Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

lanbide bitxia

2014ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
benetan, bere kaieran egunak eta gauak, emozioak eta gertakariak jasotzen dituenarena», esan zidan adiskideak, Xuan Bello idazle asturiarraren definizioa berrituz. «Gezurra lehengai duenarena», gaineratu nion, izan ere lanbide bitxia baita, eta zahar bezain ederra, hitzak eta historiak harilkatuz, fikzioa modelatuz eta zizelkatuz, egia aditzera eman nahi duenarena, gezurrezko mundu bat kasik metaforaren kategoriara jaso nahi lukeenarena.

Adiskidea, hitzik gabe zerbait nabarmendu nahi duenean egin ohi didan bezala, begiak begietan geratu zitzaidan. Laster ohartu nintzen biok elkarrekin ikusitako El secreto de sus ojos film argentinarraz ari zela, hark eragin zigun hunkidura sakonaz, zirraraz. «Gogoratzen al duzu futbol zelaiko eszenaren making-of harrigarria (www.youtube.com/ watch?v=OBeYm2aPKCw)?», galdegin zidan, «guk jendetza ikusten genuen, eta tribunetan ikusle sail ttiki bat baino egon ez; hiltzaileak jauzi egin ondoko oinazea sentitzen genuen guk, baina ezkutuko soka ikusi ez…». Egia esatera, begiak arranpalo geratu ginen filmazioaren erradiografia harekin, baina historia sinesgarria gertatu zitzaigun eta, batik bat, liluragarria, asaldagarria.

Alabaina, bion ala bion ustetan, historiako filmik faltsuena eta, halarik ere eta horrekin batera, karismatikoena, zinematografikoena eta arrakastatsuena Casablanca zen. Eta da. Jack Warner-ek Everybody comes to Rick's antzezlanaren eskubideak erosi zituenerako, gidoia birritan izan zen errefusatua; geroago, gutxienez lau gidoilarik modelatu eta moldatu behar izan zuten —hala bada, norentzat izan zen jasotako gidoiaren Oscar saria?; eta, arrakastaren ostean ere, norbaitek gidoiaren antzeko sinopsi bat prestatu, eta berriro bota zuten atzera—; George Raft-ek aktore nagusiaren rolari uko egiteak areagotu egin zuen Bogart-en ordezkoaren sentipen mingotsa; sarritan, gauez, ez Michael Curtiz zuzendariak ez aktoreek ezin jakin biharamunean zer grabatu behar zuten, Ingrid Bergman-ek nori erakutsi behar zion amodioa… Eta, guztiarekin, ziri, inprobisazio eta kasualitate metaketa hark loria ukitu zuen, gezur azkengabe hark gure bihotzak hunkitu zituen. «Esan, esan, 'Jo ezak berriro, Sam' bere horretan ez da behin ere esaten eta pianistak ez zekien pianoa jotzen…», amaitu zuen adiskideak maleziatsu.

Adiskideak besotik tinkoago heldu zidalarik, nik, hitz beste egin, eta esan nion: «Egia eta Gezurra izeneko sorgin ipuin bat grabatu nion behin —O tempora, o mores…— Mariano Ibarra sunbildarrari, eta gero, ipuin horrexen Bizkaia aldeko moldaketa irakurri nuen Azkuerenean: Petralandako batzar bi edo hiru. Ipuin berbera da, baina batez ere Arratian erabili ohi duten ipuin amaierako formula gustatzen zait niri: 'Egia ala gezurra, begi bien artean sudurra'». Barreka barneratu ginen parkeko berdamenean, eta adiskideak ipuina kontatzeko eskatu zidan: «Kontatu, otoi eta please, kontatu zure istorioa, zure gezurregia!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.