Gaztea bezain ausarta

Richard Carapaz gailendu da Montevirgine di Mercoglianon, kilometro eta erdi falta zenean eraso egin eta gero. Simon Yatesek dirau lider

Gaztea bezain ausarta.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Gaztetasuna ausardiaren eta lotsagabekeriaren seinale izan ohi da maiz. Hala erakutsi zuen Richard Carapazek (Movistar), atzo. 24 urte besterik ez du Ekuadorren jaiotako txirrindulariak. Baina profesionaletan egiten ari den bigarren denboraldian erakusten ari denez, etorkizun oparoa izan dezake. Bere ibilbideko garaipenik garrantzitsuena lortu zuen, Giroko zortzigarren etapan, Montevergine di Mercogilianoko gainean irabazita—denboraldi honetan Asturiaseko itzulia irabazi du—. Azken kilometro eta erdian ausart eta lotsagabe jo zuen erasoa, eta indarrak hustuta zegoen Koen Bouwmani (Lotto Jumbo) ziztu bizian hartu zion aurrea. Pedal kolpe bizia erakutsiz gailendu zen Giroko gazterik onena.

Sailkapen nagusiko aurrealdean dauden txirrindularien artean ez zen alderik izan atzoko etapan. Denak zazpi segundora helmugaratu ziren; tartean, Pello Bilbao (Astana), lehen euskal herritarra. Simon Yatesek (Mitchelton) segitzen du elastiko arrosarekin, gaurko etaparen zain.

Eguneko ihesaldia zazpi txirrindularik osatu zuten: Davide Villellak (Astana), Tosh Van der Sandek (Lotto Soudal), Matteo Montagutik (AG2R), Rodolfo Torresek (Androni), Matej Mohoricek (Bahrain), Jan Polancek (UAE) eta Bouwmanek,

Ihesaldiari aurrera egiteko baimena eman zion tropelak. 30 kilometro falta zirenean, lau minutu eta erdi inguruko errenta zuen. Baina euria gogotik botatzen hasi zuen, eta horrek suspertu egintropela. Michleltonekin batera, FDJ eta Katusha lanean hasi ziren. Segundoak bizkor galduz joan zen zazpikoa.

Montevergine igotzen hastean, 17 kilometro falta zirenean, 2.27ko errenta zuten. Azken bi kilometroetan Bouwman zihoan aurretik, lan nekaezina eginda, eta oso gertu Montaguti. Etapa ia osoa ihes eginda, merezi zuten garaipena. Baina Carapazen erasoa iritsi zen orduan. Gaur etapa menditsua izango da, Apeninoetan. Gran Sasson amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.