Musika

Arriskua lagun

The Scientists Australiako rockaren ordezkari gailenetako bat da. Musika ilun eta askotan bortitzaren egileak, Kim Salmon eta lagunak, bueltan dira, eta Hondarribian joko dute asteon.

The Scientist taldea bere 40. urteurrena ospatzen ari da aurten. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Berrogei urte beteko ditu aurten The Scientists taldeak, 80ko hamarkadaren lehen urteetan bere garage-punk zingiratsuarekin erreferente bilakatu zen banda. 40 urte igaro dira ordutik, baina ezin esan lau hamarkadaz izan dela talde aktiboa, 1987ra bitartean funtzionatu baitzuen batik bat. Datu esanguratsu bat: urte hartakoa da taldearen azkeneko disko luzea, The Human Jukebox. 7 eta 12 hazbeteko lan batzuk kaleratu zituzten hurrengo urteetan, eta orduz geroztik disko bakar bat, zuzenean grabatutakoa: Sedition (2007).

Eta, hala ere, The Scientistsen itzala luzea izan da urteetan, eta, Australiako rock-and-roll indartsu, bizi eta, aldi berean, ilunaren ordezkari ez ezik, erreferente handia ere izan da rockari pasioa, arriskua eta puntu bereizgarri bat eskatzen diotenentzat. Ez da harritzekoa, beraz, askotan haren izena The Stooges, The Cramps, The Gun Club, Captain Beefheart eta Radio Birdmani lotua agertzea. Guztiak, bakoitza bere ezaugarriekin, ahots propioa erakutsi zuten taldeak edo artistak.

Eta, hala ere, bitxia bada ere, ez zen hasieratik hala izan, eta taldearen hastapenetan, rock ilunak baino gehiago, punkak eta power pop melodikoak elikatu zuten The Scientistsen musika. 1978an sortu zuten taldea Kim Salmon abeslari eta gitarristaren ekimenez —Cheap Nasties, Pertheko lehen punk taldetik zetorren—, eta hasiera hartan Boris Sujdovicek (baxua), Rod Radaljek (gitarra) eta James Bakerrek (bateria) osatu zuten laukotea. Berehala hasi ziren kide aldaketak, ordea, taldearen ibilbide osoan ohikoa izango zena.

Frantic Romantic / Shake (1978) lehenengo singleak eta The Scientists (1981) lehen LPak —disko arrosa gisa ere ezaguna bere azalagatik— definitu zuten laukotearen lehen soinua. Energiaz beteriko musika melodikoa, harmoniaduna, indartsua, baina era berean goxoa. Garai hartan The Buzzcocksek edota Stiv Batorsek egin zutenaren ildokoa. Diskoa kalean zegoenerako, baina, taldea deseginda zegoen, eta kideek norabide ezberdinak hartuta.

Norabide aldaketa

1981eko abuztuan, Salmonek The Scientistsen bigarren bertsioa jarri zuen abian. Sudjovic ez ezik, Brett Rixon (bateria) eta Tony Thewlis (gitarra) ere gehitu zitzaizkion, eta, lehenik eta behin, Sydneyra jo zuten. Hiriburura iristerako, The Scientistsek atzean utzia zuen power-pop-punk melodikoa, eta bereganatuak zituen molde bihurri, zaratatsu eta erasokorragoak. Ilunagoak, finean. The Velvet Underground esperimentalenen eta The Stoogesen haziak ereindako musika egiten hasi zen Salmon; Nick Cave,Rowland S. Howard eta Mick Harvey The Birthday Party taldean lantzen ari ziren doinu erasokorrengandik ez hain urruti. Punkaren, bluesaren eta zarataren artean. Blood Red River (1983) eta This Heart Doesn't Run on Blood, This Heart Doesn't Run on Love (1984) lanek agerian utzi zuten norabide aldaketa.

Australian oihartzun pixka bat eskuratuta, Ingalaterrara joan ziren, eta han grabatu zituzten hurrengo diskoak, baina 1987an jaioterrira itzuli, eta taldea itzalduz joan zen poliki-poliki, eta kideak beste proiektu batzuetan sartu ziren (Kim Salmon & The Surrealists, The Beasts of Bourbon, The Darling Downs).

Urteak diskorik grabatu gabe pasatu ondoren, iaz single bat kaleratu zuten (Mini Mini Mini / Perpetual Motion), eta, aitzakia horrekin, 40. urteurrena ospatzeko bira hasi dute. Larunbatean joko dute, Hondarribian (Gipuzkoa).

KONTZERTUA

Taldeak: The Scientists eta La Secta.

Non: Hondarribiko Psylocybenean.

Noiz: Larunbatean, 21:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.