Ruben Peña. Osasunako jokalaria

«Benetako futbolaz askoz ere gehiago gozatzen da hemen»

Dagoeneko joan den denboraldian baino denbora gehiago jokatu du Peñak. Vila-real utzi ondoren, «argi» zuen Arrasateren aginduetara eman zezakeela bere «onena».

OSASUNA.
Iñaki Berastegi.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Vila-reali agur esan, eta kirol arloko «zoriontasunaren» bila etorri zen Ruben Peña (Avila, Espainia, 1991) Iruñera, eta aurkitu du. Denboraldia fisikoki «justu» hasi bazuen ere, egunero «hobeto» sentitzen dela dio, eta bere mailarik onena berreskuratzeko taldekideek eta entrenatzaileak eman dioten «konfiantza» eskertu du: «Aldagela aparta dugu». Munduko Kopa azaroan txertatzeagatik atondu duten egutegia «astakeria hutsa» dela deritzo. Osasunak Celtaren zelaian jokatuko du gaur (18:30, Movistar La Liga).

Zer moduzkoak izan dira lehen hilabeteak Iruñean?

Familia guztia oso gustura dago. Bereziki, kirol arloan, eta hori da garrantzitsuena egunerokoari aurre egiteko: kirol arloko zoriontasunaren bila nentorren, futbolaz disfrutatzera. Vila-realen ez nengoen gaizki, baina kirol ikuspegitik egoera zailean nengoen, eta ez nuen txikitatik futbolarekiko izan dudan ilusioa galdu nahi. Denboraldia amaitutakoan egingo dugu balorazio xeheago bat, baina taldea ondo ari da.

Titular gisa hasi zenuen denboraldia, baina lesioak edo zigorrak tarteko, azkenaldian kosta egin zaizu berriro hasieratik jokatzea.

Ikusi zen moduan, fisikoki justu antzean ailegatu nintzen denboraldiko lehendabiziko jardunaldietara. Aurreko sasoian gutxi jokatu nuen, eta, lesio batzuk ere izan nituenez, denboraldiaurrera erritmo falta handiarekin iritsi nintzen. Ondoren, Betisen aurka min hartu nuen, eta erabaki genuen pixkanaka itzuli behar nuela. Egunetik egunera hobeto sentitzen naiz, eta asteon aipatu nion Moiri [Moi Gomez] aspaldi ez nengoela hain ondo.

Bi partidako zigorra jaso zenuen Valentziaren aurka txartel gorria ikusteagatik. Errieta handia jaso zenuen?

Zintzoak izan behar dugu: erabat okertu nintzen. Ez dut uste epaileak aktan jarri zuena bezain larria izan zenik, baina onartu behar da okertu egin nintzela. Aldagelara sartu eta berehala onartu nuen akatsa. Klub bat, talde bat, hiri bat ordezkatzen ari naiz, eta dudan esperientziarekin, ezin dut horrelako akats bat egin.

Nacho Vidal izan da titular azken neurketetan. Nolakoa da harekin duzun lehia?

Postu bat baino gehiago lehiatzen ari naiz, erdilari postuan ere jokatu dudalako. Pozik nago, eta gainontzekoak ere bai. Egutegia nolakoa den ikusita, denon beharra izango du entrenatzaile taldeak. Erosoago sentitzen naiz atzerago jokatuta, baina entrenatzaileak argi azaldu zidan partida askotan zelai erdian ere jokatzeko aukera izango nuela.

Moi Gomez ondo ezagutzen duzu. Fitxaketa aparta egin du Osasunak?

Bai, eta ez nau batere harritu erakusten ari denak. Aurreko entrenatzaileak eman ez zion konfiantza horrekin jokatzen ari da, eta oso pozik dago hartu zuen erabakiarekin. Etorri garenok berehala jaso dugu taldekideen eta entrenatzaile taldearen konfiantza, eta horregatik ari da izaten errendimendua berehalakoa. Aldagela aparta dugu.

Taldea bikain ari bada ere, lau partidako bolada txarra izan zenuten. Zenbaterainoko garrantzia izan zuen bolada hori eteteak?

Bolada txarraz baino gehiago, partida horietan pairatzen ari ginen antsietate hori amaitzea funtsezkoa zela nabarmendu zen aldagelan: penaltia, txartel gorriak... Urduri jokatzen genuen, presaka, eta ikusi zen hori ez zela bidea. Gironaren eta Valladoliden aurka oreka hori lortu dugu: oldarkor jokatu arren, presaz ez aritzearena.

Maila eusteari dagokionez, badirudi lan erdiak eginak dituzuela. Helburu handiago bati buruz hitz egin daiteke?

Ez. Hankak beti lurrean izan behar ditugu. Beste denboraldi bat Lehen Mailan jokatzea sari bat da guztiontzat. Burua hotz mantendu behar dugu, lan egiteko modu honi eutsi, eta hortik aurrera, aurrerago, amets egin badezakegu, egingo dugu, baina jakinda lehen helburua mailari eustea dela.

Atzera ere euskal talde batean ari zara. Osasunak eta Eibarrek antzekotasunik badute?

Bai, umiltasuna eta sakrifiziorako gaitasuna berea dute bi klubek. Dauden tokian egoteko asko sufritu behar izan dute. Aurreko batean, Roberto Torresek aldagelan kontatu zuen nola lortu zuen taldeak Sabadellen [Herrialde Katalanak] Bigarren Mailari eustea. Orain, kluba dagoen egoera on honi etekina atera eta hazten jarraitzeko garaia da.

Jose Luis Mendilibarri asko begiratu izan dio Jagoba Arrasatek. Batak bestea gogorarazten dizu?

Bai, noski. Nik banekien nora nentorren, eta horrelako zerbait behar nuen. Vila-realetik ateratzea erabakitakoan, nituen aukerak aztertuta, ez nuen zalantzarik izan non disfrutatuko nuen gehien eta non eman nezakeen nire onena. Jagobaren aginduetara, Mendilibarrek jokatzeko zuen antzeko moduarekin topo egin dut. Mendilibarri asko zor diot.

Zer sekretu zuen Eibar hark?

Eibarren zein Osasunan argi dago jokalari ororen gainetik taldea dagoela. Hori da sekretua.

Eta Vila-real eta Osasuna oso ezberdinak dira?

Bai, han Europarako sailkatzea nahitaezko zerbait da. Oso exijentea da, baina hori alde batera utzita, betiko futbolaz, benetako futbolaz, hemen askoz ere gehiago gozatzen da.

Iristear da Munduko Kopak behartutako etenaldia. Nola kudeatuko duzue hilabetez geldirik egotea?

Asmatu duten abenduko Munduko Kopa hau ez da batere normala. Atseden egun batzuk hartuko ditugu, denboraldiaurre bat egin beharko dugu, eta denboraldi berri bat hastearen parekoa izango da. Lehen jardunaldian sentitu daitekeen antzeko ziurgabetasuna izango dugu. Hortaz, edozertarako prest egon beharko dugu, sei hilabete oso gogor ditugulako aurretik. Puntuen zorroa hutsik bagenu bezala jokatu behar dugu. Egutegi hau astakeria hutsa iruditzen zait, lesio asko egon daitezke etenaren ostean, eta denok ahalik eta hobekien prestatu beharko dugu.

Celtaren aurka jokatuko duzue gaur. Entrenatzailea aldatu izanak partidaren prestaketan eragin handia izan du?

Gure lanean jarri dugu arreta. Ez dut gezurrik esango: ikuskizun dago zer partida planteatuko duten edo zer eskema erabiliko duten, baina gehien arduratzen gaituena gure maila ematea da.

Bartzelonaren aurkako ligako partidarekin eta kopako lehen kanporaketarekin itxiko duzue denboraldiaren lehen zatia.

Ahalik eta puntu gehien bilduta amaitu nahi dugu denboraldiaren lehen zati hau, eta, noski, Kopako kanporaketa gainditu. Finalerdietara arte partida bakarrera dira kanporaketak, eta, beraz, edozer gauza gerta liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.