Dulce Porras. Sandinista ohia eta Unamos alderdiko kidea

«Ortegak ahaztu egin ditu Fronte Sandinistaren printzipioak»

Porrasek argi du lortuko dutela Nikaraguako egungo presidentea agintetik urruntzea, baina ez du zalantzarik lorpen horrek indarkeriarik gabekoa izan behar duela: «Ez dugu borroka armatu gehiagorik nahi».

AITOR TXABARRI.
San Jose
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Dulce Porras, Costa Rican erbesteratuta dagoen 66 urteko nikaraguarra, Carazon jaio zen. Unamos alderdiko departamenduko arduraduna da. Alderdia 1995ean sortu zen MRS Mugimendu Berritzaile Sandinista izenarekin —aurtengo urtarrilean aldatu zioten izena—, eta gaur egungo Nikaraguan gobernuan den alderdiaren bereizketa da.

Noiz eta zergatik utzi behar izan zenuen Nikaragua?

2018ko uztailaren 27an irten nintzen, garbiketa operazio baten ondorioz, [Nikaraguako presidente Daniel] Ortegaren gobernuak agindutako operazio bat. Nire hirian, Carazon, 32 gazte erail zituzten, eta desagertutako asko daude oraindik; hori uztailaren 8an izan zen. Eraso basatia izan zen, gazteen borrokaren aldeko protestetan parte hartu nuen, barrikadetan... eta horrek ni kriminalizatzea eragin zuen. Lehen martxatik 24 ordura, gobernuaren sarean nengoen jada, Carazoko matxinadako buruzagi gisa kriminalizatuta.

Nola lortu zenuen Nikaraguatik irtetea eta Costa Ricara heltzea, zure bila zebiltzala jakinda?

Poliziek ikusi gabe ateratzea lortu nuen, protestetan babeslekutzat hartu genuen elizatik. Zaurituak handik ateratzea lortu genuenean, etxe batetik bestera eraman gintuzten. Azkeneko etxean bi astez egon ginen anaia eta biok, zaurituta bera ere, azkenean Costa Ricara iritsi ginen arte. Nire etxea arpilatu, lapurtu eta okupatu egin zuten. Momentu horretan ulertu nuen ez nindutela kartzelan sartu nahi, baizik hil egin nahi nindutela, eta horregatik egin nuen ihes Costa Ricara. Oinez joan nintzen, muga zeharkatuz, semearekin. Bezperan anaia, oraindik ibiltzeko arazoekin, bere semearekin bidali nuen Costa Ricara, eta halaxe esan nion: «Igarotzen bazara, bihar joango naiz». Eta berak: «Hil egingo zaituzte».

Zer desberdintasun daude ezagutzen zenuen Fronte Sandinistaren eta egungoaren artean?

Nik ezagutzen nuen Fronte Sandinista 1970 eta 1990eko hamarkadetako frontea izan zen; printzipioz betetako gizon eta emakumez osatutako Fronte Sandinista. Printzipio horiek ahaztu egin ditu Ortegak; ahaztu egin du iraultza batera joan ginela humanismoagatik, maitasunagatik, gauzak aldatzeko, ez diktadore bat kendu eta beste bat jartzeko. Horregatik nago haren kontra, Nikaraguako edozein diktaduraren aurka borrokatuko dudalako, ezkerrekoa nahiz eskuinekoa izan; azkenean denak berdinak dira. Nire familia preso egon zen [Nikaraguako diktadore Anastasio] Somozaren garaian. 1975ean, 95 egunez egon ziren desagertuta; torturak jasan zituzten. Gaur ere gauza bera egiten du Ortegak: politikariak desagerrarazi eta espetxeratu ditu, tartean nire alderdiko sei kide.

Zein da espetxeratuen egoera?

Segurtasun goreneko kartzeletan daude, kontzentrazio esparruetan bezalako baldintzetan. Gaizki elikatuta daude; senideek adierazpenen bat egiten badute, zigortu egiten dituzte, egun horretan urik ez emateraino. Ez diete irteten uzten. Lau hilabetean bi bisita baino ez dituzte jaso: lehenengoa hamar minutukoa izan zen, eta grabatu egin zuten; bigarrena, 90 minutukoa, baina beti polizien presentziarekin. Nire alderdiko presidentea eta presidenteordea espetxeratu dituzte, eta haiekin beste hainbat oposizioko politikari. Orain dagoena ortegismoa da, ez sandinismoa.

Noren babesa du Ortegaren gobernuak?

Azken inkesten arabera, %19ko babesa lukete Ortegak eta [Nikaraguako presidenteorde Rosario] Murillok. Azaroaren 7ko iruzurrarekin zeukaten babesa galduko dute; euren alde daudenak ere ez diete halakorik onartuko. Oraingoz, boterean jarraituko dute armadaren, poliziaren eta paramilitarren babesa dutelako.

Zer gertatuko da azaroaren 7ko hauteskundeetan?

Horiek ez dira hauteskundeak. Ortegaren alde daudenak %16-17 besterik ez dira. Ez dauka bere alde egingo duen jende asko. Gauza asko egiten ari da hauteskunde libreak direla sinetsarazteko. Haren alde dagoen jendea mobilizatzen ari da, bozketa egunean jende asko ikus dadin kalean, baina muntaia bat da. Ortegak zilegitasun guztia galduko du azaroaren 7tik aurrera.

Zein da Nikaraguaren etorkizuna azaroaren 7aren ostean?

Gauzak ez dira hemen amaitzen: borrokak jarraitu egingo du, eta Ortega erori egingo da. Borroka armatura eraman nahi izan gaitu, baina herriak ez dio jarraitu. Ez dugu borroka armatu gehiagorik nahi; badakigu borroka armatua azkarragoa dela, baina hori ez da ona herriarentzat. Ortegak alde egitea nahi dugu, baina era zibikoan lortuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.