Sexu abusuengatik salatutako entrenatzaile ohia ikertu egingo dute

Basaurin 2016an eginiko salaketa batengatik inputatu dute. Gutxienez, beste bost kasu ditu. Ia 40 urtez aritu da haurrekin futbol taldeetan

Erredakzioa -

2019ko martxoak 14
Auzibide bat zabaldu dute sexu abusuengatik salatutako Basauriko (Bizkaia) futbol entrenatzaile ohiaren kontra. Herenegun atxilotu zuten, eta epailearen esku utzi zuten atzo goizean. Hark erabaki du karguekin aske uztea. 60 urte ditu gizonak, eta ia 40 urtez aritu da haurrak entrenatzen; 2007tik 2018ko amaierara arte, Basauriko Baskonia Futbol Eskolan. Auzitegietako iturriak aipatuz zabaldu diren informazioen arabera, 2016ko salaketa batengatik inputatu dute.

Iazko azaroan eman ziren argitara gertakariak, adingabeen kontrako sexu gehiegikeriei eta tratu txarrei aurre egiteko Garaitza elkarteak egindako bideo baten bidez. Horretan, Pepe Godoy deituriko basauriar batek kontatu zituen duela 36 urte —berak 8 urte zituela— bere entrenatzaile zenak egin zizkionak. Testigantza horren ostean, gutxienez beste lau pertsonak salatu zuten pertsona bera. Erasoak jasan zituztenean, baina, denak adingabeak ziren; aspaldikoak ziren gertakariak, eta preskribatuta egongo lirateke —gehienez hamabost urtera baliorik gabe geratzen dira sexu abusuekin loturiko delituak—.

Auzia berriz zabalik

Bost horiez gain, beste salaketa bat ezagutarazi zen, 2016. urtekoa. Orduan, adingabeen fiskaltzak artxibatu egin zuen, froga faltagatik. Baina auzia berriz ireki dute, eta horregatik atxilotu eta inputatu dute entrenatzaile ohia.

Aurreneko salaketaren berri izan eta gutxira, iazko azaroaren amaieran, Baskonia Futbol Eskolak kargutik kendu zuen entrenatzailea, eta taldeko zuzendaritzatik ere bota zuen. Urtarrilean, manifestazio jendetsua egin zuten herrian: 5.000 pertsona inguru bildu ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna