Entzun diote Olaizolari

Asegarcek aurrelaririk eta atzelaririk onena elkartu ditu, Goizuetakoa eta Albisu elkarrekin ariko baitira Binakako Txapelketan. Etzi hasiko da ligaxka, Amezketan
<b>Aurkezpena.</b> Binakakoan arituko diren jokalariak, atzo. Artola falta da.
Aurkezpena. Binakakoan arituko diren jokalariak, atzo. Artola falta da. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 21
Aimar Olaizolak hogeigarren aldiz hartuko du parte Binakako Txapelketan. 39 urterekin, alde handiz da txapelketan arituko den pilotaririk beteranoena. Zaharrenetan bigarrena Oinatz Bengoetxea da, eta Olaizolak baino bost urte gutxiago ditu. Ibilbide luze eta oparoa egin du. Urrunago joan gabe, iaz txapelketako pilotaririk onenaren saria jaso zuen, eta finaletik tanto bakan batzuetara gelditu zen, Ander Imazekin bikote eginez. Olaizola II.ak, baina, urteak zeramatzan atzelari sendoago bat eskatzen. «Nik orain ezin ditut garai bateko abantailak eman. Izan ditudan atzelariekin ez dut kexarik, beti gazteak edo hasiberriak izan ditut alboan, eta pozik aritu naiz. Baina ni ere gora noa adinean», adierazi zuen atzo, Bilbon, txapelketaren aurkezpenean. Begi guztiak Jon Ander Albisurengan jarriak ziren, enpresako atzelaririk onena baita, eta Asegarcek Olaizola II.aren eskaera bete du. Biak batera ariko dira, eta, ezinbestean, txapela lortzeko faborito handien sortan sartu dira.

Ia beste parte hartzaile guztiek aipatu zuten bikote hori, eta egon zen haiei irabaztea erronka moduan hartu zuenik ere. Are gehiago, Jokin Altuna, esaterako, poztu egin zen: «Olaizolak urte asko daramatza sekulako jokoa erakusten, eta merezi zuen txapelketa bat Albisurekin jokatzea», esan zuen. Agerikoa da Asegarcek bikote indartsu bat osatzea erabaki duela txapelaren lehian aritzeko. Unai Iglesias Asegarceko zuzendari komertzial berriak aurkezpenean esan zuenez, «bikote orekatuak» egin dituzte. Goizuetakoak eta Ataungoak gutxitan jokatu dute elkarrekin, eta, bitxia den arren, partida asko galdu dituzte; esaterako, aurtengo udan jokaturiko guztiak.

Olaizola II.arekin eta Albisurekin batera, beste pilotariek beste bi bikote sartu zituzten faboritoen multzoan: Irribarria-Zabaleta eta Elezkano II.a-Rezusta. Azken horiek txapeldunorde izan ziren iaz. Aspek zalantza asko izan ditu bikoteen osaketan, eta, Iñaxio Errandonea zuzendari komertzialak onartu zuenez, bikote misto bat osatzeko zorian egon dira. «Asegarceren atzelari bat utzita hartzeko aukera aztertu genuen, baina, Ladis Galarzak azken partidetan erakutsi duen jokoa ikusita, uste dugu txapelketan jokatzeko moduko sasoian dagoela». Baraibarkoak Joseba Ezkurdiarekin jokatuko du, azken aurrelari txapelduna, eta, ziur asko, egun sasoirik onenean dagoen pilotaria. Galarzak hirugarren parte hartzea izango du binakakoan, eta aurreko aldietako arantza ateratzen saiatuko da. Aurreko bietan Asegarcek beste pilotari batekin ordezkatu zuen.

Binakakoan pilotari berri bakarra egongo da: Jon Mariezkurrena. 19 urteko atzelari berriozartarra da aurretik txapelketan inoiz parte hartu ez duen bakarra. Duela lau hilabete egin zuen debuta, eta, hartaz geroztik, partida nagusiak jokatzen aritu da. Mikel Larunbe eskuko minez dago, eta haren balizko tokia hartu du Mariezkurrenak. Iñaki Artolarekin arituko da, eta bikote oso gaztea osatuko dute. Alegiarrak uda onaren saria jaso du.

Altuna-Martija eta Urrutikoetxea-Aretxabaleta, berriz, iazko txapelketan ondo aritutako bi bikote dira. Altuna-Martija finalerdietarako sailkatu ziren, ligaxka hasiera bikaina eginda. Urrutikoetxea-Aretxabaletak, berriz, hiru partida jokatu zituzten, eta hirurak irabazi. Aretxabaletak Galarza ordezkatu zuen, baina min hartu zuen gero. Urrutikoetxeak haren alboan erakutsi zuen jokorik onena. Azkenik, Bengoetxea VI.a-Imazek ixten dute bikote zortzikotea. Imaz iaz ondo aritu zen Olaizola II.aren alboan, eta berriz ere txapelketan aritzeko aukera du.

Txapelketaren formatua azken urteetako bera da: hamalau jardunaldiko lehen ligaxka, denak denen aurka bi itzulitan; hiru jardunaldiko finalerdietako ligaxka, eta finala, apirilaren 7an, Bilbon. Lehen itzuliko partida ia guztietako pilotalekuak zehaztuta daude jada —bakarra falta da—. Bihar hasiko da lehen jardunaldia, Amezketan (22:00), Altuna-Martijak eta Ezkurdia-Galarzak jokatuko duten partidarekin. Larunbatean (17:45), Iruñean, Olaizola II.a-Albisuk eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak neurtuko dituzte indarrak. Elezkano-Rezustak eta Irribarria-Zabaletak igandean jokatuko dute, Bergaran (17:00), eta lehen jardunaldia Tolosan bukatuko da (16:45), astelehenean, Bengoetxea-Imazen eta Artola-Mariezkurrenaren arteko partidarekin. Artola ez zen egon atzo aurkezpenean, gaixo baitago, baina, ondo bidean, jokatu egingo du astelehenean.

Finala: apirilaren 7an, Bilbon

Zehazteke dago finalerdietako partidak non jokatuko diren, baina enpresek aurreratu zuten «pilotaleku klasikoetan» izango direla, martxoaren 10eko, 17ko eta 24ko asteburuetan. Lau eta erdiko finaleko esperientzia oso ona izan da Nafarroa Arenan, eta enpresek begi onez ikusiko lukete finalerdietako partida bat bertan jokatzea. Ez da erraza, baina, jaialdia han antolatzeko aurrerapen handiz erreserbatu behar baita pilotalekua. Era berean, uste dute Labrit ere zaindu behar dutela, finalerdiak hara eramanda. Finala, berriz, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da, bederatzigarren urtez jarraian.

Lehen itzuli horri dagokionez, Aspek asko zaindu du Eibar, bertan jaialdia egongo baita San Andres, Gabon, Urteberri eta Errege egunetan. Bost partida jokatuko dira Iruñean, lau Tolosan, hiru Bilbon, eta bat Donostian. Horietaz gain, data klasikoak egongo dira: abenduaren 13an, Urretxun —Artola eta Mariezkurrena, Irribarria eta Zabaletaren aurka—, abenduaren 1ean, Lizarran, eta abenduaren 29an, Etxebarrin. Bigarren urtez jarraian, partida bat jokatuko da Bartzelonan, abenduaren 1ean. Ezkurdia-Galarzak eta Elezkano II.a-Rezustak neurtuko dituzte indarrak olinpiar pilotalekuan. Bigarren itzuliari dagokionez, zehazteke dago non jokatuko diren partida guztiak. Bi itzuliak asimetrikoak dira, jardunaldiak ez dira berdinak, eta ez dira ordena berean jokatuko.

Txapelketak izango duen berritasunetako bat partiden arteko tarteak arautu egingo direla da. «Lehen partida bukatu eta nagusia hasi bitartean pilotariek hamabi minutu izango dituzte. Telebistek eskatu digute, eta eskaera logikoa iruditu zaigu. Iruditzen zaigu pilotariek nahikoa denbora dutela beroketa ariketak egiteko», azaldu zuen Errandoneak. Aspaldiko eskaera zen hori arautzea, askotan epaile eta pilotarien arteko hartu-emanaren esku uzten baitzen. Horiek hala, litekeena da pilotariek beroketa zehatzagoa egin behar izatea aldagelan.

Arautegian ez dago beste aldaketarik. Enpresek pilotariak nahi bezala aldatzeko aukera izango dute egiten ari diren jokoa egokia ez dela iruditzen bazaie. Pilotari batek kide bat baino gehiago ordezkatu ahal izango du, baita txapelketako fase ezberdinetan ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna