Ipar Kurdistan-Turkia. Kazetariak jomugan

Erdoganen laugarren aroa

'Zaman' egunkaria kontrolatzeko neurriak hartu ditu Turkiak. Astebetean lau komunikabide itxi ditu gobernuak; ahots disidenteak isilarazteko jomugan dituzte kazetari eta komunikabideak.

Can Dundar Cumhuriyet egunkariko kazetaria, aurreko ostiralean, aske utzi zuten unean, Istanbulen. CAN EROK / EFE.
Istanbul
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Zaman izan da azkena. Turkian gehien saltzen den egunkaria kontrolatzeko neurria hartu zuen atzo, gobernuak kudeaketarako administrari bat izendatuz. Abdulhamit Bilici zuzendariak berehala erantzun du, «adierazpen askatasunaren» aldeko defentsa eginez. Hurriyet-ek baino bi bider ale gehiago saltzen ditu egunean Zaman-ek: 650.000. Reccp Tayyip Erdoganek txikiak eta handiak ditu jomugan, ahots disidenteak isilarazteko bada. Zentsura nahikoa ez, eta astebetean lau komunikabide itxi ditu. Amnesty International komunikabideen kontrako «etengabeko erasoaz» mintzatu da, eta salatu du «ahots kritikoak kontrolatzeko ahaleginak giza eskubideak urratzea» dakarrela. Egun, 30 bat kazetari daude preso.

Can Dundar Cumhuriyet-ekozuzendaria, eta itzal handiko kazetaria, eta Erdem Gul Ankarako berriemailea orain dela hiru hilabete atxilotu zituzten, argitara eman zutelako, dokumentu batzuetan, Turkiak armak bidali zizkiela Siriako talde islamistei. Espioitzaz akusatu, eta bizi guztiko kartzela eskatu du fiskalak. Aurreko ostiralean askatu zituzten, Auzitegi Konstituzionalak hala erabakita, eta hilaren 25ean izango da epaiketa, baina inork ez daki zenbat denbora egongo diren kalean. Askatu eta biharamunean bertan presidenteak esan baitzuen ez duela «ez onartzen eta ez errespetatzen» erabakia: «Ez dut uste komunikabideek mugarik gabeko askatasuna izan behar dutenik. Munduko ezein lekutan ez dute komunikabideek erabateko askatasuna». Hitzez hitz.

Turkian kazetari izateak eta kartzelara joateak curriculumaren parte dela adierazi du Dundarrek. Aske geratu ziren gauean bertan gelditu zen agerian hori. Fiskal batek IMC TV ixteko agindu eta handik ordu batzuetara, IMCren pantaila beltza zen, kateak fiskalaren akusazioaren berri izan baino lehenago ere. Ez epaiketarik, ez defentsarik.

Bitxia da: Turksatek IMC telebista desaktibatu zuenean, Banu Guven aurkezlea elkarrizketa egiten ari zitzaien, zuzenean Cumhuriyet-en egoitza nagusitik, askatu berriak ziren bi kazetariei, Guli eta Dundarri. Aurkezleak lehenbiziko galdera egin Dundarri, hark ahoa zabaldu erantzuteko, eta pantaila belztu egin zen.

Intelektualen amesgaiztoa

Intelektual turkiarren amesgaiztoa 2011ko hauteskunde orokorretan hasi zen. Erdogan islamista samur, liberal, erreformistak eta haren alderdi AKPk (Garapena eta Justizia) botoen %47 bildu zituzten. Eta, emaitza horrekin, Erdogan beste aurpegi bat erakusten hasi zen, oraingoa: diktatoriala eta inperiala.

Gauza onak ere egin ditu Erdoganek. Lehen bi agintaldietan, erreformista jardun zuen pixka bat, eta itxurak ere egin zituen, Turkia Europako Batasunean sartzeko bidean aurrera zihoala eta. Horregatik, intelektual liberal gehienek txalo jo zioten gogotik. Kurduekiko gatazka bide baketsu batez konpondu nahi zutenek ere —esaterako, Ahmet Altan kazetari eta eleberrigile ospetsuak— pentsatu zuten kurdu esker txarreko horiek zirela ordurako Europako Batasunean ez egoteko arrazoi bakarra, eta atertu gabe kritikatu zituzten kurduak. Erdogan kurduen sufrikarioaz mintzatzen zen, baina egun batean pauso bat ematen zuen aurrera, eta hurrengoan hiru atzera. Eta, bitartean, kurduak zapaltzen segitu.

Erdoganen hirugarren gobernuan, gainerakoak ere hasi ziren haren bortizkeria probatzen. Hura babestu zuten intelektual liberal gehienak zein berea ematen hasi ziren, eta, aldi berean, Erdogan berriaren kolpeen jomuga bihurtu ziren.

Zientzia politikoetako katedradun bat izan zen talde horretako lehen biktima, Nuray Mert, telebista nagusien aditu politiko kutunena. Haren atzetik, Banu Guven, Ece Temelkuran, Hasan Cemal, Ahmet Altan, eta abar. Orhan Pamuk Literaturako Nobel sariduna ere kritiko agertu da maiz, hain zuzen, orain kontrolpean hartutako egunkarian, Zaman-en.

IMC Nazioarteko Informazio Zentroa garaitsu hartan sortu zen, 2011ko maiatzaren 1ean. Intelektual ezagun haiek egunkarietatik, telebistetatik eta abarretatik kanpo geratu ahala, IMC TVk atea zabaldu zien; esaterako, Banu Guven aurkezle famatuak bi urte daramatza albistegia presentatzen.

IMC da telebista bakarra emakumeei buruzko berriei ordu erdi eskaintzen diena, eta beste ordu erdi ingurumenei buruzkoei. Astean ordubete armeniarrei buruz, beste ordubete zirkasiarrei, eta abar. Hau da, bost urte daramatza gutxiengo eta gehiengo guztiei beren tokia ematen. Iazko ekainaz geroztik —data funtsezkoa da hori—, gehien ikusten diren albiste kateetan bigarrena edo hirugarrena da, eta guztira hamabi baino gehiago dira halako telebistak.

Erdoganen sumina zer den zuzenean jakin dute komunikabide handiek urteotan, hala nola Turkiako CNNk eta Hurriyet-ek. 2015eko udan, Erdogan Errepublikako presidente aukeratu zuten. Baina denek zekiten ez zela konformatuko kargu sinboliko batekin; parlamentu sistema aldatu beharko zuen bere asmoa lortzeko: sistema presidentzialista ezartzea. Horretarako, AKPk gehiengo osoa bildu behar zuen. Baina 2015eko ekainaren 7an AKPk botoen %40 bakarrik jaso zituen —aurrekoan baino zazpi puntu gutxiago—, kurduen erruz: botoen %10en langa gainditu zutenez, inoiz baino ordezkari gehiago lortu zituzten parlamentuan HDPrekin, alderdi txikiz osaturiko koalizio batekin. Komunikabideek tokiaren %90 AKPri ematen zioten, beldurrez, baina HDPri buruzko informazioa ematen ere hasi ziren (%1), eta, horri esker, HDPk botoen %13 bildu zituen: horrek zapuztu egin zuen Erdoganen amets presidentzialista.

Hauteskundeak berriro

Erdoganen laugarren aroa, 2014ko udan hasi zena, ez zen hola-hola itxi. Aspalditik ari zen bere ametsa betetzen, de facto. Hauteskundeak berriz eginarazi zituen. Estatu Islamikoa eskertuta zegoen Erdoganekin, eta bonbak lehertzen hasi zen Surucen, Ankaran eta abarretan, kurduak eta haien lagunak hilez. Erdogani obeditzen ez zioten tokiak bonbardatzen hasi zen armada. AKPko diputatu bat, Erdoganen ehunka jarraitzailerekin batera, Hurriyet-en eta Turkiako CNNren atarira joan zen, eta leihoak hautsi zituzten. Hori abisu nahikoa ez balitz bezala, beste hiru jarraitzailek hiltzeraino jipoitu zuten Turkiako CNNko aurkezlerik ezagunena, elkarrizketa bat egin ziolako HDPko presidenteetako bati, Selahattin Demirtasi, ekaineko bozak baino lehenago.

Azarokoetan AKPk botoen %50 bildu zituen. Eta beste %50ak inoiz baino gehiago izutu ziren. Emaitza bikain horrek ekarri zituen kurduen kontrako gerrak, zentsurak eta presio bortitz batek. Baina Erdoganen aroan hori ez zen nahikoa: sistema aldatu beharra zegoen.

Turkiako CNNren, Hurriyet-en eta beste komunikabide batzuen jabeak, Aydin Dogan-ek, bakeak egiteko eskatu zion Erdogani, jendaurrean, nahiz eta gorroto dion. Zenbait komunikabide txiki bazter batean utzirik —kurduek bakarrik irakurtzen edo ikusten dituzte—, ez dago prentsarik zer gertatzen ari den kontatzen duenik; Cumhuriyet egunkaria eta IMC TV baino ez. Zenbait telebista kate eta egunkari legez kanpo utzi dituzte; Erdoganek orain dela pare bat urte arte sostengatuak. IMC TV da Erdoganen eta AKPren jokabidea kontatzen segitu duen bakarra; hobeto esanda, kontatzen ausartu den bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.