Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Udarako liburuak

2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Uda hasieran ezin konta ahalako dira liburuen gomendioak: hiri kondairatik asko duen tradizioaren arabera, jendeak udan gehiago irakurtzen du (edo irakurtzen du, besterik gabe). Beraz, liburutegiek, egunkari-aldizkariek eta erakundeek udan irakurtzeko liburuen zerrendak plazaratzen dituzte irizpide udatiarrei jarraiki: arina izan behar du irakurgaiak, freskoa eta irensteko erraza, gutxi gorabehera udako janari-edari kontuetarako ematen diren aholku berberak. Liburuak zein irakurketa sustatzeko kanpainak direla-eta oso baikorra ez naizen arren, ondo deritzot horrelako ekimenak saiatzeari, azken finean, ezertarako balio ez duten gauza asko maite ditut. Hondartzan edo igerileku ondoko etzaulki batean, liburu abandonatu erdi ireki, erdi kiskali bat da, nire ustez, oso irudi poetiko indartsua. Liburu hori, gehienetan, best-seller lodikote bat izateak ez du garrantzirik, urtean zehar ezer gutxi irakurtzen duen jendeak, janari-edari kontuetan bezala, ez dielako jaramon handirik egiten hobe beharrezko gomendio horiei eta kilo pare bat gehiagorekin bueltatzen da oporraldietatik. Urtean zehar liburuak irakurtzen dituen jendeak, bestalde, ez du aholkurik behar, irakurri gabeko liburu erosi pilatuekin nahikoa duelako uda pare bat, gutxienez, pasatzeko.

Uda hasieran liburu gomendatuen jolasa dugun bitartean, ez dut ulertzen zergatik ez dugun, uda bukaeran, liburu irakurrien jolasa: irakurleak bideren bat izan beharko luke eskura gomendatutako liburu irakurrien gainean iritzia eman ahal izateko, zerbait irakurri badu behintzat; horrela, hurrengo urtean udarako liburuak gomendatu behar dituztenek laguntza izango lukete. Denbora azkar doa, baina, eta orain udazkenean kezka bestelakoa da: zeinek zer aterako Durangorako, zeinek zer aurkeztuko. Beste liburu zerrenda dugu aurretik.

Ez didate niri inoiz ofizialki eskatu udarako liburu gomendiorik (ea horrela segitzeko aukera dudan); lagunek edo ezagunek soilik egin ohi didate galdera eta zer erantzunik ez gelditzen naiz ia beti, atakatik ateratzeko baliabide tranpatiak ditudan arren. Izan ere, nik udan liburu erosi pilatuetatik ateratzen dut irakurgaia eta, batez ere, nire literatur perbertsioetatik. Lehendabizikoa: aitortu behar dut unibertsitatea utzi nuenetik literatur kritika dela nire irakurketen iturri nagusietako bat udarako. Ez dago azterketarik, beraz, ez dut zertan oharrik hartu behar, ez dut zertan mahairik erabili behar eta hondartzan edo igerilekuan begiratzeko asko dagoenez (zeruaren urdin aldakorrak, hodei are aldakorragoak, olatuen erritmoa, edalontzian apurka sortzen diren tantatxoak eta abar), gogoa aske irristatzen da kontzeptuen artean orrialderen baten goiko punta noizbehinka tolestatuz berrirakurketa balizkoa prestatzeko. Vicente Luis Mora kritikariak ordu zoriontsuak oparitu dizkit pasa den udan.

Bigarren perbertsioa, askozaz ere inuxenteagoa, XIX. mendeko eleberriei buruzkoa da. Aurtengo udan Tolstoiren Gerra eta bakea egokitu zait eta Andrei Bolkonski printzearekin ametsak izan nituen ia gauero. Eleberria irakurtzen ari nintzen bitartean, konturatu nintzen gaur egun literatur berritasun moduan aurkezten dizkiguten osagai asko Toltsoiren eleberri luzean daudela, hau da, XIX. mendeko eleberri oso ezagun batean, bata bestearen atzetik agertzen zaizkigula XXI. mendeko eleberri berri berritzaile askoren aurkezpenean editoreak edo idazleak berak berritasunei buruz botatakoak. Txoko honetan bertan pasa den asteko Maialen Berasategirena irakurtzean, Deskubrituak deskubritzen, udako sentsazioen oihartzuna itzuli zen nire gogo-gorputzera. Tolstoiren eleberriak fikzioa (istorioak) badu eta badu ez-fikzioa (Historia); pertsonaia fikziozkoek eta pertsonaia historikoek gela berean egiten dute dantza, eta leku berean gerra; fikziozko Bolkonski printzeak Kutuzov jeneral historikoarekin hitz egiten du; eta bat-batean Tolstoik pertsonaia horiek guztiak abandonatzen ditu historiografiaz aritzeko, garaiko historialariak kritikatzeko, Historia egiteko bestelako moduak proposatuz. Aste gutxi barru norbaitek, azken eleberria saltzeko, kontatuko digu fikzioa eta errealitatea nahasi dituela lehendabiziko aldiz unibertso honetan. Hurrengo udan XIX. mendeko zer irakurri hasiko naiz pentsatzen orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.