Koronabirusa

Hegoaldeko positiboen ehunekoa apalduz doa: %5,05 da orain

Beste 723 positibo atzeman dira azken zenbaketan, bezperan baino 35 gutxiago. Bizkaian ez beste lurralde guztietan gutxitu dira kutsatuak

Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko koronabirus kasuen kurba apurka apaltzen ari dela erakusten dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten azken datuek. Joera hori argi erakusten du egindako testen gaineko positiboen ehunekoak. Bi gobernuetako osasun agintariek emandako datuen arabera, herenegun egindako PCR eta antigeno testetan 723 kasu detektatu zituzten Hegoaldean—bezperan baino 35 gutxiago—. Zehazki, egindako proben %5,05ek eman zuten positibo. OME Osasunaren Mundu Erakundeak finkatutako mugan dago Hego Euskal Herria —izurria kontrolpean eduki ahal izateko muga %5ean ezarri du OMEk—.

Kutsatuen kurbaren beheranzko joera orokorra bada ere, askoz ere nabariagoa da jaitsiera hori Nafarroan. Gobernuak emandako datuen arabera, positiboek berriro egin dute behera azken zenbaketan, eta baita positiboen ehunekoak ere: ostiralean, 2.688 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horietatik %3,9 izan ziren positiboak. Jaitsiera handia da, bezperan %5,5 izan baitzen ehuneko hori.

Herrialdez herrialde atzeman diren kasuei dagokienez, Bizkaian ez beste herrialdeetan behera egin du positiboen kopuruak bezperako datuekin alderatuta. Hain justu, Bizkaia da positibo gehien duen lurraldea: 309 kasu atzeman dituzte, aurreko egunean baino 85 gehiago. Gipuzkoan, berriz, 233 positibo erregistratu dituzte (74 gutxiago); Nafarroan, 105 (56 gutxiago), eta Araban, 73 (hamabi gutxiago).

Nafarroako Gobernuak eman dituen datuei erreparatuta, hiru eskualdetan metatzen dira positibo gehienak: Iruñerrian detektatu dira positiboen %59, Tuteran %15, eta Lizarran %18. Eusko Jaurlaritzak bihar eguneratuko ditu udalerrietako kutsatuen datuak.

ZIUetan, apur bat behera

Birusaren transmisioan ez bezala, ospitaleetako egoeran gehiago kostatzen ari da arintzea. Ospitaleratutako lagunen kopurua oso motel ari da apaltzen azken egunetan, baina jaitsiera hori ere nabaritzen hasiak dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ere. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, oraintxe bertan guztira 176 lagun daude ZIUetan, bezperan baino bost gutxiago. Bestalde, azken orduetan bi pertsona hil dira birusarengatik ospitaleetan: 35 urteko gizonezko bat eta 83 urteko beste bat. Gainera, Osasunbideak jakinarazi du azken egunetan beste hiru pertsona zendu direla: 88 urteko emakume bat, 91 urteko beste bat, eta 66 urteko gizonezko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.