Katalunia. Parlamentu berriaren osaketa. SOSLAIA. Roger Torrent

Alderdikide leiala

QUIQUE GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2018ko urtarrilak 18
Diputatuen batez besteko adina gainditzen zuten politikari beteranoak izan dira Kataluniako Parlamentuko aurreko hamalau presidenteak. Berriak, Roger Torrentek (Sarria de Ter, Girona, 1979), 38 urte besterik ez du, baina ibilbide luzea osatu du 1999an haren jaioterriko udaleko ERCko zinegotzi aukeratu zutenetik. Pixkanakako bidea osatu du bai politikan eta baita alderdi barruan ere, eta horrek erakusten du alderdikide leiala dela; hori diote, gainera, hura gertutik ezagutzen dutenek.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia da horietako bat. 2012tik dira biak parlamentuko diputatuak, eta eskuz esku lan egin dute. Kataluniako prozesu subiranistak abiadura hartu ahala erantzukizun gehiago hartu zituen parlamentuko presidente berriak bere gain, eta, azken legegintzaldian JxS Junts Pel Siren bozeramailearen ondokoa izan zenez, askotan eman behar izan zuen aurpegia. Ez da kikiltzen. Eztabaidatu zalea da, eta ahoratutako argumentu bakoitza goitik behera azaltzen du.

Zientzia Politikoetan lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta 2010eko hauteskunde autonomikoetan guztiz hondoratu ondoren ERC berriro gorantz zuzendu zuen errepublikanoen politikari belaunaldi berri bateko kidea da, Rovira bera eta Oriol Junquerasen moduan.

Ondo ezagutzen du ofizioa, jaioterriko alkatea baita 2007tik —kargua utzi beharko du orain—. PSC nagusitu ohi zen han, eta zortzi urte lehenago Torrent politikan murgildu zenean, 11tik bi zinegotzi baino ez zituen ERCk udalean. 2007an lau atera zituen, eta, CIUrekin akordio bat eginda, alkatetzara heldu zen. Lankidetza ez zen beharrezkoa izan lau urte geroago, ERCk botoen %71 pilatu baitzituen. Torrentek ERCko zuzendaritzako kideen arreta bereganatu zuen, eta urtebete geroagoko boz autonomikoetan Gironako hautagaitzarako zerrendaburua izan zen.

Zenbait iturriren arabera, ERC barruan badira izendapenarekin harrituta daudenak. Babestu egin nahi zuten, hartzen dituen erabakien arabera gertutik zainduko duelako justiziak. Baina alderdikide leiala da Torrent.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna