Ez dauka beste biderik

Athleticen eskaintza onartu zuen egunetik, Marcelino Garcia entrenatzaileak argi izan du gazteen aldeko apustua dela aurrera egiteko aukera bakarra. Harribitxiak zailtzen diren bitartean, «babesa» eskatu du haientzat.

Nico Williams Athleticeko jokalaria, Bartzelonako Eric Garcia atzean uzten. LUIS TEJIDO / EFE.
haritz gallastegi
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
M arcelino Garcia Athleticeko entrenatzaileak jokalari askok duten eskarmentu faltari egotzi dio taldeak partida amaieretan izaten duen urduritasuna. Harrobiaren alde egitearen ordainsaria da. «Bi aukera ditugu: gazteei aukerarik eman ez, edo zelairatu eta babestu. Athleticen eskaintza onartu nuenean, argi nuen nora nentorren. Ez baditugu zelairatzen, ez dute ikasiko neurketetako une zailei aurre egiten», esan zuen teknikari zuri-gorriak. Mezu baikorra da, ausarta. Athleticeko jarraitzaileek lehen taldeko entrenatzaileari eskatzen dioten bidea jorratzetikgertu dago. Bide batez, Lezamako lanaz berririk ez izatearen zalantzak uxatu ditu.

DANIEL VIVIAN
Beterano hasiberria

Athletici ez diote golik sartu txapelketan jokatu dituen zortzi partidetatik bostetan. Bada, Daniel Vivian (Gasteiz, 1999) da zuri-gorrien defentsako lan bikainaren erantzule nagusietako bat. Erdiko atzelaria maila harrigarria ari da ematen. Iñigo Martinezekin batera, txapelketako erdiko atzelari bikote onentsuena osatzen du. Partida gutxi jokatu ditu gorengo mailan, baina orain arte erakutsi duen jokoari segida emateko gai bada, Athleticek urte askorako jokalaria dauka: azkarra da, oldarkorra, aurrelarien aurkako buruz buruko lehiak irabazten dituena, eta goiko jokoan bi areatan da indartsua. Horretaz gain, gaztea izan arren, nortasun handia daukala erakutsi du. Gabezia gutxi ditu. Gaur-gaurkoz ordezkaezina da Marcelinorentzat. Yerayk eta Nuñezek gogor egin beharko dute lan lekua kentzeko. Beste talde batzuen arreta piztu du.

NICO WILLIAMS
Ausardia eta freskotasuna

Williams anaietan gazteena (Iruñea, 2002) Iñakiren anaia baino askoz gehiago da. Hegaleko futbolari dohatsua da. Athleticeko beheko mailetan gertutik jarraitzeko aukera izan duten aditu askorentzat, anaia baino osoagoa da. Ez da Iñaki bezain indartsua, baina azkarra da. Teknikoki dezente hobea da, eta hegalean aurkariak gainditzeko ezinbestekoa den bertutea dauka: ausardia. Ez da kikiltzen. Baloia arrisku eremuan jasotzen duen bakoitzean kontrarioaren bila abiatzen da, buruz buruko jokaldia baliatuz, aurrera egiteko. Athleticek ez dauka gisa horretako beste jokalaririk. Marcelinok fede handia dauka haren jokoan, baina ez dio aparteko presiorik sartu gura. Partidak bizitzeko zelairatzen du, bigarren zatietan. Arlo fisikoan, erabakiak hartzerako orduan... zer hobetu badauka. Baina Athletici asko eman diezaioke.

UNAI VENCEDOR
Pausoa eman ezinik


Lezamako gazteen artean eskarmenturik handiena duen futbolaria da Unai Vencedor (Bilbo, 2000); 44 partida jokatu ditu. Sasoi honetan zelai erdiaren aginte makila eman diote. Entrenatzailearen konfiantza dauka, baina oraindik ez du erakutsi taldearen pisua eramateko gai denik. Eroso sentitzen da neurketa erritmo motelekoa denean. Futbolean jokatzen badakiela erakusten du, baina Athletici komeni zaion erritmo bizian zailtasunak ditu. Zuri-gorriek zelai erdian dute zulorik handiena, eta Vencedor oraingoz ez da gabezia hori konpontzeko gai izan. Gaztea da, eta pazientzia beharko da.

OIER ZARRAGA ETA JULEN
Lehia areagotzeko


Marcelinok bere aginduetara dituen futbolari gazteen artean gutxien jokatzen ari dena da Oier Zarraga (Getxo, Bizkaia, 1999). Dena den, entrenatzaileak ia beti zelairatzen du. Joan-etorriko erdilaria da. Aurkariaren areara iristeko erraztasuna du. Gainera, erritmo biziko jokoan ondo moldatzen da. Baina ofizioa ikasi behar du. Julen Agirrezabalak (Errenteria, Gipuzkoa, 2000) ere asko dauka ikasteko, baina Unai Simoni gauzak zail jartzeko zorian dago. Aurrea hartu dio Jokin Ezkietari. Bigarren taldearekin ari da jokatzen, baina egutegiak aukera ematen duen aldiro, lehen taldearen deialdian dago. Simonen eta haren arteko lehiarekintaldeak irabaziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.