Koldo Serraren 'Caminantes' gaur estreinatuko du Orange TVk

Zazpi ataleko telesaila sakelako telefonoekin grabatu dute. Donejakue bidean girotuta dago

Caminantes telesailean, Iratiko basoan galdutako bost gazteren istorioa kontatzen da. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Donejakue bidea egiten hasi diren bost gazte Iratiko basoan desagertu egingo dira, eta Poliziak horien sakelako telefonoak topatu ditu. Horietan bideo ugari daude, eta gazteei zer gerta zaien argitzeko balio dezakete. Abiapuntu hori du Koldo Serra zuzendari bilbotarraren Caminantes telesail berriak. Lehen bi atalak Orange TVn estreinatuko dira gaur, eta, bihartik aurrera, telesail guztia ikusteko aukera izango da. Atal bakoitzak hogei minutu irauten du, baina osorik ikusteko modukoa ere badela dio Serrak, bi ordu baitirau denera.

Baliabide aldetik, elementu berritzaile nagusi bat dauka telesailak: grabazio ia guztia sakelako telefonoekin egin dela. 2019ko udan girotuta dago istorioa, eta Serraren proposamena argia da: desagertutako gazte horien sakelakoetan topatutako bideoak bata bestearen ondoren jartzea. «Gazteek gaur egun ia dena grabatzen dute; gure artean aipatu izan dugu nola askotan kalean gertatzen ari den borroka batean lagundu beharrean, grabatzen hasten diren. Bada, errekurtso hori oso baliagarria iruditu zaigu kontatu nahi genuen istoriorako». Telesailaren kontakizuna, beraz, gazteek eurek grabatutako bideoetan oinarritzen da.

Hasieran, aktore bakoitzak bere sakelako telefonoarekin grabatu behar zituen irudiak. Hau da, interpretazioaz aparte, grabatzeaz ere arduratu behar zuten. «Gaur egungo gazteak sakelako batekin jaio dira kasik, eta, orduan, naturalago geratuko zela iruditzen zitzaidan; baina hasierako probetan garbi ikusi nuen aktoreek arreta hadiagoa jartzen ziotela irudiari, interpretazioari baino». Ez zen hori zuzendariak lortu nahi zuena, eta, horregatik, Serra bera arduratu zen, sakelako telefonoa eskuan, telesaileko irudiak grabatzeaz. «Pertsonaietako batek telefonoa besteari pasatzen dionean ere, nik egiten nuen aldaketa hori; esperientzia oso aberasgarria izan da».

Gazteei bideratuta

Telesaila publiko guztientzat delaazaldu du zuzendariak; baina hori horrela bada ere, onartu du erabiltzen diren baliabide asko gazteek hobeto ulertuko dituztela. «Bertan azaltzen diren kodigo batzuk gazteek hobeto hartuko dituztela iruditzen zaigu».Telesaileko protagonistak ere gazteak dira, eta grabatzen dituzten bideoetan sare sozialetan erabiltzen dituzten baliabideak txertatu dituzte, errealismo handiagoa emate aldera. Horregatik, gazteenek hobeto hartuko dutela uste du.

Atal bakoitzaren iraupena ere motza da, hogei minutu inguru. «Autobusean edo metroan, institutura bidean atal bat ikusteko modua eskaintzen du, baina nahi izanez gero, film bat balitz bezala ere ikus daiteke». Grabazioak ere horrela aurreikusi zituzten: film batean bezala egin dituzte, leku bakoitzean grabatu beharrekoa grabatuz, eta ez atal bakoitza aparte eginez. Horregatik, Serrak dio film baten elementuak dituen telesail bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.