Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Koloniagasteizlantztolosastuttgart

2016ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Aisha surik gabe geratu zen. Aita Mekara joana zitzaion, erromesaldia egitera, eta neskatila terrazara igo zen su bila. Terrazarik terraza ibili zen, harik eta, urrunean, su lamen argitasuna bistatu zuen arte. Harantza abiatu zen orduan, eta noizbait ere iritsi zelarik, begiak arranpalo geratu zen ogro bat ikustean: asto larruz jantzia, lapiko batean asto okelaren erregosia sukaldatzen ari zen, eta animalia beraren hanka zerabilen. Aishak nola edo hala kemena bildu, eta txingarren bat eskatzera ausartu zen; orduan, ogroak eman, emango ziola esan zion, baldin eta atzamar batean ziztada bat egiten uzten bazion. Eta neskatilak onartu egin baitzuen, ogroak urrezko jostorratz batez zulotxo bat egin, eta odol tanta bat azaleratu zen. Gero, Aishak txingarra su ontzian sartu, eta alde egin zuen. Baina gaztea ez zen ohartu odola zeriola eta etxera bidean arrasto gorria utzi zuela. Biharamunean, odol tantei jarraika, ogroa iritsi da neskarenera, eta galdera egin dio: 'Neskatiko xarmanta, atzo zertan ikusi zenuen zure osaba ogroa?'. Eta neskak, arrapostua egokitu nahian, esan dio: 'Ene! Atzo zaldun segail bat ezagutu nuen, zetazko tunika zuri batez beztitua, okela ezin guriagoa prestatzen ari zen urrezko goilara batez'. Harrezkero, ogroa egunero itzuli zitzaion, eta aldioro antzeko esanarekin harropuztua alde egin zuen. Baina halako batean Aisharen aita ere itzuli zen, eta neskak gertakarien berri eman ziolarik, patioan zulo handi bat prestatu, barruan txingarrak eta ilintiak bildu, eta dena adarrez estali zuten. Eta gau hartan ere ogroa inguratu zen, baina neskatila ohi ez bezala mintzatu zitzaion: 'Zorrizaku ezin itsusiagoa zen, baldarra, asto larruz jantzia, astokoa prestatzen ari zen asto hanka baten laguntzaz'. Eta ogroa, bere onetik aterea, oihuka hasi zitzaion: 'Hireak eta asto beltxarenak nik neuk emango dizkinat, urdanga lotsagabea!', eta jauzi egin baitzuen, su garretan kiskalia geratu zen.

Abdelwahab Boudhiba filosofoak Tunisian edo Grimm anaiek Alemanian jasotako Txano Gorritxo bezalako ipuinek, lehen eta orain, aditzera ematen izan digute kanpoan ez dela giro eta tentuz ibili beharra daukagula parte txarrekoekin, erasotzaileekin, kanpoederrekin… Abisu orokorra da, baina hainbat hedabidetatik esplizituki eta, batik bat, subliminalki iristen zaigun informazioa zehatza da oso: mairuak, etorkinak, errefuxiatuak, zuriak ez besteak… horra gaur egungo ogroak. 'Ut, ut, ut, ibili horiekin tentuz!'. Alabaina, manipulazio interesatu horrekin, kontuz, guk geuk ibili beharra daukagula diosku kazeta honetan ere idazten duen Santiago Alba Ricok —Islamofobia: nosotros, los otros, el miedo—; eta, are kontuzago, zeren ogroa, dragoia, egon, geure baitaren baitan egon baitaiteke. Urteak dira Amin Maaloufek idatzi zuela: «Desbrujulaturik sartu gara mende berri honetan». Idazle libiarra gordina bezain errealista da: «Gertatzen ari diren nahasmendu eta aztoramenekin gizateria aldatu egingo da: akitua, zauritua, traumatizatua gertatuko da». Guztiarekin, badu itxaropen izpirik: «baina agian helduago bilakatuko da, eta kontzienteago izango du denok ala denok ere itsasontzi berean goazela» (Le Dérèglement du monde/El desajuste del mundo).

Dena dela, desenkusarik gabe, Tahar Ben Jellounek arduraz zehazten du, salbuespenak salbuespen, emakumeen egoera mundu musulmanean benetan kontu konpondugabea dela, sexualtasunaren auzia lehentasunen artean kokatu beharra daukatela—Cet islam qui fait peur/El islam que da miedo—. Zer pentsa ematen duen ondorioa da, inondik ere, baina han bezala hemen: geuk ere —gizon askok ere— errealitate ogrotsuari erantzun egokia eman nahi genioke, baina askotan, gehiegitan ezin, eta halakoetan, beldurra letala gerta daitekeelako, Carmen Martin Gaitek zioen bezala, hobe ipuin bat sortu edo kontatu. Chestertonek ere onartzen zuen geure baitako ogroa, baina gaineratzen zuen hain zuzen ere literaturak ematen digula zalduna: Fatima Mernissi zenak Kamar Al-Saman ipuin sendatzailea nabarmentzen zuen —Mila gau eta bat gehiago—; Sarrionandiak, ostera, esne saltzailearena proposatzen zuen zeren, akaberan, neskatila ameslariak atzera egin baitzuen ikazkina astoarekin agertu zitzaionean eta, pitxerra hautsi gabe, azokara onik iritsirik, bere ametsak gauzatzea lortu baitzuen. Ikazkinak, haserre, benetan esne saltzailea ote zen galdegin zion, eta neskatilak arrapostu: 'Bai, jauna, baina ipuina irakurria dut'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.