Dirua, arnasa hartzeko

Dominion enpresa Bilbo Basketeko babesle nagusia izango da sasoi honen amaieran eta hurrengoan.1,6 milioi euro jarriko ditu guztira

Alex Mumbru Bilbo Basketeko kapitaina Real Madrilen aurkako garaipena ospatzen. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Bilbo Basketek arnasa hartu ahal izango du azkenean. Behar zuen hori iritsi zaio: dirua. Taldearen egoera ekonomikoak larria izaten jarraitzen du, baina oxigenoa aurkitu du. Dominion enpresarekin sinaturiko babes akordioak eman dio, CIE Automotive Bizkaaiko elkarteko enpresa batek. 1,6 milioi euro ordainduko dizkio denboraldi honen amaiera eta hurrengoagatik. Babesle berriak izena emango dio taldeari, eta larunbatean estreinatuko dituzte elastikoak, etxean, Gipuzkoa Basketen aurkako derbian.

Bilbo Basketek babesle indartsua lortuko zuen zurrumurrua aspaldi hasi zen. Espainiako Koparako espero zen hasiera, baina negoziaketak uste baino gehiago luzatu dira. Wisekeyk denboraldiaren hasieran jarritako dirua —400.000 euro inguru— koltxoi polita zen, baina egoeraokertzen hasia zen. Ez iragan sasoian bezain larria, baina bai deserosoa.

Izan ere, kontuak ez ziren irteten. 2014ko abenduko asanbladan, taldeko zuzendariek 6,5 milioi euroko aurrekontua onartu zuten, aurreko sasoiko kontratuengatik 2,3 milioi euroko defizitarekin. Bilbo Basketeko buruek asanbladan esan zutenez, taldea, bere kasa, lau milioi euro sortzeko gai da, eta hori da aurrekontu erreala. Kopuru horretara iristeko, baina, babesleen 1,2 milioi behar dira, eta Dominionen dirurik gabe ezinezkoa zatekeen. Deigarria da Dominiok kopuru berdina ordainduko duela sasoi hau bukatzeko falta diren bi hilabete eta erdiagatik eta hurrengo sasoi guztiagatik.

Xabier Jon Davalillo, noski, pozik zegoen atzo. «Hilabeteak generamatzan negoziatzen Dominionekin, eta azkenean lortu dugu. Merezi duten bezala erantzutea espero dugu. Bideragarritasuna eman digute, eta bide batez, exijentzia maila handitu».Dominionen izenean Juanan Goñi zuzendaritzako kidea mintzatu zen. «Klubean eredu berri bat martxan jartzeko oinarria izatea espero dugu». Bilboko kirol agerkari batek argitaratu duenez, Dominionek taldeko akzio multzo bat erosi nahi du, eta hala taldearen administrazio kontseiluan sartu.

Kapital handitzea

Bilbo Basketek kapital handitzea jarriko du aurki martxan, eta hor lor ditzake akzioak Dominionek.Davalillok urrian azaldu zuenez, salgai jarriko diren akzioak bere garaian Gorka Arrindari zegozkionak dira, eta hark taldearen esku utzitakoak. Akzio salmenta horrekin lorturiko dirua taldearen kutxa hornitzeko izango da.

Bilbo Basketen zorrak, dena den, erraldoia izaten jarraitzen du, ia bost milioi eurokoa; gehiena jokalari, teknikari eta ordezkariekin. Ordezkari zerrenda horretan Arrindaren enpresa ere ageri da. Abenduko asanbladan, taldeko buruek zor hori bost urtetan kitatzeko asmoa plazaratu zuten. Ikusteke dago erritmo horri eutsi ahal izango dion edota epea luzatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.