Hegoaldeko sindikatuak presoen urruntzearen aurka azaldu dira

ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldek espetxe politika berria egiteko eta «bizikidetza politiketan» aurreratzeko eskatu dute

Edurne Begiristain -

2018ko uztailak 1
Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek eta gehien-gehienek euskal presoen urrunketa politika amaitzeko eskatu dute. EAEn ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldek ohar bateratua kaleratu dute Foro Sozial Iraunkorrak egindako proposamenari erantzunez; Nafarroan, batzuek euren oharra atera dute, baina aldarrikapenak berberak dira. Euskal presoak sorterritik gertuen dauden kartzeletara hurbiltzearen alde Eusko Legebiltzarrak ekainaren 13an eta Nafarroako Parlamentuak ekainaren 29an erdietsitako akordioei babesa agertu diete sindikatuek. Egungo espetxe politikarekiko «desadostasuna» agertu dute, eta urrunketa bukatzeko eskatu.

Sindikatuek babestutako oharrak hiru puntu ditu. Lehen puntuan, «desadostasuna» adierazi diete urrunketa politikari eta «bakartzerako salbuespenezko neurriei». Bigarren puntuan, beharrezkotzat jo dute kartzela politika berri bat egotea, presoak «errotze soziala eta familiarra duten tokietatik» gertu egon daitezen eta «senideekiko harremana erraztu» dadin. Hirugarrenik, ezinbestekotzat jo dute «bizikidetza politiketan» aurrera egitea, eta, horretarako, «egoki» deritzote banakako neurriak eta gizatasun printzipioak ezartzeari, eta eragindako kaltea aitortzeari.

Adierazpen bateratua ez ezik, joan den ekainaren 13an euskal presoen urruntze politika ere amaitzeko eskatuz Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean onartutako mozioari eta Nafarroako Parlamentuak joan den ostegunean onartutakoari babesa agertu diete sindikatuek —CGTk ere babestu du Nafarroako mozioa—. Eusko Legebiltzarrean, PPk ez gainerako taldeek onartu zuten presoen aldeko testua, eta Nafarroako Parlamentuan UPNk eta PPk ez beste taldeek.

Foro Sozialak txalotu egin du sindikatu guztiek hartu duten jarrera. Adierazi du halako pausoek «indartu» egiten dutela espetxe politika aro berrira egokitzearen alde dagoen gehiengo politiko, sozial eta sindikala. Herenegun, Bartzelonako Udala Euskal Herriko bakearen alde azaldu zen.

EAEko PPren kritika

Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak deitoratu egin du EAJk eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ez izatea lehentasuntzat ETAren biktimak, baizik eta «pistolak zituztenak» eta «tiroak ematen zituztenak».

Bestalde, AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak salatu du Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak Patxi Ruizi ukatu egin diola gaixo duen aita ikustea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna