BONSAIEk OXIGENOA NOLA

Txikitasunetik egiten diete ekarpena argitaletxe txikiek euskal liburugintza sistemari, panorama osatuz eta arnasa emanez. Ez dute beste batzuen baliabide eta gaitasunik, baina lan berritzaileak eta bestelako zabalpen tresnak baliatuz lortu dute bizirik iraun eta aurrera jarraitzea.

BERRIA.
Ander Perez Argote
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Handi-handirik ez dago euskal argitaletxeen munduan, edo ez, behintzat, beste erdal industria batzuetako tamainan. Baina txikiak badira. Bokazio pertsonalak, ikuspegi eraldatzaileak edo bestelako arrazoiak direla medio, ez dira gutxi argitalpen panorama osatzeko sortu diren argitaletxe txikiak. Eta osatu da hemen hitz funtsezkoa: lehia ikuspegitik harago, argitalpen industriak izanditzakeen hutsuneak bete, proposamen berritzaileak egin eta inork hartuko ez lituzkeen arriskuak hartu ohi dituzte. Bere txikian, osasuntsu mantentzen dute ekosistema bera. Bonsaiek, txikiak izanagatik, oxigenoa ematen duten neurri berean.

Ez dute gainerakoek dituzten promozio mekanismoak; ezin dituzte egitasmo handiak martxan jarri; ale gutxiko argitaraldiak dituzte, eta badakite haien liburuak ez direla nonahiko dendetan izango. Bestelako bitartekoak eta ideiak baliatuz egin dute aurrera egungo egoera zailean. Hauek dira horietako batzuk.

GAUMIN

«Barne hutsune bat» bete nahian sortu zuen Fernando Morillok Gaumin argitaletxea, orain dela sei bat urte. Idazle Esperientziaduna zen ordurako, hainbat liburu argitaratutakoa, eta bazituen beste hainbat kaleratzeko eskaintzak ere. Bere kabuz lan egin nahi zuen, ordea: «Banuen gauza batzuk desberdin egiteko gogoa, eta oztopoak topatzen nituen. 'Hau horrela egingo nuke' errepikatzen nuen. Eta beti: 'Ezin da'». Txoko propioa nahi zuen, berea.

Proiektuak gehiago du bokaziotik, ikuspegi ekonomikotik baino: «Ekonomiari begira baldin bazaude, hobe duzu beste edozer muntatu». Eta, halere, bizirik iraun du argitaletxe handiagoekin partekatutako merkatu batean. Bide berriak jorratzea izan da horretarako gakoa. Tartean dira audioliburuak —«ez dute batere dirurik ematen, baina esker ona bai»—, eta Irakurketa erraza izenpean bildutako liburuak. Europa iparraldetik inportatu zuten ideia hori, euskara ikasten ari diren edo irakurtzeko arazoak dituztenei liburuak eskaintzeko. Ongi funtzionatzen du.

Paradoxa da txikitasunarena: «Desabantaila dena abantaila ere bada. Txikia izanda, errazagoa da proiektu batzuei aurre egitea. Ez duzu ez dakit zenbat pertsona konbentzitu behar». Muga ere bada, noski, eta horregatik, adibidez, promozio bideak beren aukeretara egokitu behar izan dituzte, halabeharrez. «Promozioa txikian egiten da, bigarren mailan. Ez zara agertzen ohiko komunikabideetan, baina iristen zara iritsi beharreko leku horietara». Bideak eman ditu etekinak; bai, behintzat, lanean diren hiru pertsonei ogia ahoratzeko beste. Baina bada ñabardurarik: «Ematen du, baina lan bikoitza egiten dugulako. Nik oso gustura egiten dut, nire bizitza delako idatzi eta liburuen inguruan ibiltzea».

Baina ez da beti erraza txikien bidea, eta, adibiderako, Durangoko Azoka. Ez doakio gaizki Gaumini, baina ezagutzen ditu Morillok beste batzuen komeriak: «Ikusi besterik ez dago zer stand zeuden duela hamar urte eta zeintzuk geratzen diren. Txiki askok atzera egin dute, eta talde handiagoak sartzen ari dira, gainera, kulturari lotuak ez daudenak». Eta txikirik gabe, haren ustez, ez dago kultura bultzatzerik.

EDO

Aurki emango du bukatutzat bere bidea Edo argitaletxeak. Bi liburu berri argitaratuko ditu, baina gero kito. Bukatuko da proiektua. Eta, halere, geratuko da aurrerantzean esperientzia eta eredu modura.

2012ko udaberria zen kulturgintzan zebiltzan pertsona talde batek bi urtez mamitutako gogoeta publiko egin zuenean. Egoeraren diagnostikoa eginda, bi norabidetan planteatu zuten argitaletxe kontzeptu berri bat mahai gaineratu beharra. Tartean zen Oier Guillan ere. «Batetik, faltan sumatzen genuen liburu mota batzuk euskaraz plazan egotea». Hala, «bazterrean» gelditzen ziren genero batzuen aldeko apustua egin zuten, leku eman nahian, adibidez, antzerkiari, edota formatu laburreko testuei. Gainera, «erdaretan ohikoagoak diren apustuak» ere sumatu zituzten faltan, «ikuspegi artistikotik», batik bat. Edizioak zaintzeaz ari ziren, eta baita ikuspegi grafikotik «arriskuak» hartzen dituzten lanak kaleratzeaz ere.

Funtzionamenduari zegokiona zen eraldatu nahi zuten bigarren arloa: «Proba bat egin nahi genuen, eta ikusi ea modu parte hartzaile batean sor zitekeen halako proiektu bat, erabakiak taldean hartuz, eta borondatezko lanean oinarrituz». Sortu, sortu zuten, baina denbora igaro ahala ez dute lortu lantalde hartakoek hasieran hartutako ardurak beste batzuek hartzea. «Bagenekien militantzia eta borondatezko lanak baduela iraungitzeko arriskua». Bi urteko konpromisoa hartu zuten hasierako bultzatzaileek, baina luzatu behar izan dute ardura, luzatu ahal zen guztia. Orain, azkenean, itxi egingo dute.

Arrazoiak, beraz, zerikusi gutxi du ekonomiarekin. Kontrakoa: «Ekonomikoki oso ondo funtzionatu du proiektuak». Harpidedun eta bazkideek «fideltasun oso handia» erakutsi dute, eta liburuak uste baino gehiago saldu dira. Eta bizirik iraun dute. Sekretua, borondatezko lana. «Ekonomikoki funtzionatu du ez dugulako langile liberaturik. Bestela, ez litzateke horrela». Hain justu, horregatik hartu ahal izan dituzte hartu ahal izan dituzten arriskuak. Eta hortik Edo-ren ekarpena ere: «Ez genuen proiektua beste argitaletxeekiko lehia logika batean ikusten, baizik eta panorama elkar osatze aldera. Kontua ez zen besteek egiten dutena egitea, baizik eta besteek egin ezin dutena. Eta ezin diot, askotan halako apustuak euskaraz egitea ekonomikoki suizidioa delako».

Amaituko da, beraz, Edo-ren bidea, baina geratuko dira haren liburuak, izan zenaren lekuko. Horregatik, negarrik ez: «Alde positiboak oso positiboak izan dira, eta badugu nolabaiteko arrakasta sentsazioa. Ospatu nahi dugu Edo existitu izana».

DENONARTEAN

«Ikusten genuen euskal argitalpen eta liburu dendetan narratiba, saiakera eta poesia zirela hiru genero garrantzitsuenak, baina beste batzuetan, batez ere irudiarekin zebilen materialean, hutsunea zegoela». Unai Pascual Denonartean argitaletxeko editorearena da gogoeta. Kike Hualderekin batera sortu zuen enpresa, 2008an. Amorratzen zuen Pascual ilustrazioaren egoerak: «Gure kulturan zegoen material gehiena eskolara bideratuta zegoen, eta, beraz, kalitatea murrizten zen prezioa merkatzeko, eta gauza bitxi eta politak kanpotik ekartzen ziren». Eta gehiago: «Amorrua ematen zidan ikusten nuenean Elena Odriozolaren liburu bat Huelvako argitaletxe batek egina». Horretarako sortu zuen argitaletxea, tokiko ilustratzaileei —«hainbat eta hainbat dauzkagu, mundu mailako prestigioarekin»— toki bat egiteko. Eta bestelakoak ere kaleratu badituzte ere, liburu ilustratuen esparruan lortu dute, batik bat, erreferentzia.

Gastu gehiena dakarten zerbitzuak euren esku hartuta lortu dute sektorean onik ateratzea. Pascual, adibidez, argazkilaria da, eta berak egiten du irudien digitalizazioa, gastu hori kanporatzeak ekarriko lukeen kostua aurreztuz. Eta bada besterik: «Bi gara, eta gehien-gehiena guk egiten dugu. Beraz, Elkarrek baino ale gutxiago saldu behar dugu liburu bat errentagarri egiteko». Autonomoak dira bi kideak, eta, horregatik, liburuaren arabera kobratzen dute: «Liburu batetik 500 euro ateratzen badira, bada 500 euro». Eta onartu du izaten direla batzuetan ohiko salmentak —1.000 ale inguru saltzen dituzte normalean— gainditzen duten lanak, diru gehixeago eta, bide batez, arnasa pixka bat ekartzen dutenak.

MEETTOK

Ramon Etxebesteri zor zaio, neurri handi batean behintzat, Alice Munro, Don DeLillo eta Philip Roth euskaraz irakurri ahal izatea. 63 urte ditu, eta «lan bizitzaren azken fasean» sortu zuen Meettok, orain dela hamar urte. Ofizio bihurtu zuen afizioa: «Beti gustatu zait irakurketaren eta kulturaren mundua, eta literatur argitaletxe txiki bat jarri nahi nuen».

Euskaraz zein gazteleraz publikatzen ditu liburuak Meettokek, puntako nazioarteko idazleen itzulpenak batik bat. Finean, Etxebesteri berari irakurtzea gustatuko litzaiokeen lanak dira. Sinetsita dago literaturaren balioaz: «Bizitzen lagundu dit, eta uste dut niri gertatzen zaidana beste batzuei ere gertatzen zaiela».

Beste batzuen aldean, euskarara ekartzen dituenak autore garaikideak izatea da Meettoken berezitasuna. Beste argitaletxe batzuk prestigiozko autoreak gaztelerara ekartzen dituztenean, euskarazko itzulpena ekartzen saiatzen da Etxebeste, bat egin dezaten denboran eta dendetan euskarazkoak eta gaztelerazkoak. Eta laguntzen dio estrategia horrek: «Haiek [erdal argitaletxeek] zarata handia egiten dute, jendea ekartzen dute... hau da, nik egin ezin ditzakedan gauza horiek».

Hala egiten du aurrera Meettokek, «literatura elitista ez, baina kalitatezkoa» gurera ekarriz. Durangon izango da aurki, baina ez gustu handiz: «Ez naiz ausartzen ez joatera, jendeak ez duelako ulertzen erabaki hori, uste dutelako zerbait kontran duzula». Eta kontra-kontran agian ez, baina ez da eroso egoten hainbat gauzarekin: «Uste dut Durangon saltzen den produktu mota Durangon salduko ez balitz dendetan salduko litzatekela. Beraz, iruditzen zait igual ari naizela dendak izorratzen».

AUTOEDIZIOA

«Narrazio bilduma bat neukan eginda, eta kaleratu nahi nuen». Sinplea bezain logikoa dirudi Iñigo Basaguren-Duarteren arrazoia. «Ez nuen nahi ohiko bideetan kaleratu, neure burua ez dudalako eroso ikusten hor». Eta bi arrazoiak elkartuta sortu du Barnezomorro zigilua, orain dela hilabete eskas. Haren bitartez argitaratu du Erori lana, eta esku artean du liburu berri bat ere, Igor Mercado eta Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetariarekin batera.

Basagureni pilatu egiten zaizkio ohiko argitaletxe sistemaren aurkako kritikak: «Aspertu egiten naute; ez zaizkit zintzoak iruditzen, eta topikoak bota nintzakeen, kulturaren merkantilizazioari dagokionez. Ez diot inori ezer aurpegiratu nahi; ez dut leziorik eman nahi. Besterik gabe, nik ez dut neure burua hor ikusten, eta nire bidea egin nahi dut, inoren mesedeetara egon gabe, inori esplikazioak eman gabe». Musikaria izan gabe, musika munduan eman ditu urteak, eta bertan ikasitako filosofia eraman du orain bere literatur lanera. «Punketik eta hardcoretik edan dut zuk zerbait nahi baduzu zuk zeuk egin dezakezula». Esan eta egin.

Izan liteke argitaletxeekiko kritikagatik, izan liteke aukera faltagatik, baina badira gero eta gehiago autoediziora jotzen duten idazleak. Urrun dago oraindik letren mundua musikan ohikoagoa den fenomenotik, baina izan badira, eta ez beti bazterrekoak. Txillardegik berak Haizeaz bestaldetik eleberria (1979) bide horretatik kaleratu zuen, eta azkenaldian Maite Agirre (Bihotzero) eta Jose Luis Asensio (Ixa ASAP!) batu dira autoediziora. Arnas putz bat, bere txikian, literatur lanak hedatzen jarraitu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.