Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Berrikeriak

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Berritasunak liluratu egiten gaitu. Tendentzia apurtzaileen etorrerak, oraindik ezagutzeko dugun horrek edo opari ireki berriaren usaina duen orok. Nobedadea bada, badu gure arreta: onerako edo txarrerako. Ala, agian, bazuen gure arreta, esan beharko genuke? Beharbada ez da izango hogeita hamarrak betetzearen sintoma besterik —beste bat—, baina ezezkoan nago: sakelakoak une oro jakinarazpen berri batekin arrantzatzen gaituen honetan, etengabeko estimuluen jonkiak garen garaian, ez dago ezer nekagarriagorik aktualitatearen eta abangoardien erritmoei jarraitzea baino. Dena une oro berritzen eta zahartzen bada, sakelakoa bi egunez itzaltzea nahikoa bada atzean geratzeko, nola bizi daiteke bat lasai? «Azken orduko» zera guztien gaindosiak agortu gaitu, baita telebistari edo sareko bideoei dagokienez ere.

Ez da nire asmakizuna. Plataformen eduki ikusienen zerrendetan joera horren zantzuak daude. Friends, Aquí no hay quien viva edo Lost-en gisako klasikoetara jotzen dugu, antza, gero eta gehiago; aurpegi, istorio eta egitura ezagunen bila. Saio berriak sortzean, aldiz, identifikagarria den aktorea bilakatzen da ikuslearen helduleku nagusi. Ikusi, bestela, Intimidad saioa: Itziar Ituñok gorpuzten duen Malen Zubiri protagonistak eta La Casa de Papel-eko Lisboak ezaugarri komun asko dituzte. Beste adibide bat: Ibai Llanosek boxeo lehiak antolatu eta Twitcheko marka guztiak hautsi ditu, bai; baina bertan lehiatu da 2000. urtera bueltan garamatzan David Bustamante.

Testuinguru horretan jaso dugu Euskal Telebistak aurten eman duen albiste deigarriena. Mihiluze lehiaketa saioa irailean itzuliko da, formatua gaurkotuta. 2013ra arte izan zen parrillan, eta geroztik egin diren saiakerek ez dute saioaren lekua —ez datuetan, ez babes mailan— bereganatzea lortu. Neurri batean, arrakasta handia izan duten Egunean Behin, Berbaxerka eta gisako jolasen aurrekaria da. Berritasunak nekatuta gaudela dioen hipotesia onartzen didazuenek albiste pozgarritzat joko duzue. Apustu apurtzaileak bezainbeste, identifikagarriak diren eta gure sentituko ditugun formatuak behar ditugu. Tarte jostari eta atsegin bat eskain dezaketenak, aleka ere ikus daitezkeenak, aterako gaituztenak azken ordukoaren zurrunbilo itogarritik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.