacar bezalako etorkizuneko izarrak?

Izarrek beren kabuz egiten dute distira. Gakoa, izarrak agertzen diren unean egotea da. Ohean zortzietan sartzen bazara, ez dituzu ikusiko.

Zer helburu zehatz izango dituzue datorren denboraldian?

Munduko talderik onena izatea, bai garaipen aldetik, baita UCIren sailkapenari dagokionez ere. Epea zein den ez dakit esaten, baina norabide horretan goaz, eta helmugara ahalik eta lasterrena iristea gustatuko litzaiguke. Horretarako, munduko lasterketarik onenak irabazi behar ditugu.

Zeure burua luzaroan ikusten duzu UAEko zuzendari?

Beste lau urterako proiektu bat eratu genuen, eta gogotsu nago ekinean jarraitzeko, oso lan polita ari baikara egiten. Gazteekin lan egitean, ezin duzu laburrera begirako planik egin. Behin ziklo hau bukatuta, batek daki zer egingo dudan. Laster 50 urte beteko ditut, eta 21 urte nituenetik nabil zuzendari lanetan; zikloak ez ditut gehiegi luzatu nahi.

Zerekin gozatzen duzu gehien?

Garaipenekin. Helburuak eta emaitzak lortzea da gehien gustatzen zaidana, eta goi-mailako kirolaren munduan hala pentsatzen ez duela dioena, ez da zintzoa. Txirrindularitza ikaragarri gustatzen zait, eta ederra da niretzat ziklistekin kontaktuan izatea. Lan honetan aritzeko, gozatu egin behar duzu eguneko 24 orduetan etxetik kanpo izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.