Unai Lopez. Athleticeko jokalaria

«Ez gara faboritoak: kanporaketa berdinduta ikusten dut»

Espainiako Kopako finalerdietako joanekoa jokatuko du gaur Athleticek, San Mamesen, Levanteren aurka. Unai Lopezek garrantzi handia eman dio golik ez jasotzeari.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Unai Lopezek (Donostia, 1995) argitasuna ematen dio Athleticen erasoko jokoari. Taldean sormen handiena duten futbolarietako bat da. Urtetik urtera pisua hartzen ari da taldean, baina oraindik ez du lortu futbolari garrantzitsua izatea. Marcelino Garciari taldeko erreferentzia izan daitekeela erakusteko ari da lanean, baina oraingoz beste taldekide batzuk ditu aurretik.

Espainiako Kopako finalerdi bat ez da egunero jokatzen. Taldean ez da motibaziorik faltako, ezta?

Gu ilusioz gainezka gaude, eta pentsatzen dut jarraitzaileak ere gure antzera egongo direla. Levanteren kontrako kanporaketa oso garrantzitsua da. Kopako final baterako sailkatzeko borrokan egotea gauza handia da. Ez da erraza.

Levante zen jarraitzaileek eta klubeko kideek finalaurrekorako gura zenuten kontrarioa. Printzipioz, Bartzelona eta Sevilla baino apalagoa da. Baina garai gozoan dago. Kontrario arriskutsua da.

Ez da azken asteotako kontua. Levantek urte dezente daramatza maila ona ematen. Egun bolada onean dago, baina bestela ere, talde erakargarria da. Ondo jokatzen du futbolean.

Telebista aurrean eseri eta ikustea gustuko duzun talde bat al da?

Oso gustuko dudan talde bat da.

Zelai erditik aurrera talentua eta gol sena duten futbolariak ditu: baloiarekin zein baloi gabe dira arriskutsuak.

Levantek jokalari on asko ditu. Haien partidak ikusi besterik ez dago konturatzeko zer egiteko kapaz diren. Gainera, azken partidetan ate aurrean asmatzen ari dira.

Nola egin diezaioke min Athleticek Levanteri?

Guk gurea egin behar dugu neurketa irabazteko. Gu ere ondo ari gara jokatzen. Intentsitate handiarekin jokatu behar dugu. Presioan asmatzen badugu, Levantek zailtasunak izango ditu. Aurkaria aintzat hartu behar dugu, baina, batez ere, gu egiteko gai garenari eman behar diogu garrantzia. Dena ematen ez dugun partidetan zailtasunak izaten ditugu.

Athletic al da faboritoa finalerako sailkatzeko?

Ez. Ez dut uste faborito garenik. Kanporaketa berdindua dela iritzi diot. Athletic gara, eta irabaztera zelairatu behar dugu, baina nik ez dut faborito argirik ikusten Kopako finalerdi bietan.

Finalerako ez sailkatzea porrota izango litzateke?

Finalerdia galtzen badugu, kolpea izango da. Hala ere, nik ez dut horretan pentsatzen. Gaurko lehia final batek eskatzen duen jarrerarekin jokatu behar dugu, eta gaurkoa amaitutakoan hasiko gara itzuliko norgehiagokan pentsatzen.

Onenean, berriz, hilabete gutxian hiru txapelketa irabaz ditzakezue. Lortuz gero, ikaragarria izango litzateke.

Galdera hori gehiago gustatu zait. Aukera ona daukagu, baina hankak lurrean izan behar ditugu. Ez da batere erraza izango.

Jokalari eta teknikari batzuek nahiago izaten dute joanekoa etxean jokatu, eta beste batzuek, aldiz, kanporaketa kanpoan hasi gura izaten dute. Zuk zer duzu nahiago?

Harmailetan jarraitzailerik ez dagoenetik, garrantzia galdu du kontuak. Hala ere, nik gurago dut kanporaketa etxean jokatzen hastea. Itzulikoari emaitza on batekin aurre egiteak asko laguntzen du, eta abantaila lortzeko aukera handiagoa ikusten dut etxean jokatuz gero. Nik irudipen hori daukat, baina inoiz ez dago jakiterik.

Harmailetako giroaren falta sumatzen duzu, edo zale barik erosoago jokatzen duzu?

Jokalariok zaleen aurrean jokatu gura dugu. Jarraitzaile barik lehiatzera ohitu behar izan dugu, baina, onerako zein txarrerako, nabaritzen dugu haien hutsunea partidetan.

Klubak Marcelino fitxatu zuenetik, indartu egin da Athletic. Zer aldatu da?

Futbolean emaitzek agintzen dute. Emaitzek aldatu dute giroa. Garaipenek ilusioa eragiten dute, eta porrotek, berriz, etsipena.

Marcelino zorte handia izaten ari dela esaten da. Gauza txikietan erabakitzen dira egun partida gehienak, eta taldeak asmatu egin du une erabakigarrienetan. Bilatutako zortea izan al da zuena?

Zortea izan edo ez, inoiz amore ematen ez duen talde bat garela erakutsi dugu. Gure jokoan eta gaitasunean sinesten dugu, eta aurrera egiten dugu. Horregatik sartu ditugu golak neurketen azken txanpan.

Espainiako Superkopa irabazteak edozein aurkari mendean hartzeko gai zaretela sinesteko balio izan dizue?

Mundu mailako bi talderik onentsuenei irabazteko gai izan gara. Meritu handia daukala uste dut. Ez dakit edozein talde mendean hartzeko kapaz garen, baina Superkopan lortu genuen.

Superkopan azken partidetan baino freskotasun gehiago erakutsi zuen taldeak. Partida pilaketak eragina izan al du taldearen jokoan?

Ez dakit. Taldekideak ondo ikusten ditut. Uste dut arlo fisikoan ondo ari garela erantzuten. Hala ere, partida asko jokatzeakbeti izaten du eragina. Nekeari aurre egiteko garaipen gosea daukagu.

Arlo pertsonalean, min hartu zenuen urte hasieran, eta oraindik ez duzu oso segidan jokatu.

Ondo nago. Lesioek kalte baino ez dute egiten, baina egun taldeari eta teknikariari laguntzeko prest nago.

Marcelinorekin hitz egin duzu?

Oso gertukoa den entrenatzaile bat da. Jokalari guztiekin hitz egiten du.

Eta zer eskatu dizu?

Euskarri guztioi eskatzen diguna: aurrera begira jokatzeko, alegia.

Norgehiagoka garrantzitsuetan beste futbolari batzuen aldeko apustua egin du teknikariak. Hamaikakoan izateko itxaropenik badaukazu?

Ni jokatzeko nago, eta, beraz, aukerak ditut. Entrenatzailea konbentzitzeko lan egiten dut.

Zelaian parte hartzen ez den lorpenez berdin gozatzen al du jokalariak?

Bai. Denok gara taldeko kide. Superkopan min hartuta nengoen, eta ez nuen jokatu. Hala ere, jokatu zuten taldekideen maila berean sentitzen naiz txapeldun.

Bukatzeko, zer emaitza izango litzateke balekoa itzulikoari aurre egiteko?

Gisa honetako neurketetan, golik ez jasotzea pauso handia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.