Sortzaileen bidea errailetatik

200 euskal sortzaileren lanak aurkeztuko dituzte aurtengo Loraldian. Jaialdiak 30 ikuskizun eskainiko ditu, Bilboko hamabi aretotan. Martxoaren 12tik apirilaren 7ra izango da

Antolatzaileak eta ordezkari publikoak, atzo, Bilbon. L.JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Ongi etorri Bilboko Tranbiara; erdu, bidaideak. Loraldiaren bosgarren bidaiari hasiera emateko prest gaude». Ane Pikaza artistaren ahotsak hastear den ibilbidea iragarri du. Atxuriko tren geltoki zaharraren parean geldi dagoen tranbiaren barrenetik ari da aurkezlea, ozen eta irriz. Kanpoaldetik ikusita, aldiz, Loraldia festibalean parte hartuko dutenen irudiz hornituta dago garraiobidea. Ateak itxi bezain pronto hasi du ibilbidea hirian. Errailen gainean aurrera, Bilboko itsasadarraren pareko bidea hartua du tranbiak. Pikazaren berbek girotu dute agerraldi mugikorra, eta Imanol Agirre jaialdiko zuzendaria du aldamenean. «Neguaren hondarretan eta udaberriaren hasieran loratu ohi da Loraldia. Orain bi aste besterik ez da falta. Euskal kulturaren emozio festa prest dago, eta bidaia honetan haren sekretuetan murgilduko gara», hasi du Pikazak aurkezpen ekitaldiko kontakizuna. Aurten, martxoaren 12tik apirilaren 7ra arte bihurtuko dute Bilbo euskal sortzaileen plaza.

Bosgarren edizioa du aurten Loraldiak, eta askorentzat ezaguna izaten hasia da jada. Betiere, sorreratik markaturiko bi helburuak bere horretan jarraitzen dutela azaldu dute antolatzaileek. Pikaza: «Loraldiak Bilbon kultur udaberria erein du. Bost urte daramagu galtzak bete lan; Euskal Herriko sormen industriak badu udaberri eremu iraunkorra». Horren erakusleiho izan nahi du jaialdiak. Oraingoan, 200 euskal sortzaile inguruk parte hartuko dute. «Bidegurutze bat» dela dio Pikazak, erreferente diren kultur sortzaileen eta belaunaldi berrien artean.

Lehen taldean sartu ditu aurkezleak Joseba Sarrionandia, Xabi Paia, Olatz Beobide, Sustrai Colina eta Itxaro Borda. Belaunaldi berrien artean, ostera, Ane Guria, Oihana Iguaran, Maite Larburu eta Asier Larretxea. Protagonista guztien lanaren emaitza gisa, askotariko diziplinetako 30 ikuskizun aurkeztuko dira. Musika emanaldiak, dantzaldiak, bertsoak, hitzaldiak, literatura errezitalak, antzerki lanak... Kultura espresio guztiek lur hartzen dute Loraldian, baita euren arteko uztarketek ere. Belaunaldien arteko lekukotza ere aipatu du. «Gure kulturaren begikatea da Loraldia. Izan ginena, garena eta izango garenaren errailetatik dabilen trena». Hori dela eta, Maite Larburu eta Hibai Etxebarria musikariek girotu dute aurkezpen ekitaldia, «katebegia eten ez dadin». Agirreren ustez, belaunaldien arteko lekukotza da transmisio horren erakusle. «Loraldiaren ezaugarrietako bat da hori, jende berriari eta proiektu berritzaileei lekua uztea». Berrien eta lehengoen arteko zubi lana.

Bada, ezohiko formatuan aurkeztu dute aurtengo Loraldia. Kazetariak, erakundeetako ordezkariak, zenbait euskal sortzaile eta antolatzaileak, denak batu dira tranbiaren barruan aurtengo udaberri kulturalaren berri jasotzeko. Berriketaldi arinean eta ipuin eran aurkeztu dute egitaraua. Horregatik, tranbia mugitu ahala, espazioak izendatuz azaldu du Agirrek zer topatu ahal izango den bakoitzean: Bira kulturgunea, Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa eta Guggenheim museoa aipatu ditu.

Espazio fisikoa mugatua den arren, zabaldu beharreko ekinbide bezala ikusi du zuzendariak festibala: «Bilbon da Loraldia, baina Bilbotik Bizkaira, Bizkaitik Euskal Herrira eta Euskal Herritik mundura doa kultura». Mundura zabaldu ez ezik diziplina guztietara hedatzen ari da Loraldia, antolatzaileen aburuz. Gaur- gaurkoz festibala mugarri bat dela dio Pikazak: «Loraldia arriskua eta fusioa da. Kultur arlo guztiek bat egiten dute».

LITERATURA

Joseba Sarrionandia idazlea izan dute ahotan antolatzaileek, baita haren berbak ere, eta erreferente gisa aipatu. Hala, Sarrionandia hizpide duen solasaldiak abiatuko du jaialdia. Lur bat idazteko: Pasiera Joseba Sarrionandiaren geografian solasaldia emango du Iñigo Aranbarri idazleak.

Alor literarioari dagozkion gainerako ekintzek sortzaile berrien lanak ikusaraziko dituzte; batik bat, poesia eta esperimentazioa eta belaunaldien arteko lekukotza izango dituzte protagonista. Hasier Larretxea poetak tradizioa eta abangoardia uztartzea helburu duen solasaldia egingo du martxoaren 17an, bere hitzak, herriko doinuak eta herri kiroletako jarduerak lotuz. Hiru egun geroago, Txakur Gorria kolektiboko kideek, iaz zendu zen Joxean Artze poetari keinu egin nahian, H-Artzetik: poesia musuzapietan ikuskizuna aurkeztuko dute. Eta, poesiaren bidea segituz, Susa argitaletxeak 2014an martxan jarri zuen egitasmoa emanaldi bihurtu dute. Azken hamarkadetako atzerriko poeten lanak batu eta bilduma osatu du argitaletxeak. Horiek ikusarazteko, Munduko Poesia Kaia emanaldia egingo dute Bilboko Itsas Museoan, poesiaren nazioarteko egunean—martxoaren 23an—.

Ikuskizunez gain, beste hiru lan literariorenaurkezpenak hartuko ditu aurtengo Loraldiak: Garazi Goiak eta Goizalde Landabasok, Katixa Agirrek eta Josu Goikoetxea idazleek euren lan berrienen inguruko solasaldia egingo dute.

MUSIKA

Literatura saioek Sarrionandia izango dute abiapuntu, eta hala gertatuko da baita muska emanaldietan ere. Aranbarrik egingo duen moduan, idazlearen unibertso poetikoa ardatz hartuta osatu dute Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizuna. Agirrek azpimarra egin dio: «Produkzio propioen errailetatik barna Kalaporturekin egiten dugu topo. Hamar sortzaile baino gehiago eszenan, eta Sarrionandiaren poesia musikatua protagonista».Sortzaile horien artean daude Mikel Urdangarin, Harkaitz Cano, Uxue Alberdi eta Ines Osinaga, besteak beste. Estreinaldia martxoaren 15ean izango da, Arriaga Antzokian.Ondoren, festibalaren bigarren astean, musikari berrien lau kontzertu egongo dira: Maite Larburu bakarlaria, Beltza taldea, Ane Guria rap abeslaria eta Hibai Etxebarria musikagilea igoko dira oholtzara. Jaialdiaren azken egunetan, aldiz, hitzaldi formatuan izango da protagonista musika. Ion Zelestinok gidatuko du Hau ez da euskal musika berbaldia. Bertan 1960ko eta 1970eko hamarkadako euskarazko pop musika ezezaguna izango du hizpide. Bira kulturgunean izango da Zelestino, apirilaren 3an.

ANTZERKIA

Antzerkiari loturiko hainbat jarduera ere egingo dira jaialdian. Memoria ariketa bat dute lehena. Juan Sebastian Elkanok egindako bidaia omendu nahian produkzio propioa ondu du Loraldiak: Mundubira. Elkano, Primus. Estreinaldia martxoaren 22an egingo dute, Itsas Museoan. Iaz taularatu zuten Anton Abaddia antzezlanaren bidea jarraitu nahi dutela jakinarazi dute antolatzaileek, euskal kulturaren zenbait oinordeko ezagutarazteko. Gero, jaialdiaren bigarren erdian antzerki eguna ospatuko dutela ere iragarri dute, eta bi ekintza prestatu dituzte horretarako. Batetik, Aizpea Goenaga aktore eta zuzendariak egunerako propio idatzitako testuairakurriko du; eta bestetik,Olatz Beobide antzezleak La Cuerda Teatrorekin batera ondu duen Izotza apurtzen den ertza taularatuko du, Campos antzokian. Azken antzezlana umeentzako lan bat izango da. Martxoaren 30ean Sagutxo Tuntuna estreinatuko dute Azkuna Zentroan. Musika klasikoa, txotxongiloak, dantza eta antzerkia bateratzen ditu Juan Kruz Igerabideren gidoia duen antzezlanak.

DANTZA

Musika eta literaturari baino dezente tarte txikiagoa, eta antzerkiak baino presentzia xumeagoa izango duen arren, emanaldi aski esanguratsuak iragarri dituzte gorputz adierazpenaren alorrean. Bi dantza ikuskizun aurkeztuko dituzte. Jaialdiaren lehen egunetan, martxoaren 16an, euskararen bilakaeraren inguruko lana estreinatuko du Aukeran dantza konpainiak. Gorputza eta hizkuntza, biak baliatuta, Biz Hitza izeneko sormen lana osatu du dantza taldeak. Arriaga Antzokian estreinatuko dute. Bestalde, apirilaren 6an, Dantzaz konpainiak Basoa koreografia estreinatuko du.

ZINEMA

Pareko presentzia izango dute ikus-entzunezkoek. Bi lan dokumental izango dira ikusgai Arte Ederren Museoan eta Golem Zinema aretoetan. Aurrenekoan, Iratxe Fresnedak Eskandinaviako lurraldeetara garraiatuko du ikuslea Cold Fields- Lurralde Hotzetan dokumentalaren bitartez. Alemania, Suedia, Danimarka eta Islandiako paisaiak ditu ardatz ikus-entzunezkoak, eta apirilaren 4an aurkeztuko dute. Bigarren ekoizpena, aldiz, diziplinen arteko elkarreraginaren emaitza izango da. Beñat Gereka eta Dantzaz konpainiak batera sortu duten ez fikziozko filma da Larat, Basotik Itsasora dokumentala. Gursetik Mediterraneora ailegatzen diren errefuxiatuen errealitatea islatzen ahalegintzen dira bertan. Atzera begirakoa eginez paralelismoak topatzen dituzte egileek egungo egoerarekin.

BERTSOLARITZA

Bertsogintzarekin loturiko emanaldiak izango dira, beharbada, kutsu bereziena hartuko dutenak. Bata, argazki erakusketa baten bisita gidatu eran plazaratuko da; eta, bestea, jaialdiaren itxiera ekitaldia izango da. Apirilaren 5ean, Oscar Alegriak ondutako Hitz Enea argazki erakusketaren inguruko hausnarketa kantatua egingo du Sustrai Colinak, Bira kulturgunean. Eta, jaialdiari agurra emateko Buztinezko Etorkizuna ikuskizunean gurutzatuko dira bost emakume sortzaileren bideak: Itxaro Bordak irakurri bitartean, bertsotan arituko dira Miren Amuriza eta Oihana Iguaran, Mursergo musikariak girotuta. Amaia Agirre izango da gai jartzailea.

ELKARLANA

Horrenbestez, Loraldiak jorratuko duen diziplina pluraltasunaz gain, beste ideia bat ere goraipatu dute antolatzaileek: elkarlana. «Erakunde pribatuekin, erakunde publikoekin, komunikabideekin , industria kulturalaren eragileekin, kultur elkarteekin, argitaletxeekin, Euskaltzaindiarekin, Korrika Kulturalarekin... Elkarlana dugu gure nortasun agiria», azpimarratu du Pikazak.

Dena dela, sortzaileak jarri nahi izan dituzte epizentroan. Haien lana ezinbestekoa dela deritzo Pikazak. «Sortzailerik gabe, harearik gabeko basamortua da jaialdia». Baina sortzaileak bezala, jaialdia bera sustatzen duten Lorezainen komunitateari egin dioerreferentzia; Loraldia babesten duten norbanakoak dira horiek, eta gaur-gaurkoz mila kideren bueltan daudela azaldu du Pikazak.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.loraldia.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.