HIRUDIA

'Eppur si muove'

Txema Arinas - Idazlea

2016ko azaroak 10
Eppur si muove bota omen zuen Galileo Galileik Inkisizioaren epaitegiaren aurrean bere munduari buruzko teoria heliozentrikoa ukatu orduko. Badirudi Fernando Aranburu donostiar idazleak antzerako zerbait egin zuela aspaldi Guadalajarako Liburu Azoka entzutetsuan, prentsa-aurrean, euskarazko idazleen kontrako honako hau adierazi eta gero: «Euskal idazleak diru-laguntzen mendean bizi eta ez dira libre ETAren kontra hitz egiteko». Izan ere, Aranbururen adierazpenek hautsak dezente harrotu zituzten, euskarazko idazle guztiak lapiko berean sartu baitzituen euskaraz ez dakien eta aspalditik Alemanian erbesteratua bizi den idazleak. Hortaz, Euskal Idazleen Elkartera gutun bat bidali zuen haren hitzak nolabait zuritu nahian edo, hau da, ohiko aitzakiekin batera, «kazetariek lardaskatu zituzten nire hitzak», barkazio moduko zenbait zuzenketa eta baita zuzendu nahi ez zuena berriro azaltzeko hainbat argudio ere: «Badago nire liburutegian euskarazko idazleek idatzitako nobela ugariz betetako apal bat (ETAren) arazoa erruz jorratzen dutenak, horietako zenbait euren egileek adiskidetasunez sinatutakoak. Halere, badaude ere beste batzuk terrorismoaren gaia saiheska, aitzaki-maitzaki edo oin-puntetan ukitzen dutenak, inor ez asaldatzearren edo». Jakina, gutunaren bukaera aldera Aranburuk ETAren gaiari berak bezain gordin eta adoretsu ekindako euskal idazlerik ez zegoela gogoratzen zigun ageriko gogo txarrez barkatzeko eskatu aurretik: «Aitortu beharrean nago aurreko astean okertu nintzela, damu naiz».

Hala eta guztiz, eta hasieran esan bezala, Fernando Aranburuk Eppur si muove bat egin du bere azken nobelan: «Haurrentzat idatzi bitartean, bakean utziko zaituzte. Baina, kontuz hi, motel, herriko gauzak idazbidera ekartzekotan. Nagusiendako idatzi gura baldin baduzu, koka itzazu zure istorioak Euskaditik urrun. Afrikan edo Amerikan, beste batzuek egin ohi duten bezala» (Patria, 259 orrialdea). Ezin argiago Aranburuk beste behin ere adierazi nahi duena, hau da, Guadalajaran bertan esandakoa; eppur....

Nola da posible, zergatik? Nik, Galileoren modura, badut teoria bat. Aranburuk folletoi bat idatzi nahi zuen ETAren terrorismoaren inguruan; egia borobilak, gordinak, krudelak erabiliz, noski, baina baita topikoz zein egia ustelez ere osatutako folletoi erraldoi bat. Gauzak horrela, euskarazko idazleak, berriz orokortuz, ETAren aurrean koldar hutsak edo konplizeak izan direla idaztea premiazkoa zitzaiolakoan nago, hau da, gogoan zuen ozta-ozta zuri-beltzeko erretratua egite aldera. Egia esan, folletoi bat idazten duzunean helburu bakarra edo nagusia irakurleak hunkitzea omen da. Horretarako istorioak irakurlea harrapatu behar du halabeharrez. Hortaz, ezin duzu gogoeta sakon edo zintzo handirik egin, asperrarazteko arriskua baituzu. Folletoian idazkerak ezer baino lehen efektiboa izan behar du, ez besterik.

Fernando Aranburuk ETAren terrorismoaren inguruko nobela errusiarra idatzi nahi izan duela aitortu du, Lev Tolstoiren Guda eta Bakea-ren antzera. Eta baliteke haren helburua lortu izana, bai, gaurdaino jasotako kritika ia guztiak itzelezko onak baitira. Laster sari parrastada bat jasoko du, alafede. Izan ere, Tolstoik bere garaiko Errusiako gizartearekin egin bezala, Aranburuk euskal gizartearen iragan hurbilari buruzko nobela erabatekoa idatzi duela diote. ETAri buruzko folletoi handia non aldez aurretik zekizkiten edo sumatzen zituzten egia eta ez-egia guztiak sartzen diren. Egia esanda, Patria erdal irakurlegoak aspalditik esperoan zuen nobela erabatekoa, behin betikoa, dela uste dut, beharbada erdal irakurle gehienek, Aranbururen antzera, Aritz Gorrotxategi, Mikel Hernandez Abaitua, Felipe Juaristi, Anjel Lertxundi, Jokin Muñoz, Juanjo Olasagarre eta euskarazko beste hainbat idazleren lanak ezezagun dituztelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna