Hasi dituzte N-121-A zabaltzeko lanak Ezkaba eta Olabe artean

Errepideak bi bide izanen ditu alde batera, eta bat bertzera, lanak bururatzean. Segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetu nahi dute

Errepidea Olabe parean, artxiboko irudi batean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak N-121-A errepiderako proposaturiko konponbidea hasi da forma hartzen: 2+1 motako errepidea egin nahi dute; alegia, errepideak bi lerro izanen ditu alde batera, eta bat bertzera, zati guzietan —batzuetan noranzko batean, bertze batzuetan bertzean—. Nafarroako Gobernuaren helburua da errepidearen «segurtasuna eta funtzionaltasuna» hobetzea, urtero hildako anitz eragiten baititu, eta, haren erranetan, 2+1 eredua nazioartean hagitz zabaldutakoa da, bide segurtasunean duen «eraginkortasunagatik». Ezkabako tuneletatik Olaberainoko zatian hasi zituzten lanak atzo —bortz kilometroko zatia da—, eta iragarri dute heldu den udazkenerako bukatuko dituztela. 8,1 milioi euroko aurrekontua izanen dute zati horretako lanek.

Errepidea 2+1 forman jartzeaz gain, Ezkaba-Olabe zatian hiru biribilgune egingo dituzte, bidegurutzeetako konexioak hobetze aldera: Ezkabako kanpinaren eta Agirre ostatuaren artean eginen dute bat, Orikaingo sarreran; eta bertze biak Soraurenen eginen dituzte, herrirako sartze-ateratzeetan. Jakinarazi dute lanak egiten dituzten bitartean ez dutela errepidea itxiko, baina abiadura muga moteldu eginen dute: orduko 60 kilometrokoa izanen da onarturiko gehienezko abiadura.

Maria Txibite Nafarroako presidentea lanen hasieran izan zen atzo, Bernardo Ziriza Lurralde Kohesio kontseilariarekin eta Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariarekin batera. Nafarroako Gobernuko kideek adierazi dutenez, azken urtean hainbat neurri hartu dituzte N-121-A errepideko istripu kopurua murrizteko: bi noranzkoetako bideak bereizteko etenik gabeko marra margotu dute, hiru bide dituzten zatietan aurreratzean noranzko bakarrean ahalbidetu dute, radar finkoak eta Polizia gehiago jarri dituzte, eta seinale horizontalak eta lurrekoak berriro jarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.