Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

Bi aldiz hobea

2017ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Dantzarekin dago erabat lotua Zadie Smith idazle ingelesaren azken eleberria. Begira, bestela, izenburua: Swing Time; begira, bestela, liburuaren hasierako idazpurua: erritmoa nola aldatu, halaxe aldatu dantza (Hausa herriko esaera). Ez hori bakarrik: izenik gabeko narratzaileak, haurtzaroan, balleteko eskolan ezagutzen du Tracey lagun mina, eta, helduaroan, berriz, Aimee musika-izar eta dantzariari (halako Madonna bat) eskaintzen dizkio bere lanorduak eta kezkak.

Eleberritik kanpo ere jorratu du gaia autoreak. 2016ko urriaren 29an artikulu bat argitaratu zuen The Guardian egunkarian, What Beyoncé Taught Me (Beyoncék irakatsi zidana), eta bertan adierazi Martha Graham koreografialariaren biografian irakurri zuela sekula aditu duen idazketa-aholku sendoenetako bat. Bai, Smithek badaki, harrigarria gerta daiteke: zer ikas dezake bada hitzaren arteak hitzik behar ez duen artetik? Bada, hamaika gauza erritmoaz, jarreraz eta estiloaz.

Hainbat dantzariren dantzak konparatzen ditu Smithek. Binaka. Aztertzen du nola heltzen dioten batak eta besteak dantzari, eta haien antzeko erritmoan idazten duten autoreak ekartzen festara. Adibidez: Fred Astaire (dantzari aristokrata, mugimendurik zailenak ere dotore egiten dituena, horretarako esfortzurik behar ez balitz bezala, lurzoruaren gainetik flotatzen duena, nolabait) vs Gene Kelly (dantzari proletarioa, agerian uzten duena egiten duen mugimendu bakoitzaren lana, zama, izerdia; lur puska jakin bati beti kateatua dagoena, kale-kantoi bati). Idazleetara etorrita, Nabokov litzateke aristokrata, hizkuntza hertsiki literario eta poetikoaren zaindari zorrotza, eta Beckett, berriz, proletarioa, ahalik eta gehien hurbildu nahi duena jendeak benetan hitz egiten duen modura, ahozkora.

Materialaren aldetik merkeak direla: hara hor, Smithen arabera, dantzaren eta idazketaren arteko beste antzekotasun bat. Aski baitira lau txanpon, Virginia Woolfek esan zuenez, Shakespeare-ren antzezlan guztiak idazteko adina paper erosteko (Audre Lordek, 1980an, beste buelta bat eman zion Woolfen esaldiari: eleberriak idazteko denbora ere behar da erruz, paper eta boligrafoaz edo ordenagailuaz gainera, emakume langile eta beltzek horregatik jo dute sarri poesiara). Dantza egiteko, berriz, gorputza da premiazko, eta ez besterik (Esther Ferrer artistak bere gorputza aski zaion performance soilak ditu maiteen). Halaxe, familia pobreen seme-alaba dira dantzari bikain asko. Dantzari beltzen kasuan, dio Smithek, arraza ordezkatzeko presioaren zama daramate dantzariek (idazleek) gainera sorbaldetan.

Harold eta Fayard Nicholas anaiek, adibidez. Biak ekinean ikusi eta berehala ei zetorkion Smithi gogora hamaikak aditu duten aholku gurasotiarra: izan besteak (zuriak) baino bi aldiz hobea, izan ukaezina. Halakoak ziren Nicholastarrak, agerikoak, beste inor baino batek daki zenbat aldiz hobeak; onenak. Eta, hala ere, AEBetako hegoaldeko milaka ikus-entzulek ez zituzten sekula ikusi, izan ere, haiek agertzen ziren filmetako pusketak nahita grabatzen ziren halako gisan, ezen ez baitziren ezinbestekoak filmaren hariari jarraitzeko, eta, ondorioz, biak dantzan agertzen ziren eszena guztiak motz zitezkeen, aretoaren arabera.

Bi-biak bikainak bai, baina aldea ikusten du Smithek hala ere bien artean: Fayard guztiz dago egokitasunarekin kezkatua, beltzak ordezkatzeko lan ezinezko eta zapaltzaile horrekin; Nicholas, ordea, egoki ez ezik gozamenez dabil dantzan.

Londres ipar-mendebaldeko Willesden auzo langilean jaio zen Smith, babes ofizialeko etxeetan hazi, eta Cambridgen ikasi zuen: hari ere ondo baino hobeto iltzatu zioten gogoan besteak baino bi aldiz hobea izateko behar hura. Hitzaldi batean azaldu zuen unibertsitatean ikasi zuela orain ahotan zerabilen ingelesa, haurtzaroan beste bat zelako berea, auzokoa, eta jakintzaren tenplura iritsita, sinetsi zuelako txikitako hark ez zuela balio ikasgela jantzietan aritzeko. Garai batean, gai izan omen zen elebidun izateko, kalekoa eta liburuetakoa aise uztartzeko, non han, non hemen, baina galdu egin zuela trebezia gero, eta ez zitzaiola geratu Cambridgeko ingeles findua baino (erreginarena).

Damu zaio Smithi galera. Argi dauka orain, aukeratu behar izatekotan, nahiago lukeela gozamena egokitasuna baino. Norbere izerdiaren gozoa, besteren balizko txaloak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.