Lanean ere jan liteke osasuntsu

Plataforma bat eskarietarako eta sukalde bat otorduetarako, biak batu ditu Vluberrek. Helburua: langileen gustu eta beharretara egokitutako platerak eramatea enpresetara.

Vluberrek enpresetara banatzen dituen plateretako batzuk: perretxiko risottoa, kuskus entsalada, ilarrak urdaiazpikoarekin, dilistak txorizoarekin eta izokin marmitakoa. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Pantailaren aurreko otordu korrika eta presazkoak. Bezperan handik hartu, hemen sartu, eta bat-batean nahastutako tuper prozesatuak. Irudi horiek iraultzea da Vluber enpresaren helburua. Ekintzailetzaz, berritasunez, adimen artifizialaz, eta osasunaren eta tokiko produktuen aldeko apustua eginez. Plataforma bat eskuz eskukoa, banaketa bat enpresaz enpresakoa, aholkularitza bat langilez langilekoa, eta sukaldaritza bat etxez etxekoa.

Bi euskal ekintzaile: Breixo Conde eta Nuño S. Urrea. Sukaldaritzan eta ostalaritzan pilatutako eskarmentuari emandako aterabidea da Vluber. «Plataforma bat eta sukalde bat, bi gauzak batzen ditu Vluberrek. Argi geneukan ekoizleak izan nahi genuela, baina garbi izanda garaiotan ezin dela halako produkturik ekoitzi eta saldu teknologiarik gabe. Bi gauzak nahastu genituen», azaldu du Breixo Condek.

Enpresak dituzte bezero. Langileak plataforman erregistratzen dira —heldu den astean estreinatuko dute webgune berritua: Vluber.com—, eta tratu pertsonalizatua ematea da helburua. Horretarako, langileek galdetegi bat bete behar dute euren kontsumo ohiturak, alergiak, egiten duten ariketa fisikoa eta bestelakoak zehaztuz. Behin soslaiak sortuta, plataformak datu horiek baliatzen ditu bakoitzaren neurrira egindako menuak sortu eta aholkatzeko. «Gure helburua da enpresen barruan ohitura osasuntsuak hartzea. Bai enpresak erakunde moduan, bai langileek erabiltzaile moduan. Egunerokotasun horretan ohiturak hobetzea elikadura arloan», azpimarratu du Condek.

Kate osoaz arduratzen dira. Tokiko produktuak aukeratzen dituzte —%80 da orain—, eta haiekin kozinatzen dituzte platerak —Zestoan (Gipuzkoa) dute horretarako azpiegitura—. Banaketa ere haien ardura da. «Lerro hotza deritzona erabiltzen dugu. Pandemia garaiotan, berme gehiago ematen du horrek. Enpresetara lau gradutan eramaten ditugu platerak. Geuk sartzen ditugu enpresa barruraino, bermatzeko katea ez dela inon eteten ».

Martin Berridi Vluberreko marketin eta komunikazio arduradunarena da zehaztapena: «Eta prozesu eta kate horren barruan sartzen da aholkularitza. Lehen fasean, enpresak zer behar dituen ikusi, eta nola eman zerbitzu egokia».

Sukaldearekin egiten dute lana, baina datuekin ere bai. Adimen artifizialaren erabilerari buruzkoak argitu ditu Condek: «Gurea prest dago horretarako, baina benetan adimen artifiziala erabiltzeko datu askoz gehiago beharko genituzke. Gaur egun erabiltzen duguna da gomendioen motorra delakoa. Erabili izango dugu adimen artifizialaren kontzeptua, baina gure teknologoak errieta egiten digu esanez oraindik ez ditugula hainbeste datu tratatzen».

Berritzailea da Vluberren proposamena. Atzerrian egindako urteetan ohartu zen Conde horrelako zerbaitek izan zezakeela aterabidea Euskal Herrian ere. «Ikusten nuen bai supermerkatuetan, bai lantokietan... ari zela jendea eskaintza bereziak egiten. Ikusten genuen bazetorrela hona ere, baina kostatzen ari zitzaiola iristea. Azkenean, aurrera egitea erabaki genuen». Berridik zehaztu du: «Aurreratu egin gara agian, baina erronka ederra da».

Merkatu «gogorra»

Sukalde, sukaldaritza, plater eta janariekin zerikusia duen oro bihurtzen da aukera Euskal Herrian, baina baita errezelo ere, batzuetan. Merkatu «gogorra» dela aitortu du Condek. «Gure ohiturak eta tradizioak oso finkatuta daude, eta aldatzea asko kostatzen zaigu. Hori errealitate bat da. Nik 2010ean denda bat izan nuen. Janari prestatua saltzen zen, eta eramateko zen dena. 'Nora zoaz horrekin?', galdetzen zidaten. Baina sortu eta hiru urtera elkarte gastronomikoetatik etortzen zitzaizkidan janari prestatua erostera. Niretzat ere sorpresa izan zen. Enpresen barruan ere gertatuko da aldaketa, eta etxeen barruan ere bai».

Medikuekin, nutrizionistekin, osatzen dituzte platerak. Bezeroen artean dituzte Gamesa, Hadimek... Elikadura osasuntsuaren aldeko apustua da gehienetan helduleku sendoena. «Janaria osasuntsua izatea bada jendea erakartzen duen zerbait. Enpresetako soslaietan jende gazte eta kirolaria sartzea errazagoa izan da. Haientzat oso garrantzitsua da egunerokoan ongi jatea», azaldu du Martin Berridik.

2021erako erronkak ezarriak dituzte: plataforma aplikazio bidez sendotzea eta mila erabiltzaile baino gehiago lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.