Zirrikitu bat ireki zaio eskuinari

Frente Amplioko Vazquez da faborito bozak irabazteko Uruguain, baina inkesten arabera, bigarren itzulia behartuko du oposizioak
Tabare Vazquez Frente Amplioko hautagaia Uruguaiko bandera altxatzen, kanpaina bukaerako ekitaldian.
Tabare Vazquez Frente Amplioko hautagaia Uruguaiko bandera altxatzen, kanpaina bukaerako ekitaldian. IVAN FRANCO / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 26
Presidente ohi baten eskutik FA Frente Ampliori eutsi, edo eskuinerantz aldatu. Horixe aukeratu beharko dute gaur 2.600.000 uruguaitarrek presidentetzarako hauteskundeetan —parlamenturakoak ere eginen dituzte—. Inkesta gehienen arabera, Tabare Vazquez FAko hautagaiak irabaziko du, baina ez du lortuko presidente izateko behar bertzeko gehiengoa (botoen %50 baino gehiago); hortaz, balotaje-a (bigarren itzulia) espero da —azaroaren 30ean—. Jose Mujicaren itzalpean, Vazquezek FAren lorpen sozialak izan ditu kanpainarako oinarri. Haren kontrarioek, berriz, aldaketaren eta berrikuntzaren diskurtsoa erabili dute, baina zaila daukate haien jatorriarekin, presidente ohien semeak baitira Luis Lacalle Pou eta Juan Pedro Bordaberry.

Uruguaiko Konstituzioaren arabera, presidente batek ezin ditu bi legegintzaldi jarraian egin; hortaz, Mujicak heldu den martxoan utziko du boterea. Uruguai anitz markatu duen agintaldia izan da Mujicarena, bai barrenean, bai nazioartean. Horretan eragin handia izan du presidentearen bizimodu xumeak eta nazioarteko hedabide handiek horri eman dioten oihartzunak. Vazquezek ez du halako profila, politikari profesionalagoa da, baina aski ezaguna da herritarrentzat, haren eskutik ailegatu baitzen FA boterera, Mujicaren aitzineko agintaldian (2005). Politikoki ere, bi tradiziotatik datoz: Vazquez PS Alderdi Sozialistatik, jatorri instituzional batetik; Mujica, ordea, diktaduraren aurka matxinatu zen gerrillatik.

Ekonomiaren egoera alde dauka Vazquezek, eta badirudi hazkundearen moteltzeak Uruguairi ez diola inguruko herrialdeei bezala eragin; 2013an BPG barne produktu gordina %4,4 hazi zen, eta langabezia tasa %6tik beheiti dauka. «Krisi ekonomikoa ez dago orain, eta horrek aitzineko kanpainetako eztabaidak baldintzatzen zituen», adierazi dio FAko presidente Monica Xavierrek La República egunkariari. «Orain gai gehiago daude, eta gure gizarteak zein interes askotarikoak dauzkan agertu du horrek».

Hazkunde horren onuren banaketa nabarmendu nahi du FAk: Vazquezen eta Mujicaren gobernuen politikei esker 2006-2013 artean pobrezia tasa %34tik %11ra murriztu dela dio. «Oposizioak irabazten badu, familien irabaziak eta kontsumoa jaitsiko lirateke», adierazi dio Danilo Astori presidenteordeak La Republica-ri, klase apalenei errateko eskuinak estatuaren laguntza politika murrizteko asmoa duela.

Baina bederatzi urteren ondoren, FAk ere eszeptizismoa sortu du herritarren artean, agindutako guztia ez duelako bete. Ezkerreko zenbait sektoretatik ere kritikak egin zaizkio norabidea eskuinegi hartu duelakoan. Inkestek %41-46 arteko babesa eman diote Vazquezi. Eszeptizismo horren egiazko neurgailua izanen dira gaurko bozak. Ikusi beharko litzateke kontrarioek bat eginda FA boteretik kentzeko behar bertzeko indarra edukiko luketen bigarren itzulirik balego.

Bordaberry, giltzaren zain

Uruguaiko bi alderdi tradizionalen hautagaiak dira Vazquezen kontrarioak. Inkestek aukera gehien PN Alderdi Nazionaleko Lacalle Pouri eman diote. FAko hautagaiarengandik %11-15era geldituko litzateke. Politikari gazte eta berritzailearen irudia aurkeztu du —41 urte dauzka, Vazquezek baino 33 gutxiago—, eta PNk berak ere irudi hori eman nahi izan du, FAk ez bezala liderrak aldatu dituelako. Lacalle Pou, ordea, ez da ezerezetik agertu: Luis Alberto Lacalle presidente ohiaren (1990-1995) semea da, eta aita 2009an bertan izan zen PNren hautagai, Mujicaren kontra. Eskuinaren bertze hautagaia Bordaberry izanen da berriz ere, Colorado Alderdiarekin. Hirugarren tokian paratu dute inkestek, botoen %15 ingururekin. 2009an ere hirugarren gelditu zen (%17). Euskal jatorriko politikaria da, Juan Maria Bordaberry diktadorearen (1972-1976) semea; ez du inoiz aitaren jarduna gaitzetsi. Lacalle Pouk Vazquez estutzea lortuz gero, aldaketarako giltza eduki dezake Bordaberryk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna