Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Literatura, zinema eta telebista

2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Luistxo Fernandezen Kontaktua ipuina euskarazko film eder baterako abiapuntu egokia izan daitekeela idatzi zuen joan den larunbatean Urtzi Urkizuk egunkari honetan, Donostiako Zinemaldiari buruzko orrialdeetan. Proposamen egokia iruditzen zait. Gainera, oroitzapen asko ekarri eta zer pentsatua eman dit.

Euskaraz filmatu ohi duten gaur egungo zinemagileek ipuin hori ezagutzen ote duten galdetu diot lehenengo neure buruari; gero, zer neurritan ezagutzen ote duten, oro har, euskal literatura.

Ondoren, horretaz pentsatuz, jabetu naiz urteek aurrera egin eta zinemagile berriak agertu ahala Francoren diktadura osteko euskarazko zinemagintzan gero eta pisu urriagoa izaten ari dela euskal literatura. 1980ko hamarkadan, euskal zinemagintza suspertzeko lehen ahaleginetan, Ehun metro, Hamaseigarrenean aidanez eta Zergatik panpox filmatu ziren, nobela banatan oinarrituta; eta Koldo Izagirrek, Anjel Lertxundik eta Arantxa Urretabizkaiak zuzenean lan egin zuten zinemagintzan, zuzendari edo gidoilari lanetan. XXI. mendeko lehen hamarkadan ere, gutxienez euskarazko lau film ekoitzi ziren beste horrenbeste euskarazko nobelatan oinarrituta: Zeru horiek, Kutsidazu bidea Ixabel, Txokolate apur batSPrako tranbia nobelatik abiatuta— eta Zorion perfektua; horrez gain, Eneko Olasagastik euskarazko bi nobela zinemaratzeko ahalegina egin zuen, bi proiektu horiek azkenean bidean geratu baziren ere, diru-laguntza faltaz. XXI. mendeko bigarren hamarkadan, euskal narratiban oinarritutako film gutxiago ekoitzi da —Bi anai eta Amaren eskuak—, eta —hau da benetan funtsezko datua, garrantzitsuena— azken urteetan nabarmentzen ari diren zinemagile gehienek —Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Moriartiko taldekideak, Alberto Gorritiberea, Patxo Telleria, Izibene Oñederra...— lan asko egin dute dagoeneko beren gidoientzako oinarri bila euskal literaturara jo gabe, Jon Garañoren Urrezko eraztuna film laburraren eta akaso beste lan isolaturen baten kasuan salbu.

Horretaz jabetu ondoren, pentsatu dut ez litzatekeela oso zuzena izango nire aldetik euskal zinema euskal literaturatik independizatu edo askatu izana deitoratzea, kritikatzea edo gaitzestea. Batetik, azken urteetan nabarmentzen ari diren euskal zinemagileak lan bikaina egiten ari direlako, eta onarpen eta aitortza handia bereganatzen; bestetik, neu ipuingile eta nobelagile izaki, kexa horrek interesatua eta korporatibista izateko itxura har zezakeelako. Gainera, euskal zinema euskal literaturatik askatu izanak nortasuna eta indarra adierazten duela ere pentsa daiteke, ahalduntze osasuntsu baten ondorio dela hori, azken batean beste adierazmolde bat baita zinema.

Ez legoke gaizki, jakina, arestian aipatu ditudan zinemagile horiek, edo beste batzuek, euskal literaturako lanetan oinarritutako filmak egitea, Urtzi Urkizuk bere artikuluan proposatu duen bezala, baina ez da inondik inora ere betebehar bat. Zorionez, zinemagileek badakite zer eta nola filmatu. Konbentzituta nago, gainera, euskal zinema azkenaldian izaten ari den arrakasta lagungarri zaiola euskal literaturari, zeharka bada ere.

Gaia beste arlo batera eramanda, uste dut euskal zinemagileak euskal literaturari begira hastea baino askoz ere laguntza zuzenagoa eta eraginkorragoa litzatekeela, euskal literaturarentzat, euskarazko fikzioan benetan sinistuko lukeen telebista bat, euskarazko kalitatezko fikzioz ondo hornitutako telebista bat, filmak baino maiztasun eta egunerokotasun handiagoz sar daitekeelako etxe barruetaraino telebistako fikzioa, euskaldun askorengan nabari den euskararekiko nagia astintzen eta euskaldun askok—euskaldun gehienek, esango nuke— edozein euskarritako euskarazko fikzioarekiko sentitzen duten arroztasuna gainditzen laguntzeko. Euskaldunoi geure hizkuntzan eta euskal fikzioan fede handiagoa izaten laguntzeko, azken batean. Hitz tekniko modernoetan esan nahi bada, euskal fikzioari izaera estrategikoa onartzeko eta haren sinergiak eta gihar kohesionatzailea esponentzialki indartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.