Kale katua da Viviani

Giroko lehen esprinta hautsia eta anarkikoa izan da, eta italiarra nagusitu da Tel Aviven. Rohan Dennis da lider berria, gainsariei esker

Kale katua da Viviani.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Kale katua da Elia Viviani (Quick Step). Esprinter bizia da, baina azti eta trebea ere bai. Hala erakutsi zuen atzo Tel Aviveko kantoi eta bihurguneetan barrena. Etapako azken bost kilometroetan bost bihurgune itxi zeuden, azkenekoa helmugatik 800 metrora, eta hainbeste oztoporekin ezinezkoa zen taldeek esprinta bideratzea. Esprinterren arteko buruz buruko lehia izan zen amaierakoa, eta hor, Viviani izan zen nagusi. Italiarra, baina, ez zen izan eguneko irabazle bakarra, Rohan Dennisek (BMC), tarteko helmugako gainsaria lortu, eta elastiko arrosa jantzi zuelako. Sinbolikoa da, baina sari polita da.

Italiako Giroko bigarren etapak kontraste handiak izan zituen. Kilometro asko autobide zabal eta etsigarrietan egin ondoren, azken bostek Scalextric zirkuitu bat ziruditen Tel Aviveko kale oso estuetan barrena. Jakina zen esprintean bukatuko zela, eta, hala ere, esprinterren taldeek ezin izan zuten kontrolatu. Azken 800 metroetako zuzengunera arte anarkia izan zen nagusi, eta tropela hautsita iritsi zen.

Elia Viviani ez zen tropel aurrean agertu helmugarako kilometro eta erdi falta zen arte. Teorian bera da Giroko esprinter indartsuena, eta itzalean mantendu zen. Azken zuzengunean ere tropeleko zortzigarren tokian sartu zen, eta bideratzailerik gabe. Baina behar ere ez. Lehenbizi Sam Benneten (Bora) gurpilera itsatsi zen, eta gero Jakub Mareczkorena (Wilier). Azken horrek eraso indartsua jo, eta ziztu bizian hasi zuen esprinta, baina Viviani erraz itsatsi zitzaion, eta nagusitasunez pasatu zuen azken metroetan. Bi bideratzaile inprobisatuak bere atzetik helmugaratu ziren. Aurten lortu duen zazpigarren garaipena da, eta Quick Stepen 28.a

Esprinta etaparen gidoi logikoan agertzen zen, baita ihesaldi kamikazea ere. Tira, bi izan ziren.Lehenbizi Lars Ytting Bakek (Lotto), Guillaume Boivinek (Israel) eta Davide Ballerinik (Androni) egin zuten ihes, baina BMC taldeak ehiza lanak bideratu zituen. Ondo neurtu eta kalkulatua zuten non zen tarteko helmuga, Tel Avivetik 61 kilometrora, eta Rohan Dennis igaro zen lehenbizi. Horri esker, hiru segundo urratu zituen, eta elastiko arrosa janzteko eskubidea lortu. Tom Dumoulinek eta Sunweb taldeak ez zuten lan handirik hura babesten. Elastiko arrosa eramateak protokolo asko dakartza harekin batera, eta bazirudien Dumoulinek ez zuela arazorik haiei muzin egiteko. Esprintaren ondoren beste ihesaldi bat egon zen, Boivin berriz ere, eta helmugarako hamabi kilometro falta zirela irentsi zuen tropelak.

Gaur hirugarren etapa jokatuko da, Israelgo hirugarrena, Be'er Xeva eta Eliaten inguruan. 229 kilometroko maratoia izango da, eta, ondo bidean, esprintean bukatuko da. Ibilbidean haize leku asko daude. Etzi atseden eguna izango da, Italiara arteko 2.000 kilometroko lekualdatzea egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.