Gershon Baskin. Bitartekari politikoa

«Gerra da diplomazia modurik krudelena»

Gazaren kontrako erasoa amaitzeko garaia dela uste du. Horretarako, beharrezkotzat jo du Israelek Palestinako fakzioen baldintzak onartzea

ANE IRAZABAL.
Ane irazabal
Jerusalem
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gazaren kontrako erasoaz esaten duena baino gehiago daki Gershon Baskin ikerlariak (New York, 1956). Izan ere, oso ondo ezagutzen ditu Israelgo Gobernuaren eta Hamasen estrategiak. Gilad Shalit soldadua aske geratzeko truke akordioa bultzatu zuen Baskinek 2011n, eta, handik urtebetera, Israelek Ahmed Jabari Hamaseko lider militarra hil eta Gazaren kontrako erasoa hasi zuenean, su-etena lortzeko ezinbesteko bitartekaria izan zen. Orain, ordea, argi dauka aurrerantzean ez dela halako akordiorik errepikatuko. Bi estatuen irtenbidea sutsuki defendatzen du Baskinek, baina ez du uste Israelek blokeoa kenduko duenik. Halere, Tel Avivekin oso kritiko agertu da BERRIAri eskainitako elkarrizketan.

Zergatik daude israeldar gehienak su-eten akordio baten aurka?

Gerra guztietan bezala, herritarrak banderaren inguruan batu dira oraingoan. Iritziak monolitikoak bilakatu dira, eta erasoaldiarekin kritikoak direnak traidoretzat jotzen dituzte; beraz, isilik daude. Israeldar gehienek uste dute gerra hau saihetsezina zela. Kalean edozeini galdetzen badiozu, zera esango dizu: «Ez genuen gerra hau hasterik nahi, baina zein herrialdek onartuko lituzke suzirien eta tunelen erasoak?». Israeldarrek uste dute erasoaldi hau zeharo justua izan dela.

Israelek esan ohi du munduko armadarik moralena daukala. 1.900 gazatar hil ostean, ez da barne eztabaidarik izan...

Armada kritikaezina da Israelen, sinbolo bat delako. Israeldarrek uste dute armadak ahalegin guztiak egin dituela hildakoen kopurua hain handia ez izateko, eta sinetsi egiten dute Hamasek gazatarrak giza ezkutu gisa erabiltzen dituela. Gobernuaren diskurtsoari jarraikiz, zera diote: «Gazatarrak ez dira gure etsaiak, Hamas eta Jihad Islamikoa baizik». Beraz, Hamas suntsitu egin behar dela irizten diote. Baina gazatarrekin ez dute enpatiarik sentitzen. Horregatik ez dute su-eten akordiorik nahi. Hamas desagerrarazi nahi dute, eta ez zaie axola erasoaldiak luze jotzea.

Baina ofentsiba militar honetan hildako zibilen kopuru handiak ez al ditu hautsak harrotu? 400 hildako baino gehiago haurrak dira.

Gerra bakoitzaren hasieran, Israelek kalkulatu egin ohi du zenbat zibil eta zenbat soldadu hiltzeko edo galtzeko prest dagoen. Erasoaldi honi dagokionez, inork ezin du ezkutatu izugarria izan dela hildakoen kopurua. Lehenago edo geroago, azalpenak eman beharko ditu Israelek.

Armadak argi esan du Gazan haien helburuak bete dituztela. Baina zein izan da Benjamin Netanyahuren gobernuaren benetako asmoa?

Israelek oso asmo mugatuak ezarri zituen. Funtsean, hegoaldera lasaitasuna itzultzea, ahalik eta tunel gehien suntsitzea, eta Hamasen arma azpiegitura gehien desegitea. Noski, badakite ezinezkoa dela tunel sare guztia desegitea, horrek zerrenda guztia zeharo okupatzea ekarriko lukeelako.

Baina zergatik orain? Inork ez al zuen tunelen benetako dimentsioaren berri?

Nik uste dut urte luzez Rafaheko tunelekin bakarrik arduratu dela Israel. Zerbitzu sekretuek diote bazekitela; baina nire aburuz, inork ez zekien hain sakonak eta sofistikatuak izango zirenik. Egundokoa da Hamasek urte hauetan lortu duena, Gaza berri bat eraiki dute Gaza azpian.

Negoziazio askotan bitartekari izan zara zu. Orain, argi diozu Shalit soldaduaren pareko akordiorik ez dela gehiago lortuko. Zergatik?

Israelgo politikariak eta gizartea aldatu egin direlako. Shaliten akordioak babes handia jaso zuen Israeldarren partetik, baina presoen trukeak gizartearen iritzia aldatu zuen. Orain, herritarrek zera diote: soldadu bat preso baten truke; ez soldadu bat milaren truke. Politikan inoiz ezin da esan «inoiz gehiago», baina aurrerantzean soldadu bat atzematea ez da izango garaipen bat Hamasentzat. Truke akordioen garaia amaitu da.

Nik uste dut hemendik aurrera Egipto izango dela Israelen aliatu nagusi, eta, beraz, Kairorekin koordinatuko du guztia, Hamas alde batera utzita. Zalantzarik gabe, garai zaila da Mamud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearentzat; izan ere, erabaki egin beharko du norekin batu nahi duen. Diplomazia modurik krudelena da gerra, baina errealitate estrategikoak aldatzeko balio du.

Beraz, Hamas boteretik kendu eta Gazara Abbasen Fatah itzultzea nahi al du Israelek?

Zalantzarik gabe. Palestinarrek diote batasun nazionalerako gobernua sinatu zutenetik denak bat direla, baina hori ez da horrela. Hamasek Gazako gobernua utzi du, baina ez boterea. Nire ustez, okupazioa eta blokeoa amaitzea eta 1967ko mugen barruko bi estatuen irtenbidea onartzea da irtenbide bakarra. Israelek eta Hamasek 2002ko bake proposamena onartu beharko lukete.

Hauteskundeak egin beharko lirateke horretarako. Gainera, Israelen erasoaldi bakoitzaren ostean, Hamasen ospeak gora egiten du…

Hala da. Gerra honen aurretik egindako inkesta ez ofizial baten arabera, gazatarrak nazkatuta zeuden Hamasekin. Orain, berriz, erresistentzia eredu bakartzat jotzen dute. Denborak esango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.