GAKOAK

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Orain arte, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politikoaren oinarrietako bost atal adostu ditu Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak.

Hitzaurrea. Lantaldeak dio EAEk eta Espainiako Estatuak «alde biko harremana» izan behar dutela, «berdinen artekoa», eta loturak «izaera konfederalekoa» izan behar duela. Euskal Herriaren nazio izaera aitortzen du.

Atarikoa. Berariaz jasotzen du erabakitzeko eskubidea: «Euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz».

Eskumenak. Gai ugaritan EAEk politika «propioak eta osoak» garatzeko ahala aitortzen du lantaldeak, besteak beste, lan politiketan eta Gizarte Segurantzan, kultur, kirol, hezkuntza eta hizkuntza politiketan eta genero berdintasunean; «eskumen zabalak» izango ditu, berriz, kanpo politikan, eta ordezkaritza izan lezakete Europako Batasuneko eta nazioarteko erakundeetan.

Botere publikoak. «Zuzenbide estatu demokratikoaren ohiko hiru botereak» izango ditu EAEk: legegilea, betearazlea eta judiziala. Horrez gain, herritarren parte hartze eskubidea aitortzen du, eta egungo egituraketa instituzionala izango du abiapuntu.

Erregimen ekonomikoa. Zor publikoa jaulkitzeko ahalmena, lan harremanen eskumen esklusiboa eta finantza erakunde publikoak sortzeko gaitasuna izango ditu EAEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.