Klima krisia zuzentzeko denbora amaitzen ari dela ohartarazi du NBEk

Hainbat zientzia erakundek eginiko txosten baten aurkezpenean, NBEk jakinarazi du COVID-19aren ondorengo suspertzea ez dela ekologikoa. Glasgow «inflexio puntua» izatea espero du

Mendocino lakua, AEBetan, aurten. JOHN G. MABANGLO / EFE.
inaki petxarroman
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Berotegi gasen isurketek eta pilatzeak aurrekaririk gabeko kantitateetan jarraitzen dutela eta Lur planeta berotze «arriskutsu» batera daramatela ohartarazi dute #ZientzianElkartuak 2021 txostenaren aurkezpenean. Munduko Meteorologia Elkarteak koordinatuta, hainbat zientzia erakundek parte hartu dute txostenean. Atzo aurkeztu zuten, Glasgowko COP26 bilerara begira. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak adierazi zuen «denbora amaitzen» ari dela, eta espero duela bilera «inflexio puntua» izatea, 2050erako zero isurketen helburua lortzeko, eta 2030erako %45eko jaitsiera erdiesteko. NBEren Ingurumen Programak (NBIP), Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Klima Aldaketarako Gobernuarteko Aditu Taldeak (IPCC), Global Carbon Projectek, Klimari buruzko Ikerketarako Munduko Programak (PMIC) eta Erresuma Batuko Meteorologia Bulegoak parte hartu dute. Hauek dira puntu nagusiak:

Atmosferakogas pilatzea

Meteorologia erakundearen atmosferaren behaketarako lantaldeak egindako ikerketaren arabera, gasak atmosferan pilatzen ari dira oraindik, nahiz eta, 2020ko isurketen jaitsieraren ondorioz, litekeena den apur bat mantsotu izan prozesu hori, behin-behinean. Metano atmosferikoaren epe motzeko murrizketak Parisko Hitzarmenaren xedeak lortzen lagun dezakeela esan dute, baina hala ere, ezinbestekotzat jo dute CO2 eta beste berotegi gasen isurketak gutxitzea.

Isurketak, ia2019koen pare

Erregai fosilek eragindako isurketek orain arteko gehieneko maila jo zuten 2019an: 36,64 gigatona CO2. 2020an, %5,6 apaldu ziren -1,98 gigatona-, pandemiak eragindako moteltze ekonomikoarengatik. Alabaina, Global Carbon Projectek egindako kalkuluen arabera, 2021eko lehen zazpi hilabeteotan energiari eta industriari dagozkion isurketak 2019koen pare edo gorago daude. Errepide garraioari dagozkionak %5 inguru txikiagoak dira oraindik. Itsasoko eta aireko garraioari buruzko daturik oraindik ez dute. Oro har, isurketek 2019koen pare amaituko dute urtea, aurreikuspenen arabera.

Isurketak jaisteko aurreikuspen eskasak

NBIPk egindako ikerketaren arabera, Parisko Hitzarmenak aipatzen duen bi graduko berotzea bermatzeko egungo isurketek 15 gigatona txikiagoak izan behar dute CO2 baliokideetan, eta 32 gigatona txikiagoak 1,5 gradukoa bermatzeko. 2030erako ez da egongo isurketen jaitsiera handi bat, baldin eta suspertze ekonomikoa ez bada oinarritzen «deskarbonizazio sakon» batean. NBIPk «pozgarritzat» jo du hainbat herrialdek azaldu dituzten deskarbonizaziorako asmoak, egungo isurketak %63 inguru gutxitzea ekarriko luketelako. Alabaina, asmo horiek epe luzekoak direla ohartarazi du, eta ezinbestekotzat jo du luze gabe urratsak egitea.

1,5 graduko berotzea, gero eta gertuago

Munduko Meteorologia Elkartearen arabera, 2017-2021 aldiari dagokion airearen batez besteko tenperatura 1,06-1,26 gradu beroagoa izan da industria aurreko aroan baino. Artikoko izotzaren udako hedadura eta lodiera 1981-2010 aldikoaren batez bestekoaren azpikoa izan da. 2020ko irailean, inoizko txikienetan bigarrena izan zen izotz geruzaren hedadura. Gogoratu du muturreko fenomeno meteorologiko gogoangarriak izan direla udan, eta horien artean azpimarratu ditu Ipar Amerikako tenperatura beroak eta Europan izandako uholde handiak. Fenomeno horiek gizakiak eragindako klima aldaketaren seinale agerikotzat jo ditu.

Hurrengo bosturtekorako klima

Erresuma Batuko Meteorologia Bulegoaren arabera, hurrengo bosturtekoan oso litekeena da urtero gainditzea, gutxienez gradu batean, industria aurreko batez besteko airearen tenperatura. «Litekeena da igoera 0,9 eta 1,8 gradu bitartekoa izatea». Halaber, haren proiekzioen arabera, %40ko aukera dago industria aurreko batez besteko tenperatura baino 1,5 gradu gehiagora heltzea urteren batean. Ez da horren gertagarria bosturtekoaren batez besteko tenperatura industria aurrekoa baino 1,5 gradu beroagoa izatea. Jakinarazi du litekeena dela Afrikako Sahel inguruan eta goi latitudeetan prezipitazio gehiago izatea.

Aldaketak, milaka urtean ikusi gabeak

IPCCk egin du ikerketaren beste atal bat; haren iritziz, gizakiaren jardunak eragin du atmosferaren, lurraren eta ozeanoen berotzea. Horrek aldaketa bizkorrak eragin ditu atmosferan, ozeanoetan, kriosferan eta biosferan. Aldaketa horiek «aurrekaririk gabekoak» dira milaka urtean. Izandako eraldatze bizkor horren ondorioz, fenomeno meteorologiko muturrekoak gero eta ohikoagoak dira munduko eskualde guztietan.

Beroaldiak eta infekzioak, batera

Atal horri egin dio erreferentzia OMEk, klima aldaketa gizakien osasunean izaten ari den eragina aztertuta. Batetik, gogoratu du 2019an 103.000 milioi lanordu galdu zirela beroagatik, 2000. urtekoarekin alderatuta. COVID-19aren gisako infekzioen arriskuari gehitu egin behar zaizkio beroaldiek, sute larriek eta airearen kalitate txarrak dakarten kaltea, bereziki kalteberak diren eskualde eta gizataldeetan.

Itsasoa, gero eta gorago

1900eko urteetatik 2018ra, 20 zentimetro igo zen itsasoaren batez besteko maila. 2006tik 2018ra, 3,7 + 0,5 milimetro igo zen urtero. Isurketak gutxituko balira ere itsasoak gora egiten jarraituko duela jakinarazi dute zientzialariek. Hau da, 0,3 eta 0,6 metro artean igoko da ozeanoen altuera mendearen amaierara bitartean. 2300 bitartean 0,3 eta 3,1 metro artean igo daiteke itsasoaren batez besteko maila. Jakinarazi dute Ozeanoen mailaren gorakada horretara egokitzea funtsezkoa izango dela, bereziki kostaldeko eremuetan, deltetan eta hirietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.