Noiz sortua: 2014-06-05 00:30:00

'Egunkaria auzia'. Auzi ekonomikoa

Bukatzera doa

'Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa artxibatu du Donostiako Zigor Epaitegiak, ustezko delituak preskribatuta daudelako.

Bost eguneko epea du fiskaltzak helegitea jartzeko
Martin Ugalde kultur parkean 2011n eginiko ekitaldi bat; pankartari eusten, auzi ekonomikoan auzipetutako batzuk.
Martin Ugalde kultur parkean 2011n eginiko ekitaldi bat; pankartari eusten, auzi ekonomikoan auzipetutako batzuk. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu -

2014ko ekainak 5
Begi bat zabaldu dute, baina erabat esnatu nahi dute, hamaika urte iraun duen amesgaiztotik, Egunkaria auziaren bi sumarioetan auzipetu dituzten hamar lagunek. Auzi nagusiko bostak absolbitu egin zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu ondoren. Orain, auzi ekonomikoa deiturikoan, epaiketa ez egitea erabaki du Donostiako Zigor Epaitegiak, auzipetuei leporatutako ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita.

Zortzi lagun daude behin betiko erabakiaren zain: Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi. Fiskaltza izan da akusazio bakarra, Dignidad y Justicia elkartea prozeduratik kanpo utzi ostean, auzia nagusia amaitu eta Auzitegi Nazionalak ebatzi ondoren auzi ekonomikoa deiturikoak «delitu terroristekin» zerikusirik ez duela. Nolanahi ere Espainiako Estatuaren ordezkariak eutsi egin dio akusazioari. Kasu honetan, zortzi auzipetuei diru kontuak faltsutzea eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzur egitea leporatu die. Hori mantendu du ustezko delitu horietan kaltetuak —Eusko Jaurlaritzak— birritan aurkakoa esan duen arren.

Baina fiskaltzak ahozko epaiketa egitearekin tematuta jarraitu badu ere, auzia behin behinean artxibatzea erabaki du Donostiako Zigor Epaitegiko 3. Salak, eta horren jakinarazpena jaso zuten atzo auzipetuen defentsek. Maiatzaren 23ko data du autoak; horren bitartez, Carmen Zubimendi epaileak erabaki du epaiketa ez egitea, abokatuek ahozko saioa egin edo ez aztertzeko apirilaren 7an eginiko saioan emandako argudio nagusia aintzat hartuta: ebatzi du ustezko delituak preskribatuta daudela. Orain, ikusteko dago fiskaltzak erabakiaren aurka helegitea jartzen duen edo ez. Apirileko saioan agertu zuen jarrerari eusten dion edo ez. Orduan, esan zuen auzia bertan behera uzteko «baliogabetasun, preskripzio eta urratze eskaera ororen» aurka azalduko zela. Ikuskizun dago orain epailearen erabakiarekin gauza bera egiten duen edo ez.

Gehienez bost eguneko epea dauka, eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegira jo behar du horretarako. Iñaki Subijana auzitegi horretako presidentearen eskuetan utz dezake pilota fiskaltzak. Bi aukera ditu: batetik, erreforma helegitea aurkeztea eta, aldi berean, apelazioa jartzea —hiru eguneko epea du helegitea soilik aurkezten badu, eta bostekoa, helegiteaz gain apelazioa aurkezten badu—, eta, bestetik, zuzenean apelazioa aurkeztea —bost eguneko epea—. Gipuzkoako Auzitegiak aztertuko ditu fiskaltzaren eskaerak. Erreforma helegitea aurkezten badu, Zubimendiren esku utziko du erabakia. Apelazioa bada, Subijanak osatu beharko du hiru epaileko mahai bat apelazioa onartu edo ez erabakitzeko. Azken erabakia, beraz, datorren astera arte luza daiteke. Auzipetuak, halere, itxaropen mezuak helarazi dituzte. Defentsak ere baikor azaldu dira. Uste dute oinarri sendoa duela erabakiak. Ustezko delituen preskripzioa argi geratu dela.

Fiskaltzaren jarrera, agerian

Argudio hori izan da, hain zuzen ere, Zubimendi epailearen autoaren ideia nagusia. Eta hori izan zen apirilean eginiko aurretiazko saioan defentsek erabili zuten argudio nagusia. Oinarrizko eskubideen urratzeak, akusazioak proposatutako lekuko eta perituen baliogabetasuna eta beste hainbat arrazoibide ere erabili zituzten auzia bertan behera utzi eta auzipetuan absoluzioa eskatzeko. Epaileak, halere, ez du beharrezkotzat jo horiei buruz iritzia ematea. «Ustezko delituen preskripzioak ez beharrezko bihurtzen du aurretiazko saioan planteatu ziren [beste] eskaerei buruzko iritzia ematea», idatzi du autoan.

Saio horretan, baliogabetze eskaera guztien aurka zaldu zen fiskaltza, baita preskripzioaren kontra ere. Defentsek erabilitako argudioen aurrean, zalantza uneren bat ere agertu zuen egun hartako saiora azaldu zen ministerioaren ordezkaria —fiskal bat baino gehiagok parte hartu du prozesuan—. Saioa une batez eteteko ere eskatu zion epaileari, kontsulta batzuk egiteko. Tarte horren ostean, eutsi egin zion ezezkoari: esan zuen legearen interpretazio «oso zurruna» egin zutela abokatuek, eta hori maiz eginez gero epaiketa gutxi egingo liratekeela. Epaileak, azkenenean, bat egin du defentsen ikuspegiarekin. Eta legeari jarraiki, irizpide onuragarriena hartu du auzipetuentzat.

Defentsek erakutsitako jurisprudentzia eta zigor kodeen erreformetan oinarrituz, epaileak ondorioztatu du auzipetuei leporatzen zaizkien ustezko delituak preskribatuta daudela. Egin zirela frogatuta ere, duela 16 eta 13 urtekoak direla eta delitu horiek bost urtera preskribitzen dutela. Fiskaltzaren arabera, baina, Auzitegi Nazionalak 2003an eta gerora kaleratu zituen autoek etengo lukete preskripzioa. Epaileak ez du aintzat hartu ikuspuntu hori; besteak beste, auto horietan auzi ekonomikoarekin zerikusirik ez duten hainbat lotura egin zituelako instrukzio epaileak. Horietako bati aipamena eginez honako hau dio: «Auto horrek ez du zehaztasun bakar bat ere egiten auzi honetan delitu gisa [kontuen faltsutzea eta iruzur fiskala] har daitezkeen egitateei buruz». Eta: «Zehazgabetasuna erabatekoa da [...] Kalifikazio —larriak— egiten ditu, baina ez du horietara iristeko behar diren gertakari zehatzen berri ematen. Eta, jakina, ez du datarik aipatzen ezta zenbatekorik ere diru laguntza publikoei buruz edo iruzur egindako kopuruari buruz».

Zeharka bada ere, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaile ohiaren instrukzio ezbaian jarri du Donostiako epaileak. Baina baita fiskaltzaren jarrera ere. Agerian utzi du auzi ekonomikoaren akusazioa eraikitzeko orduan Guardia Zibilaren txostenetan oinarritutako autoak erabili dituela, jakinda auziarekin zerikusirik ez duten eta auzi nagusian frogatu ez diren egitateak jasotzen dituztela.

Horrekin batera, epaileak gogoratu du ustezko kaltetuak ere uko egin ziotela auzian parte hartzeari, eta deliturik ez zela azaldu zutela txosten sendoen bidez. Zehazki, Egunkaria-ri emandako diru laguntzak legezkoak zirela jasotzen duten bi txosten utzi zituzten aldeen esku: 2012an, Patxi Lopezen gobernuaren Kultura Sailak eginikoa bata; eta bestea, Iñigo Urkulluren gobernuko Ogasun eta Finantza Departamentuak, 2013an. Biak fiskaltzaren eskuetan dauden arren, ez du horiei buruzko azalpenik eman, eta ez ditu kontuan hartu bere akusazioetan.

Albiste gehiago

Apirilaren 2an eguneratua, 13:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.022 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 555 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.459 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Gizon bat, Zagreben. ©ANTONIO BAT / EFE

Sakelakoen kokapena jasoko du Madrilek

Berria

Telefonica, Orange eta Vodafone konpainiek euren sareak erabiltzen dituzten sakelakoak non dauden kontrolatuko dute, eta informazioa Madrilgo Gobernuari emango diote. Koronabirusaren aurkako borrokan, populazioaren inguruko mugimenduei buruzko datuak biltzea da asmoa, Madrilen arabera, eta, gaineratu duenez, ikerketak ez ditu “gizabanakoen mugimenduak atzemango”, baizik datu “anonimoak eta multzoka”.

Murga, Urkullu eta Beltran de Heredia, diputazio iraunkorrean telematikoki azalpenak ematen. ©/ Irekia

Oposizioak «gardentasun falta» egotzi dio Urkulluri

Irati Urdalleta Lete

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Argudiatu du «osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean jasotako informazioan oinarrituta» jokatu dutela.

Donostiako ospitaleko langile batzuk, mobilizazio batean ©Jon Urbe (Foku)

Osasuna bermatzen ez duten enpresak, fiskaltzara

Jokin Sagarzazu

LABek langileen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzala eskatzeko. Ohartarazi du oinarrizko zerbitzu batzuk «kolapsoan» daudela. ELAk, berriz, materiala bermatzeko eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna