HIRUDIA

Bir-zentratuz

Xirazko Hafez, XIV. mendeko poeta pertsiarra.
Xirazko Hafez, XIV. mendeko poeta pertsiarra. Z / EZEZAGUNA

Katixa Dolhare-Zaldunbide - Idazlea

2015eko azaroak 26
Joan den azaroaren 13an Parisen gertatu sarraskiaren ondorioz, frantses hiritar guziok gonbidatuak izan gara gure usaiako eginkizunak Errepublika frantsesaren oinarrizko baloreen arabera bir-zentratzera, berretsiz gure atxikimendua askatasun eta elkartasun printzipioei. Bizkitartean, gomendio beharrik ez da holako kasuetan, eta jendetasunak agintariek baino zintzoki eta lasterrago du jendea demokraziaren osasuna eta elkar-bizitzaren erronka galdezkatzera bultzatu.

Eta zer egin dezake gaitzari begira literatura erresistentzia gotorlekutzat daukan irakurleak, ez bada literaturan bir-zentratu? Xede horren asmoz, gure egongelako sofan jarri naiz aste honetan, etxearen erdian dugun supazter goxoaren aitzinean, eta egoera horren kontzientziak oroitarazi zidan hain zuzen literatura arabiar-pertsiarrean «divan» hitzak duela irudikatzen delako gogoeta zentro eroso bat. Alabaina, turkiar, arabiar eta pertsiarren historian, «divan» deitzen da egitura administratibo eta politiko bat, hau da sultan edo erregearekin batean biltzen den kontseilu erabakitzailea. «Divan» deitzen da biltzar horiek antolatzen diren gela bera ere, burukitez hornitua. Baina batez ere «divan» bat da, arabiar-pertsiar munduan, poeta baten obran zentratzen den olerki antologia, «ghazal» azpizatiz osatua.

Horietan, XIV. mendeko Xirazko Hafezen Divan bilduma monumentu harrigarria da: biltzen ditu aitzinagoko testu pertsiar aipagarrien itzala, horiek idazlearengan eragin gogoeta sakonak, garai hartako gizartearen irudi zehatza, hausnarketa moral eta espiritualak maitasunari eta orokorrean giza harremanei buruz, aholku praktikoak, poesiaren nondik-norakoaz pentsaketak, azken finean arte poetiko osoa osatuz. Hots, funtsezko obra bir-zentratzailea dugu hor, etsipenari aurre egiteko armatzat har ditzakegun horietakoa.

«Harroputzari ez sala maitasuna eta horditzearen sekretuak, / hil dadila jakingabezian, bere buruaren kultu oinazegarrian! […] / Zure bertute eta arrazoimendua begiratuko dituzuno, jakitaterik gabe geratuko zara / Erran diezazudala egia bat: ez beha zure buruari eta salbatua izanen zara! […] / Maitalearen atarian, ez pentsa zeruari, / eror zintezke handitasunaren tontorretik apalkeriaren zolara […] / Nola egon bazter, bakearen kantoinean, / zure idurikoak horditzearen sekretuak salatzen dizkigunean? […] / Erakatsiko dizut zorionaren alximia: / bereizi, bereizi lagun txarrarengandik! / Hafez, ez arrangura Denboraren zapalketaz. / Zer dakizu, zerbitzari, egitasmo dibinoaz?».

Zer gerta ere bizitza den bezala maitatzera bultzatzen gaituen obra miresgarri hori zuen oinarritzat hartu Goethe idazle ezagunak XIX. mendean, Divan deitu poema bilduman. Hark ere maitasunean eta gozamenean mozkortzera deitzen gaitu, bai eta akuilatzen jendetasunaren alde ihardokitzera ere. Paradisuaren liburua deitzen den liburuaren azken zatian, hauxe dio poetak, zeruaren atea zabaltzen dion birjinari:

«Utz nazazu sartzera: / Gizona izan naizelako, / Erran nahi baitu borrokatzailea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna