Musika

Izenetik haragoko itzala

Glenn Branca New Yorkeko underground giroko musikaririk berezienetako bat izan zen 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera. Iragan astean hil zen, hainbaten argi ikur izanik.
Glenn Branca gitarra jotzaile eta musika konpositorea (1948-2018), irudi zahar batean.
Glenn Branca gitarra jotzaile eta musika konpositorea (1948-2018), irudi zahar batean. BERRIA

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 20
Badira musikari batzuk famako izena baino oihartzun eta itzal zabalagoa izaten dutenak, ezkutuko ondare moduko bat uzten dutenak agerikoa baino gehiago, beste sortzaile eta taldeengan eragiten dutenak. Horietako bat izan zen Glenn Branca gitarra jotzaile eta musikari estatubatuarra. Iragan igandean hil zen, 69 urte zituela, eztarriko minbiziak eraginda. Urte askoan erretako zigarrokinak eta kuantifikazioaz harago doan lurpeko —underground— ondarea utzi ditu atzean.

70eko hamarkadan eta 80ko lehen urteetan, hainbat sortzaile nabarmendu zen New Yorkeko underground eszenan, eta horietako bat zen Glenn Branca. Horien arteko bitxiena, askoren ustetan. Haren musikak bazuen esperimentaziotik, bazuen minimalismo ehunduretatik, bazuen sinfonietara bideraturiko gitarra konposiziotik, eta horrek guztiak rock eta noise egituretara egiten zuen maiz bide, horrenbeste ezen, haren eraginik gabe, zaila den ulertzea Sonic Youth, Swans, eta 80ko urteetako underground eta noise eszenako hainbat eta hainbat talde anglosaxoiren musika. Lee Reenald Sonic Youth taldeko kideak zera esan zuen Brancaren heriotzaren berri jakitean: «Brancak eman zien erantzunik inteligente eta erradikalena punkari eta avant-garde musikari».

Harrisburgen (Pennsylvania, AEB) jaio zen Glenn Branca, 1948an, eta 15 urte zituela hasi zen gitarra jotzen. Oso gazte zela, The Cristal Ship izeneko bertsio talde bat izan zuen, baina, bere kabuz, soinu pieza esperimentalak grabatzen zituen. 70eko hamarkadaren hasieran antzerkia ikasi zuen Bostongo Emerson Collegen, eta, Londrestik igaro eta berriro Bostonera itzulita, Bastard Theatre antzerki talde esperimentalaren sortzaileetako bat izan zen. Soinuarekin esperimentatzen zuen talde horretan.

New Yorkera 1976an joan zen bizitzera. Antzerki esperimentalarekin jarraitu zuen. Suicide, The Velvet Underground, John Cage, Karlheinz Stockhausen eta Igor Stravinski bera zituen erreferentzietako batzuk ordurako, eta argi zuen bere talde propioa sortu nahi zuela. The Static izenekoa sortu zuen, eta, handik gutxira, Theoretical Girls izena eman zion. Lau urte baino ez zuen iraun talde hark (1977-1981); ez zuen diskorik argitaratu, bi single baino ez, eta hogei bat zuzeneko kontzertu eman zituen, baina No Wave mugimenduaren zutarriak ezarri zituen, New Wave koloretsuaren ifrentzu modura.

Sinfoniak gitarrarekin

Brancaren musika soinua bere garaikideena baino ozenagoa eta pisutsuagoa zen. Haren soinu moldeak bazuen John Cagen minimalismoaren zantzurik, baita zen kulturaren minimalismoarena ere. Ondorengo belaunaldietako konpositore minimalista estatikoen oinarriak hor ziren.

Brancak 1980an plazaratu zuen lehen diskoa bere izenarekin: Lesson No. 1. Ondotik, iraupen ertaineko beste hainbat gitarra konposizio sortu zituen, The Ascention (1981) eta Indeterminate Activity of Resultant masses (1981). Ez zuen denbora askorik behar izan orkestretarako sinfoniak sortzen hasteko ere, gitarra eta baterietan oinarriturik. Musika industrialaren kakofonia eta mikrotonalitateak izaten zituen ardatz, mistizismo moduko bat eta matematiken zehaztasuna uztartuz. Z'EV poeta, perkusionista eta soinu artistarekin elkarlanean plazaratu zuen Simphony No. 2. Hurrengo urteetan, sinfonia sail luze bat osatu zuen. 8.ena eta 10.ena 1994an kaleratu zituen, eta hil aurreko azkena,2016an atera zuen, 13. sinfonia.

80ko lehen urteetan sinfonia horiek interpretatzeko alboan izan zuen taldean, gerora ezagun izan ziren hainbat musikari zeuden: Thurston Moore eta Lee Ranaldo (Sonic Youth), Page Hamilton (Helmet), Phil Kline (The Del-Byzanteens), eta Michael Gira, Dan Braun eta Algis Kizys (Swans).

Bere zigilua ere izan zuen lehen urte haietan, Neutral Records. Han plazaratu zituen bere lehen diskoak Sonic Youth New Yorkeko noise taldeak ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna