Joan Mari Torrealdairi omenaldia

Merezitako omenaldi sentitua

Hil eta urtebetera, Joan Mari Torrealdairi omenaldi berezia egin diote Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Haren ibilbidea goraipatu dute senide, lagun eta lankide izandakoek

Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariak, Martin Ugalde kultur parkeko lorategian eginiko ekitaldian abesten. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Bizitza guztian ereindakoaren fruitu ederra jaso zuen atzo Joan Mari Torrealdaik. Hil zenetik urtebete igaro den honetan, senide, lagun eta lankide izandakoek omenaldi sentitua egin zioten Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkeko lorategian, ekitaldi berezi batean. Besteak beste Jakin aldizkariko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaile izandakoa joan den urteko uztailaren 31n zendu zen, 77 urterekin, minbiziaren ondorioz, eta haren bizitza goraipatzeko ekitaldi publikoa ezin izan zen orduan egin, COVID-19aren pandemiak aukerik utzi ez zuelako. Egiteko geraturiko omenaldiaren arantza hori behar den modura kendu zuten atzo, euskal kulturaren munduan erraldoi izandako gizonari merezitako agurra emanez.

[Youtube]https://youtu.be/tufRQUXtVz8[/Youtube]

Garazi Torrealdai alabak urte osoan familiak jasotako babes eta maitasun mezuak eskertu zituen hitza hartu zuenean, eta aitak utzitako «hutsune sakona» betetzen eta aurrera egiten lagundu dietela esan. Zirraraz beteriko ahots hauskor batez, gogora ekarri zituen aitak utzitako bi irakaspen: «Lehena ezina ekinez egina leloa da, zure azken hatsa airean urtu zen arte egin zenuen bezala. Bigarrena, berriz, ipotx bat zinela zenioen, baina erraldoi baten gainean zihoan ipotxa. Zu guretzat beti izan zara eta izango zara erraldoiaren lana egin eta guztia Euskal Herriari eskaini zion ipotxa».

Ekitaldia osatu zuten mintzaldi eta emanaldiek iraun bitartean, Torraldairen bizitza errepasatzen zituzten irudiak bata bestearen atzetik jarri zituzten agertoki alboko pantailan, eta, han bildutakoez gain, lorategian ez zirenek ere ekitaldia Berria telebistaren bidez ikusteko aukera izan zuten. Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko arduradunak azaldu zuen omenaldirako leku hori aukeratu izana ez zela kasualitatea izan, Torrealdairen beraren eskaria baizik: «Azkeneko egunetan berak eman zizkigun enkargu eta egitekoen artean esan zigun, bera hiltzean zerbait egiteko asmoa bagenu, Martin Ugalde kultur parkean egiteko, eta horrela esanez gero, betetzea besterik ez zitzaigun geratzen».

Hain zuzen, Torrealdaik parkearekin «lotura zuzena» izan zuela gogoratu zuen Larrartek, bertan, besteak beste, Jakin-en, Euskaldunon Egunkaria-n eta Elkar argitaletxean aritu zelako: «Esaten zuen parkea euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren zutarrietako bat izango dela eta izan behar duela».

Arlo profesionaletik harago, Torrealdaik maila pertsonalean eskainitakoak ere nabarmendu nahi izan zituzten haren bidelagun izandakoek. Paulo Agirrebaltzategi Jakin talde historikoko kidea haren lagun ona izan zen, eta atzo bildutakoen aurrean gogora ekarri zuen biek 1977ko udan Londresera egin zuten bidaia, han bizi izandako une «gogoangarriak» guztiei aipatzeko.

Hark bezala, Elkar Fundazioko Mikel Arrizabalagak ere hitz goxoak eskaini zizkion urteetan mendi txangoetako kide izandakoari: «Bakardadeak hauspotzen duen mina, oroitzapenek pizten duten argi ahula, lagunaren irudia airean marrazten duen koadro hutsa, haize bortitzak daraman adiskidearen hatsa... Ez diat amorerik eman nahi, ez nauk hire presentziarik ezaren aurrean errendituko, ez eta gure lur emankor eta ederrean hirekin egindako bideetan galduko».

Omendua ez ezik, Jakin-eko kide izandako Joxe Azurmendi eta Joseba Intxaustegi ere hainbatetan aipatu zituzten mintzaldietan, Torrealdairen lankide eta lagun onak izandakoak biak. Halaber, ekitaldian presente izan zirenen artean, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea egon ziren.

Poesia eta musika

Ekitaldiko mintzaldi bakoitzaren artean, bertsoekin eta kantekin koloreztatu zuten omenaldia. Lehen abestia jo aurretik, Mikel Urdangarinek aipatu zuen ezen, 2019ko Durangoko Azokan Torrealdarekin topo egin zuenean, hark «erdi txantxetan» eskatu ziola bere hiletan jotzeko. Bada, Agian irailean kanta abestuz, musikariak bere hitza bete zuen: «Kantu hau beldurrak gainditzeari buruzkoa da, eta hor berak ere bazeukan zeresana, bizitzan beldurrari hortzak erakutsi baizizkion».

Kirmen Uriberen Mundua begiratzeko poema ere abestu zuen, Torrealdaik «mundua begiratzeko zuen modu paregabea» omentzeko, eta hor Manex Torrealdai izan zuen alboz albo trikitiarekin. Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariek, berriz, errimaz dotoretu zuten emanaldia; besteak beste, eredugarritzat jo zuten gizonari eskerrak emanez eta hark utzitako itzala luzatuko dutenak ez direla faltako azpimarratuz.

Torrealdairi Jakin-eko zuzendari moduan lekukoa hartu zionak ere, Lorea Agirrek, poesiarekin abiatu zuen bere mintzaldia, Iñigo Astiz poetak duela urtebete idatzi eta argitaratu gabeko Torrealdai gogoan, Torrealdairen umezurtz poemaren zati bat irakurriz: «Hutsune handiari begira ezin genuen sinetsi erabat persona bakarra zinenik. Ispilu apurtu bat bezala gogoratu zintugun ondoren, bakoitza bere puskarekin». Ispilu horren isla zabala izan zela erakutsi zuen Agirrek, ordea, Torrealdairengandik ikasitakoak zerrendatu zituenean, eta eskerrak eman zizkion transmitituriko balioengatik eta jakituriarengatik. Orobat, finean, harengandik jasotako lezio garrantzitsuena «bizitza ospatzea» zela ondorioztatuz amaitu zuen mintzaldia: «Manex Erdozaintzi-Etxart zure adiskide poetak idatzi bezala, nori ez zaio atsegin biziaren izerdia?».

Hala, bizitza ospatzeko aldarri horrekin, Manex Torrealdaik eta Kattalin Zubizarretak Leonard Cohenen Allelujah abestiaren euskarazko bertsio bat abestu zuten, Joan Mari Torrealdaik oso atsegin baitzuen, eta ekitaldia amaitzeko, berriz, Imanol Larzabalen Mendian gora haritza kanta lorategian bildutakoekin batera jo eta abestu zuten. Horrela, malko eta txaloen artean, euskal munduari horrenbeste eman zionari merezitako esker ona eta agurra eman zioten denen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.