Pinar Selek. Idazlea eta soziologoa

«Badirudi kartzela, erbestea edo heriotza direla artistaren patua»

Feminista eta antimilitarista izanik, funtsean «zapalkuntza mota ororen» kontrako borrokan ari da aspaldi honetan Pinar Selek idazle eta soziologo turkiarra. Olerkiak eta eleberriak idazteaz gain, ikerketa arloan ere badabil.

BERRIA.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Kurduen ahozko literaturari buruzko lanketa bat hasi orduko atxilotu zuen Turkiako Estatuak 1998an, eta, bi urte berantago aske utzirik ere, beti hor daukate Pinar Selek (Istanbul, 1971), jomugan. Istanbulgo atentatu batean parte hartzeaz akusatu dute, eta Frantzian dago erbesteraturik azkenaldian. Haren kontrako auzia trenkatu gabea dute oraindik: bizi guztiko presondegi kondena arriskatzen du.

Olerkiak, eleberriak, saiakerak, artikuluak, baita ikerketa lanak ere; hainbat hizkuntzatara itzuliak dira haren literatur lanak eta idazkiak, eta Seleken borroka islatzen dute.

Helin Bolek joan den apirilaren 3an hil da, 288 eguneko gose greba egin ondoren. Grup Yorum taldeko kideak kantu kurduak kantatzen zituen, populu zapalduen aldarriz eta ideia iraultzailez josirik. DHKP-C Herritarren Askapenerako Armada-Fronte Iraultzailea erakundeko kide izateaz akusaturik, preso sartu zituzten Bolek eta Grup Yorum taldeko musikariak. Errepresioa eta zentsura salatzeko egin du hil arteko gose greba.

Uste dut Helinekin gertatu dena adibide ona dela Turkiako Estatuko artisten egoera zertan den ulertzeko. Haur nintzenetik irakurri ditudan liburuen idazle guztiek, poetek, gustukoak nituen margolariek, denek ukan dute ibilbide bera: kartzela, erbestea edo heriotza, eta badirudi horiek direla artistaren patua. Horrela zen, eta horrela daoraino ere. Orain, musikari kurdu anitz preso daude. Batzuk biziki ezagunak dira: Nudem Durak, Dilan Cudi Saruhan eta Saide Inanc Caney, besteak beste. Zehra Dogan margolaria ere preso da.

Zer erran nahi du horrek?

Egoera zinez larria da. Gainera, militanteak ez direnak ere sartzen dituzte preso. Osman Kavala, konparazione, medikua da. Ez zen militantea, baina artistak sostengatu ditu, eta akusatu dute Gezi parkeko altxamenduan parte hartzeaz 2013an. Betiko sartua dute preso. Diputatuak, auzapezak, kazetariak eta beste anitz jende ere kartzelan dauzkate. Aspaldiko sistema errepresibo baten segida da.

Zu ere auzipetu zaituzte.

22 urte dira ene kontrako auzia hasia zutela, eta uste dut sinbolikoa bilakatua dela. Auzi horrek segitzen dueno, gauzak ez dira hobetuko, edo nekez. Sortzez turkiarra naiz, baina kurduen egoera ikusi dut, armeniarren genozidioaz ohartu naiz, eta horrela naiz estatuaren etsai bilakatu. Horretaz mintzatzen hasi naizelarik, estatuak zigortu nau. Eta bortitz. Kriminalizatu nahi izan naute sekula eginen ez nituzkeen gauza batzuez akusatuz. Alta, buru egindiet, bai torturari eta bai kartzelari. Askatu nautelarik, militatzen segitu dut. Erbestean ere segitu dut. Estatuak galdu du. Enekin egiten dutena eredu gisa nahi zuten, gero besteen izutzeko. Baina segitzen dudano...Orain anitz pertsona ene ber kasuan daude, nahiz eta ene auzi hori ohiz kanpoko izan. Egia da normalki ez dela horrelakorik gertatzen. Akusatzen naute atentatu batean parte hartzeaz, eta gauza biziki konkretuak leporatzen dizkidate. Usaian, beste militanteak erakunde terrorista bateko kide izateaz akusatzen dituzte. Auzia ez da oraino bukatua, ez dute erabakia. Kondenatzen banaute, Europan ere arriskuan izanen naiz. Baina militatzen segitzen dudano, gazteak horri interesatzen zaizkio eta jendeak hori aipatzen du. Jendea beldurtzeko baliatu nahi ninduten, baina uste dut kontrakoa dela gertatu eta kuraia eman diedala, gainera! [Irriak].

Artistek jasandako errepresioa ere azkarra da.

Izugarria da. Estatua artearen beldur da, adierazpen bide bat baita, eta oraino eta gehiago, aldarrikapenak horretan islatzen baitira. Badakite artearen bidez kapitalismoari eta errepresioari buru egiten ahal zaiela. Askatasun beharra sentitzen da, justiziaren beharra. Estatuak behartzen ditu anitz jende bortizkeria baliatzera, baina beste erresistentzia mota bat ere bada: artea baliatzen duena. Erran nezake azken hogei urteotan kontrakotasun manera berriak sortu ditugula, sorkuntza baitute iturburu. Kurduek ere manera berriak dituzte orain. Beti bada sorkuntzarako gogoa, eta, sorkuntza erresistentzia den bezala, erresistentzia egin behar da sortzeko.

Ihardukitze molde berriak aipatzen dituzu. Artearen bidez pasatzen direnak, alegia. Borroka armatutik aldentzen dira?

Usaian bortizkeriarik gabeko bideak dira, bai. Artistak ez dira manifestaldien buru, antolatzaile, baina zerbait elikatzen dute, eta pisu handia daukate. Hortakotz da Estatua haien beldur. Errealitatea ikusteko beste manera bat ematen dute, eta horrek zerbait berria dakarkio kolektiboari. Sorkuntza kolektiborako gogoa ematen du arteak berak.

Helinek heriotzaraino egin du gose greba. Preso gaudelarik, gerta dakiguke beste aukerarik ez ikustea. Nihaurrek ere hala egin nuen 28 egunez, ez neukalako adierazteko beste biderik. Baina mugimendu azkar eta zabal bat ari da beste bide posibleen jorratzen. Feministak, LGBT elkarteak, kurdu batzuk... horretan dabiltza. Manera berri horiek asmatu behar ditugu etorkizun baten ukaiteko, sinpleki, estatuak hil nahi gaituelako. Badakizu, Turkian, pertsonek ez dute anitz balio, edo, bestela erranik, nahi dute hil gaitezen. Bizitzeko manera bakarra izanen da sorkuntza.

Eta hori, modu kolektiboan?

Bai. Errepresioa izugarria da. 2013ko altxamendutik landa, gobernuak mekanismo errepresiboa plantan eman du, berriz ere. Baina ez du horrek dena oztopatzen; gure borroka ez da baratu.

Erresistentzia aberastu da. Oro har, jendea idazten hasi da, eta sorkuntza kolektiboa izan da. Artea jendartera hedatu da, eta horrek esperantza dakar. Errepresioak mugimenduak erradikalizatzera behartzen ditu, eta ez dit esperantzarik ematen. Zerbait sortzen den momentutik, hor da interesgarria. Orain, adibidez, antzerki talde baten lanari begira nengoen; maskulinitatearen eraikuntzari buruz egin dudan lan batetik abiatu dira —Herrestan ibiliz, gizon bilakatu liburua—, eta antzerkira egokitu dute. Karriketan ematen dute, eta publikoa hor daukate. Ez da erraza, baina horrelakoek erakusten digute borrokak beti aitzinera darraiela. Gainera, elkartasuna ere senti da. Presoenganako elkartasuna biziki handia da. Behar bada irabaziko dugu!

«Irabazteko»... Adierazteko bide artistikoa aski dea?

Ez, batere. Ez da aski, baina, hori gabe, ezin genezake beste mundurik sor: beste mundu eder hori, zeinetan izate guztiak loratzen ahalko baitira. Beraz, borrokan jarraitzen dugun ber, berrikuntzen irudikatzen eta sortzen segitu behar dugu. Mugimendu libertarioetan, feministetan, LGBT elkarteetan eta mugimendu ekologistetan besteak beste, hor daukagu galdera: nola asmatu gure bizi berriak ? Estatuaren errepresioak hertsadurak dakarzkio mugimendu horri, baina bere bidea egiten du.

Hala, nik diot esperantza erdi bat daukagula. Bestela, erraten bagenu esperantza daukagula, ez genuke deus eginen. Eta desesperatuak bagina, gauza bera. Beraz, esperantza erdia dut.

Turkiatik ihesi joan zara, Frantziara. Han ere militatzen duzu, betiere idazten jarraituz.

Ez nuen nahi erbestean izateak ene borroka baldintza zezan. Nik askatasuna nahi dut. Libertarioa naiz, eta libertatea maite dut. Ene Turkiako borroka ez zen bakarrik estatuak egiten zuenaren kontrakoa. Hango jendearekin harremanak atxiki ditut, armeniarrekin, kurduekin eta turkiarrekin. Baina hemen aktibo izan nahi dut; mugimendu feministetan eta ekologistetan ari naiz. Borroka lokal eta ekologistetan ari naiz.

Lokaletik abiatu behar dela uste duzu?

Lokala eta transnazionala lotu behar ditugu. Ez dugu homogeneoak izan nahi, gure arteko diferentziak eta heterogeneitatea bermatu behar ditugu: kulturala, politikoa, soziala eta abar. Ez dugu zentralizatuak izan nahi, eta beste forma transnazionalak sortzen ditugu borrokak koordinatzeko. Hori inportantea da. Ez dira ber formak, sortu eta transformatu behar ditugu. Bretainiako Notre-Dame-des-Landesen adibidez, aireportuaren borroka hasia zuten, baina hedatu da pixkanaka, eta beste gizarte baten aldeko borroka bihurtu da. Sare zabala sortu da inguruan, hainbat nazionalitatetako jendearekin. Pentsu dut lokalean egotea inportantea dela, hor sustraitzen baitugu borroka, baina ateek irekiak egon behar dute ideia berriak eta esperientzia berriak trukatzeko. Kontzeptu berriak, sorkuntzak kurriarazi behar ditugu: trukatu, eztabaidatu, elkar kritikatu, egiazko elkarrizketak ukan. Behin hori kausitu eta, orduan, bai, egiazko aldaketa izan daitekeela uste dut.

Ez dugu ahantzi behar mundializazioa terminoa bakarrik ekonomiari, kapitalari doakion hitza dela. Pobreenek mugei buru egin behar diete, geroz eta gehiago. Orain, denei dagokigu mugak zeharkatzea, transnazionala izatea, gure herriak eta sareak eraikitzea orain dauzkagun mugak hautsiz. Itzulpenak biziki inportanteak dira ideiak zabaltzeko.

Zergatik idazten duzu?

Egiten baduzu, errateko zerbait daukazu. Batzuetan, dauzkazun arazoen adieraztetik hasten zara. Telebistak beti dibertitu nahi du jendea, ez dadin egon deus egin gabe eta, batez ere, ez dadin hasi pentsatzen. Hori biziki lanjerosa da sistemarentzat. Zerbitzu militarrari buruz egin nuen ikerketan, ohartu nintzen beti eginarazten zietela zerbait soldaduei. Tira ahala. Ez dituzte sekula bakartasunean uzten, hutsean. Okupatzen dituzte, eta, deus ez delarik, harriak lurrera aurtiki eta bilarazi. Eta ikusten dut telebistan hori egiten dutela, jendea dibertitzeko, beti. Bestela, jendea hasiko da pentsaketan, eta sorkuntzarako bidea irekiko zaio: artea. Eta egiazko gogoeta bat dagoelarik, beti eduki bat dauka, eta eduki bat dagoelarik, politikarekin harremana dauka.

Arteak ez du dibertitzen?

Arteak, industria kulturalaren menpe bada, zentzua galtzen du, merkantzia objektu bilakatzen delakotz. Horrek sorkuntza zailtzen du, industria kulturalek erabakitzen baitute zer egin behar den. Idazle gisa, biziki inportantea eta funtsezkoa da horren kontra joatea. L'insolente liburuan hori aipatzen dut. Kultura industrien kontra egiten dut, libre segitzeko.

Militanteentzat, eta beste bizimodu bat nahi dutenentzat, ezinbestekoa da poesia bidelagun izatea. Sistema kapitalistak poesia hil nahi du dena homogeneizatuz: gauza guztiek elkarren eitea dute. Sosaren mundua eraiki dute, baina guk ez dugu nahi. Poesiaren mundua dugu nahi, zeren eta poesiarekin aniztasuna erdiesten baita; eraikuntza desberdinak, harremanak, borrokak... Beraz, gure borrokaren barnean, ez dugu sistema horrek egiten duena errepikatu behar. Poesia galduz, ez gakizkioke beste mundu horri lotu. Ni poesiaren militantea naiz; hori galtzen banu, dena galdua nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.