Musika 

Desertuaren ahaire berritua

Mammane Sanik Nigerko musika tradizionala eraberritu zuen 70etan, elektronikarekin soinu molde berriak garatuz. Donostiako Tabakaleran arituko da asteazkenean.

Sani Abdullaye, teklatua jotzen. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Mammane Sani Abdullaye oihartzun handiko izena da Nigerko abangoardiako musikan; izan ere, erabateko aitzindaria izan zen Afrikako mendebaldeko musika elektronikoaren esparruan. Ia 40 urtean, haren pieza instrumentalek Nigerko errepublikako telebista eta irratietako soinu banda osatu dute. Guztientzat ezagun izan dira irrati emanaldietako soinu hondoak eta telebista saioen arteko tarte instrumentalak. Gehienek Mammane Saniren sorkariak izan dituzte oinarri nagusiki, nahiz eta gehienek ez jakin.

Oraintsu arte disko bakarra plazaratua zuen, 1978ko La Musique Electronique du Niger, hain zuzen ere. Nigerko Irrati Nazionalaren estudioetan grabatu zuen; bi joaldi baino ez zituen behar izan, eta hango kultura ministerioak kasete formatuan argitaratu zuen. Ale gutxi batzuk baino ez zituzten argitaratu. Kasete horiek bildumagileentzako bazka baino ez dira izan, 2013an Sahel Sounds zigiluak lana berreskuratu eta berrargitaratu zuen arte. Mammane Saniren konposizioek asko dute teknika minimalistatik; soiltasuna eta soinuen arteko espazioak ardatz harturik, soinuaren manipulazio moduko bat egiten du isiltasunetik abiatuta, hustasuna gogora ekartzeko: desertuaren soinu paisaia metaforikoa. Nigerko musika folklorikoa izan zuen, eta hala du egun ere, iturri nagusi; kantu zaharren moldaketa modernoa egin zuen berak. Nigerko musika eta dantzak elektronikaren esparrura ekarri zituen: tende musikako danborra, Woddaabe tribuko balada polifonikoak eta artzain saheldarren himnoak elektrifikatu zituen.

Taaritt diskoa plazaratu zuen 2014an, bere ibilbideko bigarrena, eta bertan zientzia fikziotik gertu zegoen musikaren narratiba landu zuen; bere kultur tradizioko ehunka urtetako eraginak jaso eta ukitu futurista gehitu zion.

Iazko abenduan, Mammane Sanik sortzaileen egonaldi batean parte hartu zuen, Parisen. Musikari berriak ikuskizun berri bat landu zuen han, bateria eta gitarra elektrikoa lagun hartuta. Ikuskizun hori emango du orain Europan barrena; besteak beste, Donostian. Heldu den asteazkenean izango da kontzertua, Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.