«Akordioaren formula irtenbiderako baliagarria» dela uste du Sortuk

Erredakzioa
2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Sorturen izenean, Maite Ubiriak prentsaurreko batean azaldu du Hasier Arraizen epaian erakutsi dela «akordioaren formula egonkortu» egin dela. Ubiriak esan du duela lau hilabete hasi zela formula hori, 04/08 sumarioko beste kideekin, eta harrezkero 50 euskal herritar ez kartzelatzea lortu dutela. «Akordioaren formula hau gatazkaren ondorio guztiei irtenbidea topatzeko baliagarria izan daitekeela pentsatzen eta desiratzen dugu».

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, «zentzugabekeria» da EAEko Auzitegi Nagusiak Arraiz zigortu izana, «hark bere jardun osoa politika egitean oinarritu baitu». Urizarren ustez, «argi eta garbi» ikusten da halako sententziekin «Euskal Herria iraganeko eskemetan lotu» nahi dutela. Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak adierazi du «EspainiakoEstatuko demokrazia» ezin dela «homologatu Europako beste demokraziekin». Epaiketa «politikoak» bukatzeko «estrategia bateratua» eskatu du.

Josu Erkoreka (EAJ) Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du defentsaren eta fiskaltzaren arteko akordioaren emaitza dela epaia. «Positibotzat jotzen dugu hori». Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentearen iritziz, «garai hauetan logikoena izan zitekeen epaia da. Marra okerrekin idatzitako sumario bat izan da, baina, azkenean, Arraizek eta defentsak nahi zutena atera da».

Ortuzar-Arraiz besarkadaz

Iñaki Arriolarentzat (PSE-EE), «epaia ez da ezustekoa izan, defentsak fiskaltzarekin egindako akordioa jaso baitu». Alfonso Alonso EAEko PPko presidente eta Espainiako ministroak ez du ezer esan sententziaz. Zera gogoratu du, ordea: Ortuzarrek besarkada bat eman ziola Arraizi epaiketaren egunean, auzitegi atarian. «Nora doa EAJ estrategia horrekin?», galdetu du Alonsok.

Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiari «deigarria» iruditu zaio auziko epaia «horrenbeste urtera» heldu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.