Lehen lerroa sortzaile berrientzat

Berrehun kultur ekitaldi eta 439 nobedade izango ditu abenduaren 5etik 9ra egingo den 53. Durangoko Azokak. Abenduaren 6an jakinaraziko dute lehen Sormen beka nork jasoko duen
Durangoko Azokaren antolatzaileak, atzo, Landako gunean.
Durangoko Azokaren antolatzaileak, atzo, Landako gunean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko azaroak 21
Handi dirudi Durangoko Landako guneak bere hustasunean, baina txiki geratuko zaio 4.273,91 metro koadroko azalera laster. «Orain hutsik dagoen espazio hau sormenez eta kulturaz beteko dugu». Oihartzun egin zuten Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariaren hitzek, atzo, hutsik zegoen pabiloian. Muntatze lanetan dabilen makina hara eta hona zebilela aurkeztu zuten 53. Durangoko Azokaren egitaraua, eta, ohi bezala, famili argazkia ere atera zuten Gerediaga elkartekoek eta azoka osatzen duten zortzi guneetako ordezkariek. «Azoka bizitzeko era asko dago. Batzuk sortuz eta besteak hartuz; izan kantu, poema, nobela, edo ilustrazio... sormenez beteko da Durango. Bertan aurkitu, ikusi, entzun, ukitu eta sentituko ditugu azken asteetan aurkeztutako diskoak eta liburuak». Eman du kopuru zehatza ere: zehazki, 439 nobedade izango dira abenduaren 5etik 9ra egingo den 53. Durangoko Azokan. Orotara, 247 erakusmahai bilduko ditu Landako guneak, eta berrehun kultur ekitaldi inguru izango dira. Bi aste besterik ez da falta.

Aberatsa izango da aurtengo Durangoko Azoka. Behin eta berriz azpimarratu du hori Mujikak, eta hala azaltzen du 53. aldirako aukeratu duten leloak ere: DA! asko dira. «Azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren isla izango da: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta bestelako 23 lan berri izango dira. Autoekoizleen plaza ere izango dugu bosgarren urtez: 17 lan izango dira». Iazko aurrekontu antzekoa izango du Durangoko Azokak aurtengoan: 659.912 eurokoa izango da. Ekitaldiak kultur industrian eta inguruko ekonomian duen inpaktua nabarmendu du Mujikak. «Euskal kulturaren transmisioari eta zabalkundeari dagokionez, batetik; eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari eragiten diona».

Bestalde, etzi abiatuko den Euskaraldia dinamikan parte hartzeko deia egin du Gerediagako lehendakariak Landako gunetik. «Durangoko Azoka ere leku aproposa da hizkuntza ohiturak aldatzeko, baina baita kontsumo ohiturak eraldatzeko ere, euskarazko euskal produktuak kontsumitzeko plaza eskaintzen baitu».

SORTZAILE BERRIEI BEGIRA

Sortzaile berriei begira jarri da Durangoko Azoka, eta, bide horretan, Sormen beka da aurtengoak dakarren nobedadeetako bat. Abenduaren 6an jakinaraziko dute nori emango dioten. Euskal kulturari egindako ekarpena saritu izan du Gerediaga elkarteak orain arte, Argizaiola sariaren bitartez. Iaz, baina, planteamendua irauli, iraganeko ibilbideak saritzeari utzi, eta iragarri zuten etorkizunekoei laguntzen hasiko zirela. Literatura da aurtengo Sormen bekaren gaia, eta 28 lan aurkeztu dituztela azaldu du Mujikak. «Oso pozik gaude deialdiak izan duen harrerarekin eta jasotako lan kopuru zein kalitatearekin». Egitasmo sarituak datorren urteko azokan aurkeztuko du bere lana. «Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen lagunduko dugu, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte».

AURRESTREINALDIAK

Euskal zinemagintzaren egoeraren isla da Irudieneak prestatu duen egitaraua; indartuta baitator aurtengoan. Urtero bezala, Durangoko Zugaza zineman kokatuko da, eta, egunero, 11:00etatik 21:00etara bitarte izango da zabalik. Hartu-emanerako eremua izango dela azpimarratu du Johana Olabarria guneko arduradunak. «Sortzaileak, aktoreak eta zuzendariak bertan izango dira gerturatuko diren herritarrekin solasaldia egiteko».

Orain arte ikusi ez diren filmak erakutsiko dituzte Irudienean: Telmo Esnalen Dantza dokumentalean oinarrituta ondu duten dokumental sailaren lehen atala eta Koldo Almandozen Oreina ardatz hartuta landu dituzten hiru film labur, kasurako. Horrez gain, hiru lanen aurrestreinaldiak ere iragarri dituzte: Fernando Bernuesek zuzendutako Soinujolearen semea, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Oier Aranzabalek ekoitzitako Margolaria. Azoka egunetan zehar, gunean bertan banatuko dituzten gonbidapenak eskuratzea beharrezkoa izango da emanaldietara sartzeko.

Urte osoan aurkeztu diren beste hainbat lan ikusteko aukera ere izango da. «Azken urteetan ikusi dugu euskal zinemagintzan nolako lanak aurkeztu diren. Irudieneak aniztasun hori irudikatu nahi du». Gure Oroitzapenak film kolektiboa, Paul Urkijok zuzendutako Errementari eta Josu Martinezen Jainkoak ez dit Barkatzen filma, besteak beste.

MUSIKAREN DURANGO

Ahotsenean parte hartzeko ehun eskaeratik gora jaso dituzte gunearen bere 11. urtemugan. «Oraindik ere ari gara jasotzen». Unai Pelayo Ahotseneko arduradunak azaldu duenez, orotara, 70 kontzertu programatu dituzte. «Zuzenekoetan, talde hasi berriak, ibilbide luzekoak eta erretiratutako talderen bat ere egongo da». Horrez gain, 42 solasaldi ere izango dira gune horretan. Batez ere euskal idazleen azken lanak gertutik ezagutzeko aukera izango dela azaldu du Pelayok.

Ahotsenea ez da izango, ordea, kontzertuak bilduko dituen gune bakarra. Plateruena antzokian formatu handiko bost emanaldi izango dira: Huntza taldea izango da oholtzara igotzen lehena, abenduaren 5ean; 6an, Esne Beltzak eskainiko du kontzertua; hilaren 7an, Modus Operandi talde berriak bere lana aurkeztuko du; abenduaren 8an, larunbatean, Anestesiaren emanaldia izango da; eta Olatz San Salvador abeslariak itxiko du kontzertuen zikloa.

Hautsi Bolumena saio berriaren berri eman du Ihintza Orbegozo Plateruenako arduradunak. «Azoka Telebistarekin elkarlanean, saioa egingo dugu eguerdi guztietan. Talde eta musikariekin elkarrizketak eta zuzeneko saio txikiak eskainiko ditugu». Aurtengoan, ibiltaria izango da Azoka TB, eta azokako gune guztietan gertatzen dena jasotzea izango du helburu, Oihane Agirre arduradunaren hitzetan.

EGONKORTUTAKO GUNEA

«Espazioa partekatzetik proiektua partekatzera pasatu gara». Antzerkia eta dantza dira Szenatokia gunearen esparrua, eta egonkortuta dagoen egitaraua eskaintzen dute urtez urte San Agustin aretoan, Arantza Arrazola arduradunaren arabera. Egun bakoitzean emanaldi bat egongo da aurtengoan. Hika antzerki taldeak Txarriboda kabareta eskainiko du abenduaren 6an, eta dantzak hartuko du gunea 7an: Gasteizko Larrua proiektuaren Baserri pieza erakutsiko du. Hiru ikuskizun labur eskainiko dituzte 8an: Atx teatroaren Tomiris, Amancay Gaztañagak zuzendutako Agur eta dolore obra eta Anodino teatroaren Schrodinger-en katua. Benetan Be antzerki taldearen Inondik Inora piezarekin itxiko dute azoka, abenduaren 9an.

IPUIN KONTALARI MARATOIA

Transmisioa da Saguganbara gunearen ardatz nagusia: haur eta gazteengan jartzen du arreta espazioak, eta aurtengoan ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte; sormen tailerrak eta musika ikuskizunak, tartean. Aurten, baina, berrikuntzekin dator gunea, Itsaso Gangoiti guneko koordinatzaileak azaldu duenez. «Ahozkotasunari garrantzia eta balioa eman nahi diogu, eta azken egunean, igandean, ipuin kontalarien maratoia egingo dugu».

Kokalekua aldatuko du Kabi@ guneak aurten; Landako gunetik kanpoko espazio batean izan da orain arte, eta Azoka gunera sartuko da aurten. Gorka Julio arduradunak azaldu duenez, askotariko egitaraua prestatu dute 53. aldirako. Abenduaren 5ean, ikasleen egunean, programazioa irakasteko Jolasmatika mahai jokoarekin jardungo dira. Wikipediaren egitasmoa ezagutarazteko tailerra egingo dute 7an, eta komunikazioaren esparruari lotutako proiektuak aurkeztuko dituzte 9an: Itsulapikoa.eus eta Izarkom telekomunikazio kooperatiba, kasurako. Azken egunean, Uztaritz Beteluren erakusketa jarriko dute.

HAUSNARKETARAKO GUNEA

Areto Nagusian, Gogoetaren Plaza kokatu dute aurten ere, eta hausnarketarako hainbat ekitaldi egingo dituzte eguerdi zein arratsaldeetan. Abenduaren 6an, adibidez, 68tik mende erdira solasaldian parte hartuko dute Ismael Manterola EHUko irakasle eta arte kritikariak eta Mariasun Landa eta Belen Oronoz idazleak; hirurak ere Lander Arretxea kazetariak gidatuta. Abenduaren 7an, sormena eta gurasotasuna hizpide hartuta, mahai ingurua egingo dute Dani Fano ilustratzaileak, Birkit musikariak eta Katixa Agirre eta Lander Garro idazleek; Josu Goiko idazleak hartuko du gidari lana. Kulturaren transmisioa ere izango dute mintzagai, abenduaren 8an: Iratxe Retolaza EHUko irakasle eta literatura ikertzailea, Maria Rivero abeslaria, Pello Ulazia artista eta Mikel Artola bertsolaria jardungo dira solasean, eta Kattalin Miner arituko da moderatzaile lanetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna