Guerguerateko egoeraren erantzule egin ditu Polisarioak Paris eta Madril

Marokoko Gobernua estu hartzeko eskatu die Polisarioak bi herrialde horiei. Rabati «nazioarteko legedia» urratzen uztea egotzi dio NBEri

arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Espainiak bere soldaduak Mendebaldeko Saharatik atera eta berehala jaio zen SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, 1976ko otsailaren 27an. Atzo bete zituen 45 urte. Sahararrek eurek ez dute ahaztu egun hura, baina, geroztik, denbora asko igaro da, eta egoerak ez du hobera egin. Oraindik ere Afrikako azken kolonia da Mendebaldeko Sahara. Horren eta Guerguerateko gatazkaren erantzule egin zituen atzo Fronte Polisarioak Parisko eta Madrilgo gobernuak. «Marokoren lege urraketen erantzule dira Frantzia eta Espainia; NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra da lehena, eta Mendebaldeko Sahararen bost lagunen elkarteko kidea bigarrena. Espainia, gainera, oraindik ere kolonia administratzailea da», salatu zuen Fronte Polisarioko Antolakuntza Politikorako arduradun Jatri Aduhk.

Guerguerateko egoeraren erantzule ere egin zituen Aduhk bi estatu horiek. Mendebaldeko Sahara eta Mauritaniaren arteko mugan dago Guerguerat. 1991ko akordioaren arabera, buffer zone edo tarteko babes eremu desmilitarizatu bat da hura, baina iparraldea eta hegoaldea konektatzen dituen errepide estrategiko bat ere igarotzen da handik, zeina Marokok barazkia, frutak eta bestelako produktuak garraiatzeko baliatzen duen. Joan den azaroan, manifestari sahararrek errepidea moztu zuten autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, eta Marokok indarrez desegin zuen protesta. Mugimenduari erantzunez Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen azaroaren 17an, eta, geroztik, tentsioa da nagusi eremu hartan.

Aduhk ohartarazi zuen Fronte Polisarioak bere horretan jarraituko duela Marokok nazioartekolegedia urratzeari uzten ez dion bitartean. «2.700 kilometroko hesiak ez du geldituko Fronte Polisarioa, eta Rabati kalte materialak eragiten jarraituko dugu», esan zuen. Alde horretatik, buruzagi sahararrak NBE ere egoeraren erantzule egin zuen, eta besoak gurutzatuta geratzea egotzi zion, Marokoren «lege hausteen aurrean».

Guerguerateko borrokak hasiz geroztik, Marokok ukatu du Fronte Polisarioak erasoak egin dituela, baita horiek biktimarik eragin izana ere, eta «istilu hutsak» izan direla eman du aditzera.

Bestalde, ekintzaile sahararrek salatu dute azken asteetan gogortu egin dela haien aurkako jazarpena. Haien arabera, Marokoko Poliziak sahararrak geldiarazten ditu, eta edozein aitzakiarekin atxilotzen, «ez bakarrik ekintzaileak, baita herritar soilak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.