Italia osoko ikastetxeak eta unibertsitateak itxi dituzte

Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Italiako Gobernuak iragarri du ikastetxe eta unibertsitate guztietako ateak itxiko dituztela martxoaren 15era arte, koronabirusa gehiago zabaltzea ekiditearren.Lucia Azzolina Hezkuntza ministroak eta Giuseppe Conte lehen ministroak atzo arratsaldean eman zuten neurriaren berri, koronabirusa geratzeko gobernuak sortutako batzorde teknikoaren eta zientifikoaren balorazioari jarraituz. Azzolinak azpimarratu du gobernuarentzat ez dela «erabaki erraza» izan.

Eskolen eta unibertsitateen itxieraz gain, beste hainbat neurri ere eztabaidatu dituzte Giuseppe Conte buru izan duen Ministroen Kontseiluan. Koronabirusa gehiago ez hedatzea dute helburu, dagoeneko 3.089 kutsatu 276 sendatu dira eta gutxienez 107 hildako dauden lurraldean. Bertan landutako neurrietako batzuk dira, AdnKronos agentziaren arabera, «manifestazio guztiak debekatzea», baita aire librean egitekoak diren bestelako gertaera publikoak eta pribatuak ere —zinea eta antzerkia ere bai—, ez badute ziurtatzen pertsonen artean gutxienez metro bateko distantzia egotea. Herritarrentzako gomendioak ere eman ditu gobernuak. Pertsona helduei eta gaixotasun kronikoak dituztenei eskatu diete «beharrezkoak diren irteerak soilik» egiteko eta jende asko dagoen lekuak saihesteko. Orokorragoak dira gainerako italiarrentzako aholkuak. Eskuak ondo garbitzeko eta eztul egitean ahoa tapatzeko eskatu diete, baita beste pertsonekin gutxienez metro bateko distantzia mantentzeko eta eskua eta besarkadak ez emateko ere.

Bestalde, Stefano Patuanelli Italiako Garapen Ekonomikoko ministroak bere burua bakartzea erabaki du, nahiz eta orain arteko analisiek kutsatuta ez dagoela adierazi duten. Izan ere, otsailaren 25ean Lombardiako kontseilari Alessandro Mattinzolirekin elkartu zen, eta hark positibo eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.