Udaberria goiz, arazoak lehenago

Otsailak ohi baino tenperatura beroagoak eta eguzki ordu gehiago ekarri ditu, eta lehorragoa izan da. Eguraldiak udaberrian ohikoagoak diren eragozpenak handitu ditu, alergiak adibidez, baita ezbeharrak areagotu ere: suteak.

Loreak. Magnoliak ireki dira Donostiako erdialdean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Rejado.
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ezohikoa izan da otsaila: zuhaitzak loretan, zeru eguzkitsua egunak joan eta egunak etorri, tenperatura epelak... Atzoko ekaitzek irudi hori lausotu badute ere, esan daiteke udaberria hilabete aurreratu dela Euskal Herrian aurten. Ezohiko eguraldi horrek zenbat arazo eragin ditu: batzuk, udaberriarekin lotutakoak, hala nola alergiak; eta beste batzuk, negu hotzetan gertatzen direnak, baina eguraldi lehorrak gehiago hauspotu dituenak: suteak.

Duela hainbat egun, erakundeek abisu horia ezarri zuten, sute arriskua zela eta. Hala eta guztiz ere, hamaika txokotan gertatu dira ezbeharrak: Nafarroan, Iruritan, Beintza-Labaienen, Zugarramurdin, Ezkurran, Kasedan...; Bizkaian, Muskizen, Derion, Igorren, Galdakaon, Lemoizen, Getxon, Amoroton... Atzo goizaldean, Goizuetan (Nafarroa) sute bat sortu zen, duela astebete erre zen eremutik gertu. Haizearen ondorioz, helikopteroek ezin izan zuten lagundu, eta lanak izan zituzten sugarrak itzaltzeko. Arratsaldeko euri jasek lagundu zieten.

Neguan Euskal Herrian suteak gerta daitezkeela azaldu du Iñigo Leza Arabako basozainak. Hotzarekin, izan ere, landareak lehortu egiten dira, eta horrek suteak errazten ditu. Edonola ere, Lezak gaineratu du aurten eragile gehiago izan direla. «Batetik, ez du euririk egin; bestetik, gauez hotz handia egiteaz gain, egunez bero egin du, eta horrek ekarri du mendia are gehiago lehortzea». Suteak gertatzeko baldintza hobeak daude, baina Lezak ohartarazi du ez dela ohikoa suteak tximisten eta halakoen ondorioz hastea, baizik eta gizakia egon ohi dela suteen atzean. Adibide gisa aipatu du Ipar Euskal Herriko abeltzain batzuek sastrakak erretzeko duten ohitura. «Sastrakak erretzen dituzte belarra atera dadin, abereek jan dezaten, baina mendiari su ematen badiozu hego haizea dabilenean, zaila da hori kontrolatzea».

30 gradu otsailaren 27an

Ikuspuntu meteorologikotik, «ezohikoa» izan da otsaila. Hala azaldu du Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoak. Argitu du aurrez gertatu izan direla aurtengoaren moduko otsailak: lehorrak eta epelak. Nolanahi ere, nabarmendu du aurten otsaileko tenperaturarik beroena jaso dutela Euskalmetek datuak biltzen dituenetik: termometroa ia 30 gradura heldu zen otsailaren 27an Ibai Ederreko eta Alegiako estazio meteorologikoetan, Gipuzkoan.

Ezohiko eguraldi horren oinarrian antizikloi bat dago, Europako mendebaldean jarri zena. «Oso sendoa eta zabala zen, hesi bat Atlantikotik heltzen ziren depresio atmosferikoentzat», kontatu du Salazarrek. Are, gaineratu du hego haizea ere ibili dela. Euskalmeteko meteorologoak azaldu du egoera aldatu egin dela, atzoko ekaitzek agerian utzi zutenez. Europako mendebaldeko antizikloi hori, izan ere, desagertu egin zen joan den astean, eta Azoreetako antizikloiaren eragina da orain nagusi. «Ez da aurrekoa bezain sendoa, eta beste leku batean dago; hori dela eta, Atlantikotik heltzen diren fronteak sartu ahalko dira».

Donostiako ospitaleko Alergologiako buru Alejandro Joral doktoreak azaldu du euriak mesede egingo diela azken asteetan alergiak pairatu dituzten herritarrei. «Datozen asteetako eguraldia erabakigarria izango da gure pazienteentzat». Medikuaren esanetan, eguraldi euritsua eginez gero, udaberrian sintoma gutxiago izango dituzte; orain artekoa luzatuko balitz, berriz, pazienteek «txarto» pasatuko dute.

Hain zuzen ere, gogorarazi du polenari alergia diotenak bereziki sufritzen ari direla azken asteetan Euskal Herrian izan den eguraldiarekin. «Aurtengo eguraldi eguzkitsu eta haizetsuak eragin du gure pazienteek sintoma gehiago izatea beste urte batzuetan baino lehenago». Joralek azaldu du zuhaitzen polenak eragin dituela arazo gehien garai honetan, batez ere pinuen polenak, eta betulazeoenak: urkia, haltza, hurritza... «Oraindik oso goiz da lastodunen polenaren eragina antzemateko».

Polena ez ezik, otsaileko eta martxoaren hasierako eguraldi egonkorrak beste arazo bat ere eragin du: kutsadura. Ekologistak Martxan-ek ohartarazi du hiriburu askotan gainditu direla zenbait kutsatzaileri buruz onartutako gehienezko mailak: partikula eskiena eta nitrogeno dioxidoarena. Miguel Angel Ceballos elkarteko kideak azaldu du datu hori ohikoa dela. «Haizerik ez badabil, kutsatzaileak ez dira mugitzen sortzen diren lekutik, eta pilatzen hasten dira». Hain zuzen ere, kutsatzaile horien jatorria gizakiaren jarduna dela gogorarazi du Ceballosek.

Talde ekologistako kideak nabarmendu du azken urteetan zenbaitetan gertatu dela gainditze hori: «Ez hilero, baina bai urtero». Hori ikusirik, eta kutsatzaile horien eragina kontuan hartuta, esku hartzeko eskatu die administrazioei: batetik, egiturazko neurriak abiarazteko, eta, bestetik, kutsadura dagoenerako esku hartze planak prestatzeko.

«Arduragabekeria litzateke klima aldaketa ez ikustea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.